}

Azterkosta proiektua

1994/12/01 Alvarez, Josetxo | Cearreta, A. | San Martin (Joseba Alvarez), A. | Torre, G. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herriko kostaldea harkaitz-labarrez osaturik dago. Normalean ibaien bokaletik hurbil dauden puntu bakarren batzuetan soilik egoten dira zona hareatsuak. Euskal Herriaren erliebea oso maldatsua denez, populazioa ibai-haranetan biltzen da; baita kostalde eta itsasadarretan ere. Beraz gure garapen industriala ibai-arroetan eta itsasadar gehienetan kokatzen da. Bestetik lantegi eta populazioaren iharduera ibaien gainean itsas bazterreraino iristen da.

Ibaiak gure ihardueretako zabortegi higikor gisa erabiltzen dira. Baina itsasoraino doan ibaiak ez dauka poluziotik suspertzeko denborarik. Ibaietako ur pozoitua, osagai poluitzaile ezberdinekin kostaldera ailegatzen da. Hauen eraginez itsasaldeetan bizitza forma oro desagertzen ari da: itsas ekosistemen produkzioa jaistea, berezitasunak galtzea... izan daitezke hondamen horren adierazleak.

Hau guztia ezezik, erraz erabil daitekeen kosta guztia turismorako eta aisialdirako gehiago erabiliko da. Azken joera hau zeharo areagotu da azken urteetan. Tertzializazio deitutako prozesu ekonomiko bati esker honako emaitza hauek topa ditzakegu: ohizko arrantza-iharduerek behera jotzea, etengabe erabiltzea eta behar dituen azpiegiturak (aisiarako, eraikuntzak ugaltzea, kirol-portuak, ...) ezartzea, itsas poluzioa...

Egoera larri honetaz informazioa jasotzeko eta sentsibilizazioa areagotzeko, urtero ikertzeko Azterkosta sarea dugu. 1993. urteko azterketaren datuei jarraituz, euskal kostaldearen egoera laburtzera goaz.

Inkesta osoa harturik, giza erabilera nagusia % 60an da. Alegia, itsas bazterra erabat hartuz gero, erdiak baino gehiagok oso giza erabilera handia du. Heltzeko bide erraza duten aldeak bakarrik hartzen badira, % 80ak giza erabilera (eraikuntzak, azpiegiturak, industriak...) baduela pentsa daiteke. Inkestek emandako datuetatik ikusten denez, oso bakanak dira ongi kontserbatuta dauden dunak eta padurak; orain dela oso urte gutxira arte gure itsas bazterrean sail handia hartzen zuten zonak, hain zuzen.

Urlasterren bidez, itsasertzea hondatzeko heltzen den poluzioak Hego Euskal Herrian oso banaketa homogenoa du. Gainera oreka garbia dago jatorrizko urlasterren (ubideak + hodiak) eta naturalen (errekak + iragazketak) artean, jatorri naturaleko urlasterrak oraindik gehiago diren arren (% 57). Guzti hauetan, kolore txarreko isurkinek (% 46), kiratsa dutenek (% 40) eta isurketa likidoak daramatzatenek (% 40) itsasoratzean duten egoera txarra adierazten dute.

Beste atal bat zaborrei dagokiena da. Oro har zaborrek lurralde osoan duten homogenotasuna eta kopurua (denetik dago eta asko egon ere) azpimarratzeko da. Datuek erakusten dutena kontutan hartuz, kontsumo eta ingurugiroaren arteko harremanak aztertu beharko genituzke. Hain erabiliak diren itzulerarik gabeko ontzi eta produktuek poluzio handia eragiten dute gure lurraldeko leku guztietan, eta itsasertzean ongi ikusten da. Endekatzen ez diren plastikoak kostaren % 50ean azaltzen dira. Alkaternak, olioak eta petrolioak kaiekin eta kaietako lanekin du zerikusia. Etxeko zaborrei dagokienez, paperak dira aipagarrienak. Endekatzeko ahalmen handia izan arren, oso ugari azaltzen da. Azkenik, itzultzen ez diren gaiak nabarmentzen dira kostalde guztian: beirak, latak eta botilak, turismo-lekuetan batez ere.

Eta Europa? Europan egindako V. azterketak kostaldeko giza esparruak zabaldu egin direla azpimarratzen du; erdia baino gehiago. Ildo honetatik hezeguneak murriztea nabarmena da kontinente osoan.

Beste urteetan bezala, urlaster artifizialak naturalak baino gehiago dira. Espainiar Estatuan erdiek baino gehiagok dute egoera txarra (kolore txarra, kiratsa, isurketa likidoak...). Zaborrei dagokienez kontinentearen itsasaldea nahikoa garbi dago, etxeko zaborra ohizkoena delarik. Hondakin-kantitatearen gehikuntza nabaria da Europa osoan, eta hauen artean plastikoak nabarmenak dira.

Ikus daitekeenez, gure itsasaldea egoera larria jasaten ari da. Hala ere eremu hauen babesa ez da inola ere gauzatu. Hori horrela izatea kezkagarria da zinez, zeren Estatu Espainoleko Itsasertzari buruzko Legeak dioenez, eremu naturalen kontserbazioaren kontra eta eremu urbanoak haztearen alde jokatzen baitu denborak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia