}

Babesteak arriskua dakarrenean

2007/06/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Mundu osoko hegazti eta ugaztunen herenak arriskuan daude, animalien merkataritzaren ondorioz. Zuraren merkatuak, berriz, galzorian jarri ditu mila zuhaitz-espezie, eta arrantza-lekuen hiru laurdenak neurriz kanpo ustiatzen dira. Bestetik, natura-baliabideak ustiatzetik 200 milioi pertsona bizi dira, horietako asko herrialde pobreetan, gainera. Argi dago era jasangarrian ustiatzea dela irtenbidea, baina, helburua argia bada ere, ez da lortzeko erraza.

CITES erakundea 1973an sortu zen, eta gaur egun 171 herriladeren ordezkariak biltzen ditu.
(Argazkia: CITES)

Horretan saiatzen dira, hala ere, hainbat erakunde eta elkarte, eta batzuk aspalditik ari dira lanean. CITES erakundea, esaterako, 1973an sortu zen, arriskuan dauden espezieak zaintzeko asmoarekin. Izena Convention on International Trade in Endangered Species of Wild Fauna and Flora- tik dator, hau da, mehatxatutako fauna eta flora basatiaren nazioarteko merkataritzari buruzko konbentzioa, gutxi gorabehera. Hitzarmena nahi duten herrialdeek sinatzen dute, eta, abiatu zenean 80 herrialde biltzen bazituen ere, gaur egun 171k parte hartzen dute.

Mehatxatutako espezieak babesteko, haien salerosketa kontrolatzen du CITESek. Berez, herrialde bakoitza arduratzen da CITESek emandako arauak betetzeaz bere lurraldean. Eta eraginkorra da: abiatu zenetik, babesten dituen espezieetatik bakar bat ere ez da desagertu merkataritzaren ondorioz.

Hiru babes-maila

33.600 espezie inguru babesten ditu CITESek, hiru mailatan sailkatuta. Lehen eranskinean, 800 bat espezie daude; espezie horiek galzorian daude, eta, beraz, erabat debekatuta dago haiek salerostea. Bigarren eranskinean, merkataritzak neurri batean mehatxatutako 32.500 espezie biltzen dira, eta aurrekoek baino babes txikiagoa dute: merkataritza ez dago debekatuta, baina kontrol zorrotzak daude horiek salerosteko. Hirugarren eranskinean, herrialderen batek CITESi babesteko eskatutakoak daude, eta 300 inguru dira.

CITESek mehatxatutako espezieen salerosketa kontrolatzen du.

Merkataritzak espezie batean duen eragina aldatzen bada, espeziearen babes-mota ere aldatu egiten da. CITESek biltzarren bidez hartzen ditu erabakiak, eta oraintxe izan da aurtengo biltzarra, ekainaren 3tik 15ra, Hagan. 171 herrialdeetako ordezkariek 40 proposamen aztertu dituzte, horietako asko zurarekin eta arrantzarekin lotutakoak.

Dena dela, CITESek ez dio arriskuan dauden espezieen egoerari bakarrik begiratzen, horiek ustiatzen dituzten herriak ere aintzat hartzen ditu, asko oso pobreak baitira, eta kasu horietan ez da erraza denei mesede egingo dieten erabakiak hartzea.

Aldaketa-tartea

Hain juxtu horregatik, erabaki guztiak ez direlako beti onuragarriak izaten, CITESek kritikak ere jasotzen ditu. Esaterako, duela gutxi, espezie bati babes handiena ematea kalterako izan daitekeela azaldu dute Paris Hegoaldeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Zehazki, eta paradoxikoa dirudien arren, espezie batzuei bigarren eranskinetik lehenera igarotzeak kalte handia egiten diela frogatu dute.

Ikertzaileek 1985ean azaldu zituzten lehen susmoak, baina ez zuten froga garbirik. Orain, 1980 urtetik 2000ra bigarren eranskinetik lehenera aldatu diren espezieei jarraipena egin diete, eta susmoak zentzuzkoak zirela frogatu dute.

Mailaz aldatu diren espezieen salerosketei jarraipena egin die ikertzaileek.

Azterketa egiteko, espezie bakoitzaren salerosketa legalen datuak bildu dituzte, hiru epetan: mailaz aldatzea jakinarazi aurreko hiru urteetakoak, mailaz aldatzea erabakitzen duten denborakoak, eta mailaz aldatu ondorengo hiru urteetakoak. Datuak grafikoki adierazi dituzte, eta oso itxura esanguratsua dute.

Hala, debekua indarrean sartu ondoren, salerosten den ale-kopurua nabarmen gutxitzen da, beraz, grafikoan marra jaitsi egiten da. Baina, horren aurretik, hau da, aldatzea onartu eta neurriak martxan jarri bitartean, grafikoan goranzko marra bat agertzen da. Alegia, debekatu aurreko urteetan baino gehiago salerosten dira babes handiena izango duten espezieak. Batez beste, % 135 igotzen da salerositako ale-kopurua, aurreko urteekin alderatuta.

Horrek badu azalpen bat: aldaketa gauzatzeko, hau da, erabakia hartu eta neurriak indarrean sartzen direnenerako, 240-420 egun behar dira. Horrek esan nahi du legeak batez beste urtebeteko tartea uzten diela merkatariei espezie horrekin negozioa egiteko. Eta, noski, animalien merkataritzan aritzen direnek ederki aprobetxatzen dute aukera hori.

Zenbait espezierentzat, galbidea izan daitezke aldaketa-tartean egiten diren harrapaketak. Adibidez, Kleinmannen dortoka eta Geoffroyi katua mailaz aldatu zituztenean, aldaketa-tartean 2.800 dortoka eta 5.500 katu salerosi ziren. Bada, kopuru horiek animalia helduen populazioaren erdia eta hamarrena dira, hurrenez hurren.

Horrez gain, debekuak merkatuko prezioa igoarazten du, eta horrek merkataritza ilegala susta dezake. Esate baterako, errinozeroa mailaz aldatu zenean, adarraren prezioa % 400 igo zen Koreako merkatuetan. Horrekin batera, errinozeroaren ezkutuko ehiza eta haren adarraren salerosketa ilegala areagotu egin ziren.

Horrenbestez, erabakiak hartzean hori guztia aintzat hartzeko eskatu diete CITESi azterketa egin duten ikertzaileek. Horrez gain, baliabide natural horiek ustiatzen dituztenak kontuan izanda, espezieak beste era batera babesteko proposamen zehatzak ere egin dituzte. Debekatzea ez baita beti mesederako.

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia