Azkar, zehatz eta eroso
2000/04/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Joan den martxoaren 13tik 18ra bitartean Makina Erremintaren Nazioarteko XXI. Biurtekoa egin zen Bilboko Erakustazokan eta bertara hurbildu ziren guztiek ikuskizun ederra izan zuten begien aurrean. Elhuyar ere han izan zen, sektoreko enpresen azken nobedadeen berri jaso eta zuei eskaintzeko.
Makina Erremintaren Nazioarteko XXI. Biurtekoak 2.017 erakusle eta milaka bisitari, profesional zein zaletu huts,bildu zituen iragan martxoan Bilboko Erakustazokan. Aurtengo saioan % 16 hazi da parte-hartzea eta % 12,5 betetako azalera; izan ere, Bilboko Erakustazoka txiki geratu zaio makina-erremintari. Azokak eskaintzen zuen espazio osoa bete zuten fresatzeko makina, tornu, robot eta prentsek. Antolatzaileek adierazi zigutenez pasilloak estutu behar izan zituzten eta, hala ere, ez zen nahikoa izan; beste 2.000 metro karratu betetzeko adina eskaera omen zituzten. Erakustazoka berriaren premian dago makina-erreminta: handiagoa eta sarbide egokia izango duenaren premian.
Baina eztabaidak alde batera utzita, bazegoen zer ikusia eta ikasia Makina Erremintaren Biurtekoan. Nobedadez jositako 2.017 enpresa erakusle izan ziren han eta, tokian tokiko berezitasunekin, azkartasun, diseinu eta ergonomia aldetik iritsi ziren berrikuntza aipagarrienak. Azkar lan egitea makina-erreminten egileen ikur bilakatu da azken urteetan: erremintak egin beharreko mugimenduak gero eta azkarrago egiten ditu, baina doitasun-izpirik galdu gabe eta, gainera, pieza batetik besterako edo erreminta batetik besterako aldaketa-denborak murriztu egin dira. Erakusgai zeuden makina askok bi gauza batera egiteko aukera eskaintzen zuten: pieza-aldaketa erreminta beste pieza bat lantzenari den bitartean egiten da eta, horrela, karga/deskargako denbora murriztu egiten da. Ahalik eta pieza-kopuru handiena egin, ahalik eta kalitate handienarekin, baina ahalik eta denbora gutxienean; hori da gaur egungo edozein makina-erremintaren helburua.
Baina azkar lan egin beharrak hainbat arazo ditu: inertziak, besteak beste. Inertzien eta pieza zein erreminten nahi gabeko mugimenduei aurre egiteko egitura arinak behar dituzte makinek eta, Elgoibarreko Fatronik enpresak, honako proposamena aurkeztu zuen arazoa saihesteko: sare bidez eraikitako makina-erremintak. Sare sistema oso erabilia da arkitekturan; Eiffel dorrea, esaterako, hala eraikita dago. Fatronik-ek teknika hori bera makina-erremintei aplikatu die eta ohikoak baino egitura arinagoak, malguagoak eta merkeagoak lortu ditu. Teknika makinen euskarria egiteko erabil daiteke, adibidez. Galdaketan eginiko osagai trinko eta astunak izan ordez, barra eta korapiloz osatutako osagai arinak izango genituzke euskarrian. Egiten errazagoak eta merkeagoak diren piezak, baina zurruntasun-izpirik ere galdu ez dutenak.
ULISES I izeneko fresatzeko makina ere aurkeztu zuen Fatronik enpresak eta oraindik prototipoa den makinak ikusmin handia sortu zuen bisitariengan. Fresatzeko makina honen berrikuntza nabariena erremintaren mugimendua eragiteko modua da: makinak piramidea osatzen duten hiru beso ditu eta piramidearen puntan erreminta dago. Erreminta ezker-eskuin, goitik behera edo atzera-aurrera higitzeko hiru besoak aldi berean luzatu edo laburtu egiten dira, pieza lantzeko behar den mugimendu zehatza lortzen delarik. Makinak itxuraz oso konplexua dirudien arren, eraikitzen sinplea da. Horrez gain, zurruntasuna, lan-abiadura handiak eta prezioa dauzka alde; dituen propietateetarako merkea omen da. Ezaugarri horiek guztiengatik ULISES I Diseinu Sari Nazionalerako aurkeztu zen eta epaimahaiarenaipamen berezia jaso zuen.
