}

Balearen hezurrak bide gisa

1997/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsasoaren hondoan sakonera handietan bizia nola transmititzen den aurkitu dute ikertzaile japoniar batzuek.

Ikertzaile japoniar batzuek aurkitu berria dute itsasoaren hondoan sakonera handietan dauden iturri hidrotermaletan batetik bestera bizia nola transmititzen den. Ur beroa eta metalen sulfuroak jaurtikitzen dituzten tximinia horien inguruan animali komunitate oparoak bizi ohi dira.

Ekosistema edo oasi txiki horien berezitasuna Eguzkiaren energiaz ez baliatzea da. Izan ere, horko zizare erraldoiak, moluskuak eta krustazeoak bertako bakterio-florarekin elikatzen dira. Bakterio kimiotrofo horiek, hidrogeno sulfuratuaren degradazioan askatutako energia erabiltzen dute molekula organikoak sintetizatzeko.

Baina hondalean elkarrengandik ehundaka kilometrotara dauden iturri hauen inguruak nola kolonizatzen dituzte? itsas hondoan dauden balea eta gainerako zetazeoen hezurretan egingo lukete beren bidaia. Hipotesi hori egiaztatzeko behi-hezurrak ipini dituzte hondalean. Hezur horiek lehenbizi sedimentuetako bakterio aerobioak elikatu dituzte.

Gero ordea, uretako beste bakterio batzuk etorri dira; metabolismoan hidrogeno sulfuratua sortzen dutenak. Horrela ekosistema edo oasietako bakterioei behar duten energia eskaini diete, eta urtebete barru behi-hezurrak iturri hidrotermaletako bakterio kimiotrofoz eta karramarroz kolonizatuta zeuden.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia