}

Bakterio karratuak

2004/10/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ingurune hipersalinoetan dauden bakterio karratuak laborategian haztea lortu dute.

1980. urtean, Anthony Walsby mikrobiologoak bakterio berezi batzuk hartu zituen Itsaso Gorriaren inguruko putzu batetik. Hango ura oso-oso gazia zen, eta han hazten ziren bakterio haiek lauki-itxura zuten. Ingurune hipersalinoetan hazteko gai diren bakterioak ikertzeko aukera eman zuen aurkikuntza hark.

Mikrobiologoek, ordea, ez zuten bakterio haiek laborategian hazterik lortzen. Ondorioz, ezin zituzten aztertu, horretarako bakterio asko behar baitira, eta ikertzaileek ezin dute jatorrizko lekura joan bakterioak behar dituzten bakoitzean. Beraz, bakterioak urtetan gorde ditu bere sekretuak.

Alabaina, elkarrekin zerikusirik ez duten bi taldek bakterioa laborategian haztea lortu dute. Hori lortzeko, ingurune egokia zein den asmatu behar izan dute; besteak beste, gutxienez % 18ko gatz-kontzentrazioa izan behar du urak. Gainera, pazientzia handia izatea ere beharrezkoa da, bakteriook denbora asko behar baitute ugaltzeko: Escherichia coli bakterioak 20 minutu behar ditu bikoizteko, eta honek, berriz, egun bat edo bi.

Orain, taxonomoak izena asmatu nahian dabiltza. Batzuek Haloquadratum walsbyi proposatu dute, lehenengo aldiz ikusi zituenaren ohoretan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia