Bakterio maiteak, hain gertu eta guk ia kasurik ez
2006/07/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jaiotzako unea eta bizitzako lehenengo urtea berebizikoak izaten dira haur baten bizitzan, zentzu askotan. Bada, bakterioekin izango duen harremanean ere funtsezkoa da garai hori; izan ere, haurra erditzearen unetik bertatik hasten da bakterioak jasotzen, esan bezala, eta urtebeterako heldu baten antzeko bakterio-koloniak omen ditu.
Udan denon ahotan izaten den bakterioetako bat Salmonella da, salmonellosia eragiten duen bakterioa, hain zuzen ere. (Argazkia: NIAID, NIH)
Haurren bakterio-koloniek nola eboluzionatzen duten ikusteko, gorotzak aztertzen dituzte —izan ere, digestio-aparatuan eta, batez ere, hesteetan dira ugarien bakterioak—. Duela gutxi argitaratu duten ikerketa batean, esate baterako, hamalau haurren gorotzak aztertu zituzten jaio zirenetik urtebete egin zuten arte, eta bakoitzaren amaren bakterioekin alderatu zituzten: baginakoekin, gorotzetakoekin, bularretako azalekoekin... Horrela, haurraren bakterio-iturri nagusia ere aztertu zuten.
Haurrak amarengandik jasotzen ditu bakterio gehienak. Haurdunaldian, haurra ingurune esteril batean dago, umetokian, hain zuzen ere. Baina erditzean, bakterioak jasotzen hasten da, amarengandik batez ere. Lehenengo kontaktua amaren baginako bakterioekin izaten du, bakterio horiek azalean itsasten zaizkio eta irentsi ere egiten ditu amaren gorputzetik kanporako bidean; eta, behin kanpoan, airean daudenak, amaren azalekoak, bularreko esnekoak eta abar jasotzen ditu —eta ez bakarrik amarenak, besteak beste, haurra laztantzera gerturatzen diren guztienak ere hartzen ditu—. Horrela, denbora gutxian bakterioek gorputz berria kolonizatua dute.
Hesteetako flora ugaria
Bakterio-kolonia horiek babes-hesi bat izango dira beste bakterio eta mikroorganismo batzuen aurrean. Nolabait esateko, ez diete lekurik utziko beste bakterioei. Pentsa, hesteetan bakarrik 1,2 kilogramo bakterio inguru omen dauzka gutako bakoitzak. Hesteetako flora deitzen den hori oso ugaria da, beraz.
Hesteetako florak hainbat bizi-funtziotan laguntzen du: landare-azukre batzuen digestioan laguntzen du, bitamina batzuk ekoizten ditu (K bitamina, esate baterako) eta immunitate-sistema sustatzen du. Beraz, hesteetako bakterioak behar-beharrezkoak ditugu bizitzeko.
Bakterio horiek gizakiarekin batera eboluzionatu dute, giza gorputzean bizitzeko egokituta daude (azalean eta hesteetan gehienbat). Ezagunenak laktobaziloak eta bifidobakterioak dira, baina askoz gehiago ere badira: gizakiarekin harreman estuan bizi diren milatik gora bakterio-espezie omen daude. Hori bai, banako bakoitzak ehun espezie inguru dituela uste da; beraz, bakoitzak bere bakterio-konbinazioa du, eta ez dauka zertan aldamenekoaren berdina izan.
Bakterioak gutako bakoitzaren hatz-marken antzekoak dira, beraz. Eta gurekin lotura estu-estuan bizi dira. Tamalez, bizitzarako halako garrantzia duten arren, orain artean arreta gutxi jarri izan zaie gaixotasunik eragiten ez duten bakterioei. Dena dela, hori aldatzekotan dagoela dirudi, bakterioekin lotutako ikerketak ugaritzen ari baitira.
7K-n argitaratua.