}

Avelino Corma Iberdrola Sariaren irabazlea

1998/05/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialarien artean fama handia du Iberdrola Sariak. Izan ere, urtean behin mematen diren Sari hauek erabakitzeko, munduko ikerlaririk onenetarikoak biltzen dira, Nobel saridunak barne. Katalisiaren arloan urteetan zehar egin duen lanarengatik, aurtengoan Avelino Corma kimikariak eraman du Iberdrola Saria. Eskuratu duen diruarekin katalisiari buruzko ikerketa-beka bat sortzeko asmoa dauka.

Elhuyar: Zergatik kimikari?

Avelino Corma: Betidanik gustatu izan zaizkit zientziak, humanitateak ere bai, baina zientziek gehiago erakartzen nindutenez Zientzia Fakultatean sartu nintzen. Gustatu… fisika gustatzen zitzaidan gehien, baina fisika hartuz gero behar bada irteera gutxiago izan nitzakeela pentsatu nuen. Jakina, kimikak ere erakartzen ninduen; bestela ez nuen eta horrelakorik egingo. Eta hori izan zen ni kimika-mundura hurbiltzeko arrazoia, nahiz eta gustuz fisikari izan nintekeen gehiago.

Elh.: Liburu batzuk idatzi dituzu, lan mordoa kimika aldizkari ospetsuenetan… dibulgazio-lanari garrantzi handia ematen diozu?

A. C.: Orain arte idatzi ditudan artikulu gehienak —denak ez esateagatik— teknikoak izan dira, ez dibulgaziozkoak. Denak oso artikulu zehatzak izan dira, egindako lanen baten inguruko azalpen teknikoz osatutakoak. Orain bai, dibulgaziorako bakarren batzuk idaztea eskatu didate eta badut idazten saiatzeko asmoa.

Elh.: Zeure bizitzan zehar sari ugari ere eskuratu duzu. Azkena 1998ko Iberdrola Zientzia eta Teknologia Saria. Zer suposatzen du zuretzat azken sari horrek?

A. C.: Nire ustez, gehienbat, orain arte egindako lan baten onarpena edo errekonozimendua litzateke, eta lan horrek nirea den arloan baduela nolabaiteko inplikazioa eta eragina. Horretaz gain, aipatu beharrekoa da epaimahaia osatzen zuten pertsonen taila handia; eurek ikusi dute nire lana ez dela kopuru-kontu bat bakarrik, hori baino gehiago dela.

Elh.: Katalisi heterogeneoaren arloan lan egiten duzu. Zer da hori?

A. C.: Material solido batzuk diseinatzea eta prestatzea da, erreakzio kimikoen abiadura zeharo bizkortzeko gaitasuna duten materialak; eta ez abiadura gehitu bakarrik, baita guk lortu nahi dugun produktua edo produktuak lortzeko bidean jarri ere. Erreakzio kimiko bat gertatzen denean, askotan bilatu nahi den produktuaz gain beste batzuk ere sortzen dira. Sarritan ez dugu produktu horiek lortzerik nahi izaten, horregatik azpiproduktu deitzen diegu. Produktu horiek sortzen direnean, eraginkortasuna galtzen ari gara, lehengaia galtzen ari gara, eta ditugun baliabide naturalak modu traketsean erabiltzen ari gara.

Gure kasuan, lortu nahi dugun produktua maximizatzea du helburu, katalisiak erreakzio kimiko horretan sor litezkeen azpiprodukturik gutxien egon dadin.

Elh.: Beraz hondakinik ez geratzea litzateke, prozesurik ez egotea soberan.

A. C.: Ez ezazu gehiegi erabili hondakin hitza, segituan ingurugiro-arazoekin lotzen delako eta ikuspegia ez da hori; norberak nahi duen produktua lortzea litzateke helburua, sor daitezkeen beste azpiproduktuen presentzia gutxitzea. Katalizatzailea egokia eta ona bada, % 100ean lortuko da bilatzen den produktua, beste ezer sortu barik.

Elh.: Eta hori guztia zertan aplikatzen da?

A. C.: Modu ulergarri eta erraz batean esanda, jendeak ideia bat egin dezan, munduan martxan dauden prozesu kimiko guztien % 80an. Farmazia-industrian, plastikoen eta polimeroen industrian, erregaien eta errefinategien arloan, elikagaietako aditiboak, zaporeak, minak eta abar sortzerakoan erabiltzen dira katalizatzaileak; esandakoa, industria-munduan egiten diren prozesu guztien % 80k uneren baten katalizatzailea erabiltzen du.

Elh.: Kimika finaren arloan ere bazabiltza lanean.

A. C.: Beno, kimika fina oso antzekoa litzateke, baina muturreraino eramanda, balore erantsi handia duten produktuak ez oso kopuru handietan lortzea izango litzateke, botikak edo perfumeak esaterako. Edozein prozesu kimikotan, esate batera gasolina lortzeko prozesuan gasolina lortu nahi duenak hori lortu nahi du, eta ez gasak edo fuel olioa. Beraz, prozesua horretara bideratu behar da, hori lortzera eta ez beste ezertara; berdin zuntz polimeriko bat lortu nahi izanez gero hori lortzea eta ez beste edozer, bera ahalik eta garbien, poluziorik gabekoa.

Elh.: Prozesua norberak nahi duena lortzera bideratu behar omen da. Baina, hori nola lortzen da?

A. C.: Katalizatzaile-mota bakoitzak modu berezi batean zuzentzen ditu erreakzio kimikoak. Zeoliten bidez egiten da hori, hau da, iragazki molekularren bidez. Erreakzioa gertatzen denean sare molekular horren zuloa kontrolatzea lortzen bada, zeolitetatik zein molekula pasatuko den eta zein ez aukera daiteke. Beraz, horrela bideratzen da erreakzioa produktu bat edo beste bat lortzera.

Elh.: Gai orokorragoetara itzuliz, 2000. urterako Granadan katalisiaren inguruko mintegia egingo da ezta? Zertarako?

A. C.: Lau urtetik behin egiten dira horrelako kongresuak, eta esan daiteke katalisiaren olinpiadak direla. Katalisiaren arloan lanean gabiltzan zientzialariak bilduko gara bertan eta gertatu diren aurrerapenak aurkeztuko dira. Prestigio handia duen kongresua da, denek beren lanak aurkeztu nahi izaten dituzte bertan, baina aurkezteko gogoa ez da nahikoa izaten. Irizpide zientifikoetan oinarrituta aurrez aukeraketa egin eta erabakitzen da zein lan aurkeztu eta zein ez.

Elh.: Eta kongresu horretan zuk zein paper jokatzen duzu?

A. C.: Batzorde zientifikoaren lehendakaria naizen aldetik, bertako eta atzerriko beste zenbait aditurekin batera, nire egitekoak kongresuan azalduko diren lanen aukeraketa egitea eta saio zientifikoen antolakuntzan parte hartzea lirateke.

Elh.: Aurrerapenen aurkezpenaz hitz egin dugu, baina olinpiadetan lehiaketaz ere hitz egiten da, horrelako kongresu baten atarian horretaz ere mintza daiteke?

Industria-munduan egiten diren prozesu guztien %80k uneren batean katalizatzailea erabiltzen du.

A. C.: Jakina, zientzia-munduan beti dago lehia. Zerbait berriaren bila dabilenak beti egingo du ahalegina zerbait berri hori berak eta ez beste inork aurkitzeko, beste batek ateratzen badu lehenengo, bukatu da lana. Helburu jakin bat lortzeko norbera lehena izan beharra agertzen denean sortzen da lehia; industria-munduan lehia hori are eta sutsuagoa da, lehenak, patentea ateratzen duen horrek, esklusibotasuna ere lortzen duelako.

Elh.: Lau urtetik behin aurkezten dira aurrerapenak. Hala ere, ikerketa-lana etengabea omen da. Nola ikusten duzu ikerketa-munduaren egoera?

A. C.: Espainiako ikerketa-alorrari dagokionez, argi dago azken 10 urteotan ahalegin handia eta berezia egin dela Administrazioaren aldetik. Horren ondorioz, une honetan nazioartean lehian dabiltzan talde oso onak daude Espainian, eta ondo kokatuta gainera.

Dena den, badirudi azkenaldian bultzada ez dela hain handia, apur bat behera egin eta galtzen ari dela. Egoera horrek ez du zentzu handirik, ikerketak ez duelako etenik onartzen, beti lagundu behar zaio. Noizbehinkako bultzaden bidez aurrera egitea, nahikoa ez izateaz gain, ia ezinezkoa da.

Elh.: Ikerketa-munduari edo ikertzaileei buruz hitz egiterakoan, sarritan kanpora joaten diren ikertzaileak izaten dira berri komunikabideetan, Estatuko berririk ez da aipatzen. Zergatik?

A. C.: Hasteko, komunikabideetan erabiltzen diren klitxeak aipatuko nituzke; bata, orain dena ingurugiroa den moduan, beste bat kanpora joan diren eta joaten diren zerebroak dira. Egia da espainiar ugari dagoela atzerrian, baina egia da baita munduan zehar euren herrialdetik kanpo dagoen jende-multzo handia dagoela: hungariarrak, frantziarrak, ingelesak, etab.

Zentzu horretan, zientzia oso internazionala da, izaera hori du. Gainera, normala denez, edozein herrialdek ahalik eta jenderik onena bertan edukitzea nahi izaten du; futbolean horrela egiten da eta uste dut zientzian are eta gehiago egin beharko litzatekeela, baina zientzia-arloan herrialde hau potentzia ez denez, jende eta aukera onak galdu ditugu.

Elh.: Iberdrola Sarian jasotako dirua ere horretara bideratu behar omen duzu.

A. C.: Sariaren 12 milioiak ez ditut niretzat gordeko. Administrazioak eta zenbait enpresak laguntza ematen badidate, diru horrekin abiatuta fundazio bat sortzeko asmoa daukat, katalisiaren arloan dabiltzanei bekak emateko xedearekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia