}

Azkenean hil da

1996/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Urte berriarekin batera, animalia-espezie bat galdu genuen. Bat gutxienez edo guk dakigularik, behintzat. Londresko zoologikotik aditzera eman dutenez, Partula turgida marraskilo-espezieko azken alea urtarrilaren hasieran hil zen.

Zoologikoko langileei marraskiloaren heriotzaz ohartzea nahikoa zaila gertatu zitzaien; marraskiloa ez zen batere mugitu azken egunetan, baina izatez, nahikoa motela zen gure laguntxoa. Zehatzagoak izateko, ezagutzen diren marraskiloen artean, Partula turgida zen geldoena: urtean 60 cm egiten zituen soil-soilik.

Londresetik esan denaren arabera, Polinesian zuen jatorria marraskilo-espezie horrek eta duela 20 urte ingurutik desagertzeko arriskuan zegoen. Hori zela medio, babes-programa berezien barruan zaindu izan da Londresko azken alea, baina tamalez, ahaleginak ez du espeziearen iraupena ziurtatzerik lortu. Bat gutxiago, beraz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia