}

Bakterio espezie berri bat aurkitu dute Añanako Gatz Haranean

2022/03/10 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bakterio-espezie-berri-bat-aurkitu-dute-ananako-ga

EHUko MikroIker ikerketa-taldeak bakterio espezie berri bat aurkitu du Añanako Gatz Haranean, Santa Engraziako ituruburuko uretan. Altererythrobacter muriae deitu diote (SALINAS58). International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Añanako Gatz Harana gatz-burbuila handi baten gainean dago, duela 200 milioi urte itsaso bat lehortu zen lekuan. Bertan, iturburu hipergaziak azaleratzen dira, eta kondizio horietara egokitutako mikroorganismoen aniztasun handia dago (halofiloak eta halotoleranteak). “Azken urteetan egin ditugun mikroorganismo-populazioen azterketetan aurkitu ditugun espezieetako batzuk baliteke aurretik inoiz deskribatu gabeak izatea, eta ekosistema horietan soilik egotea”, azaldu du Ilargi Martinez Ballesteros ikertzaileak. “Horrek adierazten du leku horretako biodibertsitatea berezia dela, eta balio ekologikoa uste zena baino handiagoa”.

Gainera, muturreko baldintza horietan mikroorganismoek garatzen dituzten egokitzapen-mekanismoen bidez, bizirauteko baliagarriak zaizkien konposatuak sortzen dituzte, oso interesgarriak, esaterako, biomedikuntzarako, bioerremediaziorako eta elikagaien industriarako. “Mikroorganismoak funtsezkoak dira biosferarako elementu nagusien ziklo biogeokimikoak erregulatzen dituztelako, materia organikoa deskonposatzeko prozesuetan parte hartzen dutelako, elikagaien zikloa sustatzen dutelako eta konposatu kutsagarriak degradatzen dituztelako”, dio Martinez-Ballesterosek. “Hala, Añanako mikrobio-populazioei eta balizko erabilera bioteknologikoei buruzko informazioa sortuko dugu, gizakion osasunaren eta ingurumenaren mesedetan baliatzeko”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia