}

Auto zaharren biltegiak desagertzear

2004/04/21 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Urteetan hainbat bazterretan ikusi ditugun auto zaharren biltegiak desagertzera doaz, Europako Batasunaren araudi berriaren ondorioz, ibilgailuak eta horien osagaiak birziklatu egin behar baitira. Hemen, Euskal Herrian, autoak birziklatzen dituen lehena, momentuz, Sestaoko Car Recycling enpresa da.

Europako Batasunak erabili ezin daitezkeen ibilgailuen gainean onartu berri duen legediak debekatu egingo du laster autoak tratatu gabe uztea. Autoak ezingo dira nonahi pilatu, eta pieza, likido eta gas poluitzaileak kendu egin beharko zaizkie suntsitu aurretik.

2006. urterako ibilgailuen osagaien % 85 birziklatzea eta % 5 energia bihurtzea da Europako Batasunaren apustua. Europako Ibilgailuak desegiteko leku gehienetan, autoak aire zabalean egoten dira nolanahi. Lurra eta ingurunea poluitzea eragotzi nahi dute araudi berriarekin, baina baita lehengaia eta energia aurreztea ere.

Milioika auto urtero

Sestaoko Car Recycling duela urtebete hasi zen araudi berria aplikatzen eta, iaz, 2.000 ibilgailu tratatu zituzten. Aurten, berriz, 6.000 egin nahi lituzkete eta, 2005etik aurrera, urtero 9.000 tratatzea espero dute. Hala ere, kopuru hori urtero Euskal Autonomia Erkidegoan baztertzen diren autoen bostena ere ez da. Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 50.000 ibilgailu inguru baztertzen dira eta, Europa osoan, 150 bat milioi dira guztira.

Car Rcycling-ek auto-saltzailei, udalei eta herritarrei ere hartzen dizkie Sestaon tratatzen dituzten autoak. Prozesuaren lehen fasean, autoak zatikatu, osagai poluitzaileak bereizi eta piezak sailkatu egiten dira hiru langunetan, ibilgailuen egoeraren arabera.

Plastiko-puskak eta gurpilak, oraingoz, zabortegira eramaten dituzte, baina etorkizunean birziklatze integrala egitea da enpresaren helburua. Ibilgailua pisatu ondoren ekiten zaio prozesuari. Lehenbizi deskontaminatu egin behar da autoa: gurpilak, plastikoak eta bateria kendu behar zaizkio; gero, olioa, izotz-kontrakoa, balazta-likidoa eta erregaia xurgatu behar zaio; eta gauza bera egin behar da airea egokitzeko sistemaren eta air-bag-aren gasekin. Hori guztia bildu eta hondakinak tratatzeko baimena duten enpresen esku jartzen da.

Ondoren, pieza guztiak banan-banan kendu eta sailkatu egiten dira, gero berrerabiltzeko. Motorreko pieza guztiak, abiadura-kaxak eta abar berrerabili egiten dira, birfabrikatu egiten dira. auto berrietan erabiltzeko. Behin pieza guztiak kenduta, gelditzen dena txatarretarako bideratzen da.

Santiago Perea, Car Recycling-eko zuzendari gerenteak azaltzen duenez pieza guztiak kendutakoan, piezak bide bat edo beste bat hartuko du, erabiliko den merkatuaren arabera. "Lehenengoan sartzen dira inguruko tailerrak, autoak desegitekoak; mekanika--piezak edota autoen periferikoak hartzen dituzte auto zaharrentzat. Kaskoen merkatua da beste bat; birfabrikatzaileengana doazen pieza handiak dira, haiek berriro fabrikatu eta ordezko pieza gisa sal ditzaten. Eta hirugarren merkatua hirugarren munduko herrialdeak dira; ordezko piezak edota zuzenean bigarren eskuko autoak kontsumitzen dituzte, ia modelo guztietako piezak, motorrak, alternadoreak, etab".

Laster Sestaoko lantegiaren moduko zentroak zabalduko ditu Car Recycling enpresak Gipuzkoan eta Araban, baita estatuko beste zenbait tokitan eta Portugalen ere. Guztira 40 bat lantegi egingo dira.

Birziklatzeko eginak

Europako Batasunaren araudiaren arabera, 2015erako ibilgailuen osagaien % 95 birziklatu beharko da, eta, hori ikusita, Europako leku batzuetan fabrikatzaile batzuk hasita daude dagoeneko piezak beste era batera egiten, gero birziklatze-prozesua errazteko. Automobilgintzan une honetan 22 plastiko erabiltzen badira, gero 2 edo 3 plastiko-mota bakarrik ekoitzi eta erabiliko lirateke. Gainera, diseinuak ere aldatzen ari dira, autoak errazago desmuntatu ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia