}

Azkar, mantso. Abiaduraren pertzepzioa jokoan.

2004/07/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Askotan saiatu gara eltxo bat harrapatzen; eta batzuetan harrapatu egin dugu, baina horretarako bizkor ibili behar da. Oso bizkor. Izan ere, gu eskua mugitzen hasterako eltxoak salto egiten du hegan alde egiteko.
Saiatu zara inoiz eltxo bat harrapatzen? Gu eskua mugitzen hasterako eltxoak ihes egiten du.

Parkean ogi-apurrak jaten ari den txolarrea ere oso azkarra da. Egia esan, edozein urduri jartzeko moduan mugitzen da. Etengabe ari da ingurura begira; ogia ahoan sartu ere ahalik eta azkarren egiten du, arreta galdu gabe. Adi-adi egoten da beti. Guretzat parke lasaia dena, harentzat oso leku arriskutsua da, eta, beraz, ziztu bizian ihes egiteko prest egon behar du beti. Beti-beti.

Metabolismoaren mende bizi gara. Guk, eta bizidun guztiek, gorputzaren funtzionamendu kimikoaren arabera erreakzionatzen dugu. Zenbat eta metabolismo azkarragoa, orduan eta mugikortasun handiagoa dugu, orduan eta garun azkarragoa daukagu, orduan eta azkarrago jaten eta orduan eta azkarrago kontsumitzen dugu energia. Beste milaka prozesu ere orduan eta azkarrago gertatzen dira.

Adibidez, bai eltxoak eta bai txolarreak metabolismo oso azkarra dute, edozein unetan astindu beharko dituztelako muskuluak ihes egiteko. Eta, haien ikuspuntutik, gu astiro-astiro mugitzen gara. Kamera geldoan filmatuta bezala ikusten dituzte gure mugimenduak. Eta, noski, horregatik igartzen dizkigute mugimenduak, eta horregatik da hain zaila eltxo bat edo txolarre bat harrapatzea.

Baina beste bizidun askok kontrakoa egiten dute. Metabolismo motela dute. Ez dute ezertarako presarik. Pentsa elefantea edo balea. Ez dute ihes egiteko premiarik. Beste mekanismo batzuk dituzte bizirik irauteko. Eta horregatik hartzen dute behar duten denbora. Eta elefanteek eta baleek hartzen badute, pentsa nolako patxadan bizi diren zuhaitzak.

Are gehiago; hainbat animaliak metabolismo aldakorra dute, hau da, batzuetan 'azkar' bizi dira, eta beste batzuetan, 'poliki-poliki'. Hibernatzen duten animaliak, esate baterako, harrigarriak dira ikuspuntu horretatik.

Baleek ez dute azkar ihes egiteko premia; beste mekanismo batzuk erabiltzen dituzte defendatzeko.

Begiratu hartzari, adibidez. Neguan kobazulo batean sartzen da eta lo balego bezala geratzen da. Baina ez dago lo; bihotzaren abiadura mantsotu egiten du (zortzi/hamar taupada minutuko), ez du jan behar, ez du gernurik edo gorotzik kanporatzen. Oso egoera berezia da. Baina energia gutxi kontsumitzea lortzen du, besteak beste gorputza ez duelako berotu behar negu hotzean.

Narrastiek ere eredu ikusgarria osatzen dute. Denok dakigu: muskerrak eta sugandilak denbora asko egoten dira eguzkitan. Agian denok ez dakiguna da zergatik egiten duten hori, baina zientzialariek oso argi dute: gorputza berotu egin behar dute metabolismoa azkartzeko. Gorputza 'hotza' duten bitartean, baldarrak dira, baina berotutakoan izugarri azkar mugitzen dira.

Zergatia ezagutzen ez badute ere, basamortuko arranoek eta belatzek ederki ezagutzen dute efektua. Eta, beraz, eguzkia ezkutatuta dagoenean saiatzen dira muskerrak harrapatzen. Egunsentian edo ilunabarrean. Beste uneetan, eguzkiaren eraginpean, muskerrak harrapatzeko aukerak askoz gutxiago dira, azkarragoak direlako.

Elefante bat laurogei urte izatera iris daiteke.

Hori guztia entzunda, merezi du beste kontu bat aipatzea: animaliak aztertuta, logikoa ematen du metabolismo azkarra dutenak denbora gutxiago bizitzea, energiaren kontsumo eroaren ondorioz zahartzea lehenago iristen baita. Biologoek entzungo ez balidate, esango nuke bizimodu eroa duten animaliak 'estresatuta' hiltzen direla hain gazterik. Gazterik edo, behintzat, epe laburrean zahartuta. Baina hori esaten badut biologoek errieta egingo didate arrazoi osoz. Zahartzearen kontua estresa baino zerbait konplexuagoa da, noski, baina konparazioak balio du ideia orokor bat izateko.

Eltxo batek egunak besterik ez du irauten, eta txoriak urte gutxi batzuk; elefanteak eta baleak, ordea, laurogei urte ingurura hurbiltzen dira, eta sekuoiak 4.000 urte bizi daitezke.

Dena dela, orain zientzialari batzuek aurkikuntza harrigarri bat egin dute saguekin, espero litekeenaren kontrakoa, hain zuzen ere. Saguei emandako oxigeno-kantitatearen bitartez, metabolismoa kontrolatu diete, eta bi sagu-mota hazi dituzte: metabolismo azkarrekoak eta metabolismo motelekoak. Baina metabolismo azkarreko saguek besteek baino gehiago iraun dute.

Txoriek etengabe arriskuan egongo balira bezala bizi dira; horregatik behar dute oso metabolismo azkarra izatea.

Sekretua zelulen energia ekoizteko zentroetan datza, hau da, mitokondrioetan. Metabolismo azkarreko saguek ekoizten duten energia gehiena berotan transformatzen dute. Beraz, zelulak behar duen beste energia lortzeko, mekanismoak optimizatu behar dituzte. Eta horrek esan nahi du ez dituztela metabolismo motelekoek bezainbeste erradikal aske sortzen, eta, beraz, ez direla hain azkar zahartzen.

Berria harrigarria da ikuspuntu guztietatik begiratuta. Adibidez, pentsa dezagun nolakoa izango litzatekeen efektu hori gizakietan. Arnasaren oxigeno-kantitatea handituta urte gehiago biziko ote ginateke? Zeinek daki.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia