}

Bakterioei esker, nitrogenoa ere eskuragarri

2009/11/26 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Hostoetako azukreak ez ezik, proteinak eta gainerako nitrogenodun osagaiak sintetizatzeko beharrezko nitrogenoa ere lortzen dute inurri hosto-ebakitzaileek beren gordelekuetan izaten dituzten “mikroorganismo-baratzeetan”. Wisconsin Unibertsitateko biologo-talde batek ikusi du atmosferako nitrogenoa finkatzen duten bi bakterio-genero daudela hostoak inurrientzat jangarri egiten dituzten bakterio- eta onddo-haztegi horietan.

Inurri hosto-ebakitzaileek ez lukete modurik izango ebakitzen dituzten hostoetatik elikatzeko, gordelekuetan baratze berezi horiek izango ez balituzte. Hain zuzen, baratze horietako mikroorganismoek, onddoek bereziki, prozesatu egiten dituzte inurriek eramaten dituzten hostoak, eta inurriek digeritzeko moduan uzten dituzte, ore zuri baten itxura emanez. Bakterioak ere badaude kolonia horietan, eta onddoak eta inurriak babesteko antibiotikoak ekoizten dituzte elikagaien truke.

Hostoak, baina, oso pobreak dira nitrogenotan, eta ezinbesteko osagai hori nondik lortzen ote duten jakiteko esperimentu batean ikusi dute Wisconsingo ikertzaileek bakterio nitrogeno-finkatzaileak ere badaudela baratze emankor horietan. Ikerketan parte hartu duen ikertzaile batek Science aldizkariari esan bezala, "benetako digestio-sistemak dira inurritegietako baratze horiek".

Irudia: Michael Poulsen, © Science

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia