Automobila birziklatzen
1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2002. urtean erretiratuko diren automobil zaharrei beren materialetatik % 85 birziklatu egingo zaie. Gainera bakoitzak berreskura ezinezko 200 kilo baino hondakin gehiago sortzerik ez du izango. Beste urte batzuk igarota gainera, automobilaren % 95 birziklatuko da. Erabaki hori hartu dute Frantzian Industria eta Ingurugiro Ministraritzak, automobilgileek, altzairugileek, plastikogileek, automobil-birziklatzaileek eta arazo honetan zerikusia duten guztiek.
Erabakiak garrantzi handia du, Frantzian urtero 1,8 milioi automobil zahar erretiratzen delako eta automobil horietan zein material erabili 7-10 urte lehenago erabakitzen delako. Beraz, kontutan hartu behar da orain diseinatzen den automobila mende bukaeran komertzializatu eta 2010. urte inguruan birziklatuko dela.
Gaur egun ibilgailuen materialetan % 75 erraz birzikla daitezke. Izan ere % 70 burdin txatarra eta % 5 metala dute. Arazoa beraz, gainerako % 25ean dago, hau da, plastiko (% 15), beira (% 3,2) eta kautxuan.
Renault etxeak egiten dituen azken ereduetan (Safrane, Clio eta Twingo izenekoetan), paratxokeak beste automobiletatik birziklatutako plastikoez egiten dira. Hala ere, hemendik aurrera birziklapenaren arloan gero eta azkarrago eta gero eta gorago joan behar da.
Renault etxeak adibidez, orain arte hamabost plastiko-mota erabiltzen zituen, baina orain 5-10era jaitsita dago. P.S.A. etxeak berriz, 1991. urtean Saint-Riom-de-Chandieu herrian erretiratutako automobilak tratatzeko planta pilotua prestatu zuen. Orduerdiro automobil bat birzikla dezake bertan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia