}

Bakterioen bidez, hidrogeno-gasa sortu dute, bestelako energia-iturririk erabili gabe

2011/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bakterioen-bidez-hidrogeno-gasa-sortu-dute-bestela
Autoentzat erregaia sortzea da hidrogeno-gasa produzitzearen helburu nagusietako bat. Arg. © Mona Makela/123RF

Erregai gisa erabil daitekeen hidrogeno-gasa sortzea lortu dute Pennsylvania Estatu Unibertsitateko bi ingurumen-ingeniarik, lehengai gisa ura eta bakterioak bakarrik erabilita. Lortu duten erregai-kantitatea oso txikia da, baina hidrogenoa sortzeko prozesua bideragarria dela frogatzeko balio izan duela adierazi dute ikertzaileek PNAS aldizkarian.

Hidrogenoa sortzeko dagoeneko asmatuta dauden bi sistema elkartuta lortu dute kanpoko energia-ekarpenik egin gabe sortzea hidrogeno-gasa. Batetik, bakterioen bidez hidrogenoa sortzen duen metodologia bat erabili dute, baina sistema horrek kanpoko elektrizitate-iturri batetik energia gehigarria ematea eskatzen du. Bestetik, mintz iragazkor baten bidez ur gazia eta geza bereizita, bien artean sortzen den potentzial-diferentzia erabili dute. Sistema horiek, ordea, ez dute korronte elektrikoa sortzen, baizik eta potentzial-diferentzia bakarrik.

Bada, bi sistema horiek konbinatuta, potentzial-diferentzia horretaz baliatu dira bakterioei hidrogenoa sortzeko beharrezko energia emateko. Energiaz gain, azetato-konposatuak behar dituzte bakterioek hidrogenoa sortzeko lehengai gisa. Esperimentuan, 30 mililitro sodio azetatorekin 21-26 mililitro hidrogeno lortu zituzten egun oso batean. Zientzialariek onartu dute oso kantitate txikia dela (metxero batek duen erregaia halako lau), baina laborategian hidrogenoa sor daitekeela frogatzeko nahikoa dela adierazi dute.