Bakarrik al gaude?
2016/03/01 Artaetxebarria Artieda, Xabier - Telekomunikazio-ingeniaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurreko izaki zailduenak dira estremofiloak, gainerako bizidunentzat hilgarriak izango liratekeen baldintzetan bizitzeko gaitasuna baitute. Mota askotakoak daude, hala nola termofiloak, 120 °C-ra arteko aintzira termaletan bizi daitezkeenak, edota azidofiloak, pH = 2.0ko ingurune azidoan aurrera egiteko arazorik ez dutenak. Aspalditik ezagunak izan arren, azken urteotan aurkikuntza ugari egin dira alor honetan. Halako organismo sinestezinak aurkitzeko grinak oihartzun handiko akatsen bat ere eragin izan du: 2010aren amaieran, NASAk iragarri zuen artsenikoan oinarritutako bizia aurkitu zutela. Horrek aditzera emango luke badagoela bestelako biokimika bat, ezagutzen diren bizidunetan artsenikoa pozoi hutsa baita: zelulek fosforoa delakoan bereganatzen dute, oso antzekoa delako, baina erabiltzeko unean kale egiten die, artsenikoa oso ezegonkorra baita. Azkenean, NASAk onartu zuen aurkikuntza hura ez zela zuzena izan, organismo berezi hark artseniko-kontzentrazio altuak jasateak ez baitzuen esan nahi hura erabiltzen zuenik funtzio zelularrak aurrera eramateko.
Baina halako salbuespenetatik kanpo, asko izan dira benetako aurkikuntza harrigarriak. Esate baterako, Marianetako itsas hobian, itsas-azpiko punturik sakonenean, 6.000 metroko sakoneran baino bizi gehiago aurkitu zen ur-azaletik 11.000 metrora, 2013an. Edo, nola ez, sarreran aipatutako Antartikako izotz-azpiko aintziran. Baina, zer ikusi du horrek espazioan bizia aurkitzearekin? Zientzialariek ikusten dutena da biziak aurrera egiteko baldintzak ez direla duela urte batzuk uste bezain zorrotzak: tenperaturak, presioak, argiak, azidotasunak eta halako faktoreek ez dute nahitaez guretzat “normalak” diren neurrien barnean egon behar.
Hori ikusita, hainbat froga egin dira jakiteko ea organismoren bat gure planetatik kanpo bizi daitekeen. Adibidez, Japonian frogatu zuten grabitate altuak zer eragin zuen bakterioengan. Gainera, probak ez zituzten egin Lurraren grabitatea halako bi edo halako lau izango litzatekeen azelerazioarekin, Lurraren grabitatea halako 400.000rekin baizik! Eta baldintza bortitz horietan ere, bakterio batzuk gai izan ziren populazioa hazteko. Bestalde, bidaia espazialetan ere egin dira ikerketak, eta ikusi da bakterio batzuentzat grabitaterik eza onuragarria ere izan daitekeela, Lurrean baino gehiago ugaltzen baitira.
Hori guztia kontuan hartuta, ez dirudi sinesgaitza denik gure planetatik kanpo bizia aurkitzea. Baina non eta nola bilatu? Edozer gauza bilatzen dugunean, galdutako betaurrekoak adibidez, bi estrategia aukeratu daitezke. Lehen aukera da leku errazetan begiratzea, lan handirik eskatzen ez diguten lekuetan: sukaldeko mahai gainean, egongelakoan, gau-mahaian. Bigarren aukera da pentsatzea non egon daitezkeen. Noiz erabili genituen azken aldiz? Autoan? Han egongo al dira? Lurretik kanpoko biziaren kasuan, berdin. Has gaitezen gertutik: Ilargia lehengo, Marte gero. Ilargian begiratu dugu jadanik, eta badirudi bertan ez dagoela ezer.
Marten ere hasi gara begiratzen, azaletik bada ere. Planeta gorrian bizia aurkitzeko esperantza handirik ez dago, ez baititu betetzen ustez bizitzeko garrantzitsuak diren bi baldintza: ura likido egoeran eta atmosfera edukitzea. Ezagutzen ditugun bizidun guztiek behar dute ura bizitzeko, nahiz eta batzuk urik gabe biziraun dezaketen denbora luzean. Atmosferak, bestalde, hainbat funtzio betetzen ditu: espazioko erradiaziotik babestea, molekulak planetari “lotzea” eta ur likidoari eusteko gutxieneko presio bat eragitea.
Marten orain arte egin den aurkikuntzarik interesgarriena metanoa izan da, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, nahiz eta kantitate txikia izan den. Lurrean ezagutzen dugunagatik, izaki bizidunek edota sumendiek sortzen dute metanoa. Marten ere, hala balitz, esan nahiko luke Planeta gorria bizirik dagoela, biologikoki ez bada, geologikoki behintzat. Nolanahi ere, metanoaren aurkikuntza oso interesgarria da, eta hurrengo esplorazio-proiektuetan hobeto aztertu beharrekoa, haren jatorria ezagutzeko.
Europako Espazio Agentziaren (ingelesez ESA) Mars Express izeneko sateliteak, Marteren inguruan biraka dabilenak, aurkitu zuen metanoa. Planetaren azalean, berriz, NASAren Curiosity izeneko ibilgailu robotikoa ari da begiratzen ea Marten bizirik badagoen edo inoiz izan den, beste hainbat esperimenturen artean. 2016an, hasita eta ESAren ExoMars programaren barruan, beste satelite bat bidaliko da metano-neurketa zehatzagoak egin ahal izateko. Bi urte geroago, 2018an, ESAk ibilgailu bat bidaliko du Martera bizi-arrastoen bila.
Gure Eguzki Sisteman, hala ere, bada bizitzarako Martek baino baldintza hobeak aurkezten dituen astrorik.
Planeta gorriaren ondoren Jupiter dugu; hasiera batean, hautagai oso desegokia, ez baita planeta lurtarra, ia urik ez duen gasezko erraldoia baizik. Haren inguruan biraka, ordea, Europa izeneko satelitea dago. Lurra baino dezente txikiagoa da (gure Ilargiaren antzekoa), eta atmosfera oso fina du (azalean eragiten duen presioa lurrekoa halako 10 -12 da). Dena dela, badu ezaugarri bat oso erakargarri egiten duena: ura, likido egoeran. Arazoa da ur hori ez dagoela azalean, Eguzkitik hain urruti dagoenez izoztuta dagoelako. Hala ere, Jupiterren erakarpen-indarrek izotz-geruza hori mugiarazten dute, eta uste da higidura horrek eragindako beroak ahalbidetzen duela azaletik hainbat kilometrora urezko itsaso bat egotea. Gainera, 2013an, NASAk adierazi zuen 200 km-ra arteko ur-zorrotadak ikus daitezkeela Europako gainazal izoztutik ateratzen, barneko itsasoarentzat beharrezko den bero horrek berak eraginda segur aski.
Datu esanguratsu horien guztien harira, 2015eko urtarrilean, AEBko gobernutik datorren aurrekontu bat lortu du NASAk, Europarako lehen misio espezifikoari ekiteko. Europa Clipper izeneko proiektu horren helburua izango da astro izoztu horri buruzko mota askotako datuak jasotzea: zer konposatu kimiko dauden hautematea, bero-iturriak aurkitzea, mapa topografiko bat osatzea, eta abar. Nahiz eta kasu honetan aztergaia Jupiter ez izan, teknikoki errazagoa da zundak planeta erraldoi horren inguruan orbitatzea, eta, ahal den neurrian, noizean behin, Europara gerturatzea. Hala, NASAk kalkulatu du 45 aldiz igaro ahal izango dela Europatik gertu, 25 km-ko altueran.
Marten eta Europan bizitza bilatzea betaurrekoak etxeko lekurik azalekoenetan bilatzea bezala da. Hor begiratzen dugu gertuen ditugun hautagaiak direlako. Beste aukera da unibertso osoan bizia izateko egokiak izan litezkeen planetak bilatzea. Azken urteetan, Kepler teleskopioa martxan jarri zenetik bereziki, ehunka planeta aurkitu dira Eguzki Sistematik kanpo. Zehazki esanda, 2.073 planeta, otsailaren 10ean exoplanet.eu web-orrian azaltzen denaren arabera. Bestalde, 2017an jaurtiko den Transiting Exoplanet Survey Satellite (TESS) teleskopioarekin espero da zenbaki horrek nabarmen egitea gora. Bai Keplerrek eta bai TESSek exoplanetei buruzko hainbat datu aurkitzen laguntzen duten arren, bizigarritasunari buruzko informazio gutxi ematen dute. Horretarako, 2018rako, Webb teleskopioaren jaurtiketa dago planifikatuta. Zunda horrek exoplaneten atmosferaren egitura aztertzen lagunduko du, eta biziarekin erlazionatutako gasak aurkitzeko erabili ahal izango da, metanoa adibidez. Hortaz, TESS eta Webb batera erabiliz, espero da bizia izateko egokiak diren exoplaneta ugari aurkitzea.
Baina, zeintzuk dira bizia izateko baldintza egokiak? Ezagutzen dugun biokimika oinarri hartuta, aipatu dugu ura nahitaezkoa dela. Nahitaezkoak dira, halaber, karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa eta nitrogenoa. Izan al daiteke bizirik elementu horiek gabe? Badira baietz proposatzen duten zientzialariak, ura amoniakoarekin ordezkatuz, edota karbonoa silizioarekin. Gure planetan horrelako biokimiketan oinarritutako izakirik ez egoteak ez du esan nahi beste nonbait egon ez daitekeenik. Nola bilatu, ordea, nolakoa den ere ez dakigun hori? Zientzialari horiek diote teorikoki aztertu beharko liratekeela balizko ziklo biologiko horiek, haien arrastoak espazioan bilatu ahal izateko. Inoiz ikusi ez ditugun betaurrekoak bilatzea litzateke. Edo, agian zuzenago, betaurrekoak zer diren ere jakin gabe horiek bilatzea.
Ikusi dugu Lurrean zaila dela bizidunik gabeko lekuren bat topatzea, txokorik latzena ere etxe baitu bakterioren batek. Eta Lurretik kanpo ez da hautagairik falta bizidunen bati ostatu emateko. Bilaketa hasi da. Non ote daude betaurrekoak?