Estetika garrantzitsua
Aurtengo edizioan eta baita aurrekoetan ere, makina modernoen diseinuari eta kanpo-estetikari ematen ari zaion garrantzia nabarmena da. Itxura erabat aerodinamikoa duten makinek hartu diete lekukoa lehengo makina trinko eta berde-kolorekoei. 1990. urteko edizioan Makina Erreminten Diseinu Sari Nazionala jaio zen, izenak dioenez, diseinu kontuetan egileen sormena saritu eta bultzatzeko. Sariak DZ Diseinu Zentruak AFM eta BNErekin lankidetzan antolatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataria eta Turismo Sailak eta Madrilgo Industria Ministeritzak babesten ditu. Diseinuaz gain, ergonomiari, hau da, makina erabiliko duen langilearen erosotasunari, eman zaion garrantzia eta teknologia hartzen ditu kontuan epaimahaiak irabazlea aukeratzeko. Aurtengo edizioan 12 enpresa izan ziren lehian, 9 txirbil-harroketari dagokion mailan eta 3 deformazioari dagokionean. Aipatu beharra dago horietatik 11 Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresak direla.
Ona Electroerosión S.A. Durangoko enpresaren ARION K500 izeneko hari-elektrohigadurazko makina izan zen aurtengo irabazlea txirbil-harroketari dagokion mailan. Makina hau, duen diseinuari esker, oso pieza handiak lantzeko gai da (automobil-industriarako oso interesgarria). Pieza handiak lantzean, duten pisuagatik, mugimendu-arazoak sortzen ziren eta horiek konpontzeko, pieza kokatuta dagoen mahaia mugitu ordez, hura finko mantentzen da eta erremintak mugitu egiten dira. Aldi berean, ARION K500ek zenbakizko kontrol-sistema erabilterraz eta modernoa dauka. ARION K500ekin batera ARION K1000 ere aurkeztu zuen Ona enpresak sarira. Era berean dabilen makina-erreminta da, baina handiagoa; munduko handiena bere mailan. Saria irabaztea ez da kasualitatea izan; sormena Ona enpresaren ezaugarrietako bat da eta, 1998ko edizioan ere, epaimahaiaren aipamena izan zuen.
Deformazioz lan egiten dutenetan, Arrasateko Gamei enpresa izan zen irabazlea, PHSW-830 torlojo-prentsagatik: abiadura handian talka bidez lan egiten duen prentsa da. Berrikuntzak ugari dira, baina batez ere langilearen segurtasunari eta erosotasunari begiratu zaio PHSW-830 prentsa diseinatzerakoan. Zikinkeriak pilatzen diren gune guztiak itxi egin dira, mantenimendua erraztu egin da, soinua isolatu egin da eta makinaren funtzionamendua automatizatu egin da. Torlojo-prentsa goitik behera zaharberritu du Gamei enpresak.
Ikusi eta ikasi
Hain egun gutxitan negozioak egitea zaila omen da oso, baina ez da hori biurtekoaren helburua. Erakutsi, ikusi eta ikastera bildu ziren makina-erreminten egileak Bilboko Erakustazokan. Harreman berriak lortu, lagun zaharrak ikusi eta han eta hemen besteak zertan dabiltzan hausnartu; horiek dira azokan eginbeharrekoak, beti dago eta lehiakideak egiten duenetik zer ikasia. Bilbokoa eta antzeko erakusketak oso garrantzitsuak izan ohi dira sektoreari ematen dioten bultzada ekonomikoagatik, bertan aurkeztutakoaren haritik diru ezarpenak handitu egiten baitira.
Halako bilkurek salerosketak biziagotu egiten dituzte eta aurtengo erakusketa punta-puntakoa eta arrakastatsua izanik, emango dituen fruituak ere halakoak izatea itxaron daiteke. Makina Erreminten Egileen Elkarteko zuzendariordeak esan zigunez "joan den urtea nahiko hotza izan zen, baina aurtengoa hobea izango denaren ustea daukagu; ez dantzan hasteko modukoa, baina hobeagoa. Erakusketan ikusi dugun giroak uste horren bidetik garamatza gainera".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia