}

...baina milurtea ez da hasi

2000/01/02 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Royal Observatory Greenwichek garbi esan du: 2001. urtean hasiko da XXI. mendea.

Zero urterik ez zen izan, eta mende batek 100 urte ditu.

Royal Observatory Greenwichek garbi esan du: 2001. urtean hasiko da XXI. mendea. Zero urterik ez zen izan, eta mendeak 100 urte ditu. 2000. urtea, gainera, bisiestoa izango da.

Azken hilabeteetan mendebaldeko mundua burua galduta ibili da. Etorkizunaren kontzeptuarekin luzaroan lotuta egon den 2000. urtean gaude jada. Orain galdera da urte hori zer den: mende eta milurteko honen azken urtea al da? Urtebete zain egon behar al da? Edo mende eta milurteko berriak estreinatu al ditugu? Galdera horiei erantzuteko gai zein den ere ez dago oso garbi. Azkeneko hitza zientzialariek ote dute? Horrelako kontuetan sartzeko eskubidea al dute? Askok pentsatzen dute erabaki subjektiboa dela. Informatikaren inguruko jendeari behintzat, garbi dago milurteko berriaren arazoak 2000ko lehenengo egunetik agertu zaizkiola.

2000 ala 2001?

Zein urtetan hasiko den hirugarren milurtekoa, arazo horri erantzuna eman behar diona ez da zientzia. Ados jartzeko arazoa besterik ez da. Hori bai, hitzarmena aspaldidanik hartuta dagoenez, errespetatu beharrean gaude. Denbora kontuetan gure erreferentzia den Royal Observatory Greenwich-en garbi esan dute: XXI. mendea 2001eko urtarrilaren batean hasiko da. Hala ere, jende gehienak 2000. urtearen hasieran ospatu du eta ospakizuna hasteko egun txarra ez dela ere onartzen dute. Beraz, ofizialki hartutako erabakia zein den jakin ondoren ez dago kezkatzeko arrazoirik, subjektibotasun kutsua onartuta dagoelako.

Erabakiaren arrazoibidea ulertzen erraza da. Zero urterik ez zen izan, eta mende batek 100 urte ditu. Beraz, 100. urtea lehenengo mende horren barruan sartu behar da. Bigarren mendearen lehenengo urtea 101. urtea da, alegia. Hirugarrenekoa, orduan, 201. urtea, eta abar. Horrela, hogeigarren mendearen lehenengo urtea 1901. urtea izan zen eta datorren XXI.mendean lehenengoa 2001.a behar du izan.

Horrek ez du murriztuko mende aldaketak ekarriko digun anekdotak sortzeko ahalmena. Konturatu besterik ez dago Europa mende berrian sartu eta hurrengo sei orduetan behintzat, Amerikako kontinentea aurreko mendean biziko dela.

2000ko otsailak 29

Orain arte esandakoarekin lotuta, noizbait aipatu izan den beste galdera badago. 2000. urtea bisiestoa da edo ez? Hasiera batean nahiko galdera ergela dirudi. Jakina, ba. Ez dago arrazoirik bisiestoa ez izateko. Lau zenbakiaren multiploa denez, hala izan beharko du. Aurrekoa ez bezala, kontu hau zientziaren esparruan guztiz sartuta dago.

Gogoratu behar da zergatik dauden urte bisiestoak. Lurrak eguzkiaren inguruko bira oso bat egiteko 365 egun baino zerbait gehiago behar du; sei bat ordu gehiago, hain zuzen. Horrek esan nahi du, lau bira emateko, lau aldiz 365 egunekin ez duela nahikoa; beste egun oso bat behar du. Horregatik, Julio Zesarrek bere egutegia osatu zuenean, lau urtean behin egun bat gehitu behar zela esan zuen; hau da, urte bisiestoa asmatu zuen. Baina hori ez da zehatza epe luze samarretarako. Horretaz konturatu zen Gregorio XIII. aita santua hamaseigarren mendean. Egutegi berria antolatzeko asmotan zebilenez, 1582. urteari hamar egun kenduta, ordura arteko desfasea konpondu eta urte bisiestoetarako beste arau bat jarri zuen. Ezaguna ez den arau berri hau 00 bukatzen diren urteetan erabili behar da: 1800, 1900, 2000... Arauak dio urte horietatik 400 zenbakiaren multiplo direnak bakarrik izango direla bisiesto. 1800.a, 1900.a, 2100.a ez dira urte bisiestoak; 1600.a, 2000.a eta 2400.a, ordea, bai. Beraz, 2000. urte honetako otsailak 29 egun izango ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia