}

Babuinoak badaki bere kumeak bereizten

2003/10/05 Araolaza, Oier - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Babuinoek, bai arrek eta bai emeek, bikotekide askorekin eta sarri izaten dituzte sexu-harremanak. Ohez oheko joan-etorri eta sartu-irten salda horren ondoren, ez dago aitaren semerik babuino kume bakoitzaren aita zein den asmatuko duenik. Babuinoek, ordea, ez dituzte etxekoak sasikoekin nahasten eta ez dute DNA proba egin beharrik babuino kumeak berenak diren ala ez bereizteko.
Liskarretik ihesi aitaren beso artean babestu da babuino kumea. (Argazkia: Joan Silk, UCLA).

Babuinoak promiskuoak dira, eta bai ar eta bai emeek hainbat bikoterekin izaten dituzte sexu-harremanak. Jakina, amak ez du arazorik izaten bere kumeak ezagutzeko, berak ekarri baititu mundura. Baina arrek ez dute horren lan erraza. Haziak han eta hemen ‘erein’ ondoren, eta eme bakoitzak hainbat arren haziak jaso dituela kontuan hartuta, inguruko kume guztiak izan daitezke bereak, ala batere ez. Ikertzaile-talde batek aurkikuntza harrigarria egin du, ordea. Babuino arrek beren kumeak bereizteko gaitasuna dutela ikusi dute.

Duke, UCLA eta Princeton Unibertsitateetako ikertzaileek 30 urte daramatzate Kenyan, Kilimanjaro mendiaren magalean, babuinoen jokabideak aztertzen. Azken hiru urteotan ar heldu eta babuino gaztetxoen arteko harremanetan jarri dute arreta. Babuino gazteak elkarren artean borroka-jolasean aritzen dira behin eta berriz, eta liskarrak maiz gertatzen dira.

Liskar horietan bake-lanak egiten dituzte babuino arrek, baina ikertzaileek ikusi dutenez, beren ondorengotzat dutenaren alde egin ohi dute. Etxeko kumeak babestu eta norberarenak ez direnak uxatu egiten dituzte. DNA azterketak egin dituzte ikertzaileek eta babuinoek egindako hautaketekin bat etorri dira azterketak. Beren kumeak zein diren eta zein ez diren jakiteko ahalmena dute babuinoek.

Ikertzaileek 30 urte daramatzate Kenyan, Kilimanjaro mendiaren magalean, babuinoen jokabideak aztertzen.

Ikerketan 75 babuino-kumeren eta 15 babuino ar helduren joan-etorriei jarraitu diete zientzialariek. Lehenengo lana babuino kume horien gurasoak identifikatzea izan zen. Horretarako, bakoitzaren gorotzak bildu eta DNA azterketak egin zituzten. Ondoren, babuinoen artean etengabekoak diren liskarrak behatzeari ekin zioten.

Jolasean hasi eta borrokan bukatu. Horixe gertatzen zaie maiz babuino gazteei. Ez dituzte indarrak behar bezala neurtzen eta jasotako bultzada, atximurka eta haginkada bakoitzari erantzun beharraren beharraz jolasa berehala da borroka. Liskar horietako asko gehiegi gogortzen dira eta maiz har helduetako batek parte hartu behar izaten du, babuino gazteak banandu eta bakea egiteko.

Bakea egiteko lan horretan hasten den babuino arra kume liskarzaleetako baten aita zela ohartzean zorrozten ziren ikertzaileen begiak. Hiru urteko epean 73 aldiz gertatu zen babuino arra bere kumea tarteko zuen borroka baretzera sartzea. Baina babuino bakegileak ez dira neutraltasunaren eredu, eta zientzalariek ikusi zutenez, 73 liskar horietatik 69tan bere kumearen alde egin zuen babuinoak. Ikertzaileek DNA azterketak erabili zituzten babuinoen arteko senide-loturak argitzeko, baina babuinoak berak nola jakiten du?

Nola jakiten dute?

Babuino aita bere kumea magalean duela, eta parean babuino gaztea babuino arraren arreta eskuratu nahian. (Argazkia: Joan Silk, UCLA).

Nola konpontzen dira babuino arrak beren haziarekin sortutako kumeak bereizteko? Horren promiskuoak izanda zaila badirudi ere, ikertzaileen ustez, babuino arrak kontuan izaten du zein eme eta noiz estali duen. Baina hori baino zorrotzagoak dira. Izan ere, ugalkortasun-maila altuena duten 4-5 egunetan babuino emeek sexu-organoak puztuta izaten dituzte. Egun horietan du emeak haurdun geratzeko aukera gehien. Beraz, emeak sexu-organoak puztuta dituen egun horietan emearekin sexu-harremanak izan dituen ar bakarra izan bada, edo gutxienez, maiztasun handienarekin estali duena izan bada, babuino arrak ondorioztatu dezake bera izango dela jaioko den kume berriaren aita.

Baina kontuak ez dira beti hain garbi ateratzen, eta zantzu guztien arabera kumearen aitatasuna oso zalantzazkoa den kasuetan ere, babuinoak ongi asmatzen du bere kumea hautatzen. Jason C. Buchan zoologoaren eta bere lankideen ustez, kasu horietan babuinoak kumearen ezaugarriak hartzen ditu kontuan berea den ala ez erabakitzeko.

Gizakion artean arruntak dira umeari gurasoekin, anai-arrebekin edo hurbileko senideekin antzekotasun fisikoak aurkitzeko saiakerak. Horixe bera egiten du babuinoak. Ezaugarri fisikoez gain usaina ere erabiltzen du, kumeak bere antza duen ikusi, eta bere ondorengotzat har dezakeen erabakitzeko. Eta emaitza onak eskuratzen ditu.

Babuino arrek beren kumeak bereizteko gaitasuna dutela ikusi dute.

Babuinoak, bere sexu-harremanen oroitzapenetan eta kumeen ezaugarri eta usainetan oinarrituta, gizakiak DNA azterketak erabiliz eskuratzen dituen emaitza berak lortzen ditu. Egunerokoen aitatasunaren ardurek ez dute itotzen babuino arra, baina, kumeak liskarretan hasten direnean eta bere ondorengoaren osasuna arriskutan egon daitekeela ikusten duenean, bere odolekoak direnak eta ez direnak ongi ezagutzen dituela erakusten du babuinoak. Babuinoak ongi daki bere kumeak bereizten!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia