Azalean sortutako zelula immunologikoak
2002/11/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Sistema immunologikoko zelulak odolak banatzen ditu gorputzaren bazter guztietan. Jatorriz hezur-muinean sortuta, infekzioa sortzen den edozein puntutara iristen dira globulu zuriak, zirkulazio-sistemari esker. Horrela jokatzen dute, besteak beste, organo jakin batzuetan espezifikoki lan egiten duten zelulek.
Esate baterako, azalak zelula dendritiko espezifikoak behar ditu kanpoko erasoetatik babesteko: Langerhans zelulak. Zelula horiek kanpoko erasoak detektatzen dituzte, eta, behar izanez gero, T zelulei 'hots egiten' die defentsa-sistema sendoa martxan jartzeko. Baina nola hornitzen da azala Langerhans zelulez? Odoletik iristen dira azalera ala azalean bertan sortzen dira zelula berriak?
Horri erantzuteko, Estatu Batuetako Stanford Unibertsitateko talde batek esperimentu bat diseinatu zuen. Bi saguren zirkulazio-sistemak lotu zituzten, biek odol-jario bera izateko. Horrela, odolak garraiatutakoa bi saguengana iristen zen; azala, aldiz, sagu bakoitzarena zen, eta batean gertatzen zenak ez zuen zertan bestean gertatu. Gainera, sagu baten gene bat aldatuta zegoen. Gene horrek Langerhans zelulen sorreran hartzen du parte, eta, horregatik, batek zelula aldatuak sortzen zituen; hori dela eta, sortutako zelula bakoitzaren jabea zein zen jakin zezaketen zientzialariek.
Esperimentua hasi eta 10 egunera globulu zuriak bi saguetan zeuden, odolak batetik bestera eramanda. Baina, sei hilabete geroago, sagu bakoitzak bere Langerhans zelulak zituen. Beraz, zientzialariek ondorioztatu dute zelula dendritikoen zelula amak azalean daudela, eta ez hezur-muinean, eta, behar denean, han bertan sortzen dituela gorputzak. Dena dela, azala zaurituz gero, odol-jariotik abiatuta berritzen dira Langerhans zelulak.
Zientzialarien ustez, azalaren ezaugarri hori oso interesgarria da hezur-muinaren transplantea behar dutenentzat, muin arrotzak sistema immunologikoari eraso diezaiekeelako; kasu horretan, azalak Langerhans zelula berriak sortuko lituzke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia