}

Autobus-geltokietan aspertzerik ez

2003/02/25 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hiri handietako sarrera-irteerak ibilgailuz gainezka egoten dira gehienetan, eta, hori dela eta, ez da harritzekoa izaten autobusak behar baino beranduago iristea geltokira. Bilboko eta inguruetako garraio publikoaren arduradunak, zerbitzu egoki bat eskaini nahian, Bizkaibus zerbitzuaren autobusetan GPS sistema ezartzen ari dira Etra Norte enpresaren sistema bati esker. Baliabide horren bidez, une oro autobusa non dagoen eta geltokira zehatz-mehatz noiz iritxiko den jakin daiteke. Horrez gain, behar izanez gero, autobusen ibilbidea aldatzeko eta bezeroei jakinarazteko aukera dute.

Posizionatze Globaleko Sistemak, GPS delakoak, hainbat sateliteren seinalea jasotzen du objektu bat zehazki non dagoen jakiteko, kasu honetan autobus bat. Orientazio- eta nabigazio-sistema konplexua da: Lurraren gainean 20.000 kilometroko altueran dagoen 24 sateliteko sare batek bidaltzen du informazioa.

Autobusek GPSaren hargailu bat daramate. Hargailu horrek, hiru satelitek bidalitako seinaleak jaso, prozesatu eta autobusaren posizioa zein den eman dezake. Arazoa autobusak sateliteen seinalea jasotzen ez duenean sortzen da, adibidez, tunel edo kale estuetan. Hiriguneetan GPSaren estaldura % 50-60koa denez, beste neurri batzuk ere hartzen dira.

Autobusa non dagoen jakiteko

Autobusa zehatz-mehatz non dagoen jakiteko, GPS sistemaz gain beste bi metodo ere badaude: alde batetik, gurpilek ematen duten bira-kopurua neurtzen dute zenbat kilometro egin dituen zehazteko eta non dabilen jakiteko; bestalde, autobusak ateak irekitzen dituen bakoitzean informazio hori kontuan hartzen dute.Izan ere, ateak irekitzearekin batera, ordenagailuak ordura arte egindako distantzia neurtu eta teorikoki egin beharko lukeenarekin konparatzen du. Informazio horrek aurrekoa baieztatzeko besterik ez du balio.

Informazio hori guztia kontrolean jasotzen da eta, prozesatu ondoren, mapa batean irudikatzen da. Irudi bakoitza 20 segundoz behin berritzen da. Kontroleko ordenagailuek etengabe galdetzen diete autobusei ea non dauden, eta irudia automatikoki berrituz joaten da. Horrela, inoiz ezbeharrik edo aldaketarik balego, autobusak beste era batera antola daitezke. Autobus-gidariak mezu idatzien bidez edo irrati bidez jaso dezake egin beharreko aldaketaren berri.

Erabiltzailea informatzeko erak

Erabiltzaileari informazioa emateko bi bide daude. Autobusean pantailak daude hurrengo geltokien berri emateko eta baita geltokietan ere autobusa noiz iritsiko den jakiteko. Bestalde, nahi duten bezeroei SMS telefono-mezuak bidaliko zaizkie arazoren bat sortzen denean eta Internet bidez kontsultatzeko aukera ere izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia