}

Bakterioak zelula eukariotoen parte noiz bihurtu ziren kalkulatu dute

2013/06/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bakterioak-zelula-eukariotoen-parte-noiz-bihurtu-z
Kloroplastoak, Plagiomnium affine goroldioaren zelulen barruan. Arg. Kristian Peters/CC-BY-ND

Duela milioika urte, zelula eukariotoetan barneratutako bakterio batzuk zelularen parte bihurtu ziren. Horrela sortu ziren organulu batzuk; hau da, zelularen barruan funtzio espezializatua duten gorputz txikiak. Horien adibide dira mitokondrioak eta kloroplastoak.

Ikertzaile askorentzat, erronka erakargarria izan da asmatzea noiz gertatu zen eboluzioaren pauso garrantzitsu hori. Orain arteko kalkuluak ez ziren oso zehatzak, duela 800 milioi urte eta 3.000 milioi urteko tartea ematen baitzuten. Orain, ordea, Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek zehaztasun handiagoa lortu dute, eta haien arabera, ez zen batzuek uste zuten bezain goiz gertatu. Hain zuzen, kloroplastoen kasuan, duela 900 milioi urte inguru izan zela kalkulatu dute.

Aurretik egindako kalkuluetan, batez ere bakterioen arrasto fosiletan eta adierazle kimikoetan oinarritu dira. Aldiz, Kaliforniakoek metodo genetikoa erabili dute: gaur egungo mitokondrioen eta kloroplastoen DNAn jatorrizko bakterio haien geneak gordetzen direlakoan, denboran atzera egin dute, geneen mutazio-tasa ezagututa. Horrela iritsi dira kalkulatzera duela 900 milioi urte bihurtu zirela zianobakterioak zelula eukariotoen kloroplasto. PNAS zientzia-aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia