Balioen krisi bat dago ingurumen-larrialdiaren oinarrian
2023/08/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egungo gizakiak naturaren balioak gutxietsi egiten ditu, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Naturaren inguruko pertzepzio murritza eta distortsionatua du, eta zientzialariek uste dute hori izan daitekeela planeta osoa ingurumen-larrialdi global batera eraman duena. Gizartean balioen krisi sakon bat identifikatu dute, eta horri egotzi dizkiote klima-larrialdia, biodibertsitatearen galera, desertifikazioa eta kutsadura bezalako arazoak. Izan ere, naturaren balioak gutxiesteko jarrera hori, erabaki pertsonaletan ez ezik, erabaki politiko eta ekonomiko garrantzitsuetan islatzen dela adierazi dute.
Ikertzaileek 50.000 artikulu zientifiko, dokumentu politiko eta ezagutza-iturri tradizional aztertu dituzte, naturarekiko azaltzen diren sinesmen, ezagutza eta printzipio moralak ezagutzeko. Emaitzen arabera, neurriz kanpoko garrantzia ematen zaio merkatuak islatzen dituen balio ekonomikoei, eta bazterrean geratzen dira bestelako balioak, hain komertzialak ez direnak, baina besteak bezain garrantzitsuak, edo are garrantzitsuagoak direnak: hala nola naturak gizakien identitate kulturala elikatzen duela, ongizate mental eta soziala sustatzen dituela, eta natura zaintzeak klima-aldaketaz babestu dezakeela.
“Balio komertzial horiek balio hegemonikoak bihurtuz doaz”, dio Unai Pascual Garcia de Aziluk, artikuluaren egile nagusi eta BC3ko eta Ikerbasqueko ikertzaile euskaldunak. “Balio hegemoniko horien ondorioz, naturaren zaintzarekin zerikusia duten balioak gutxiesten ari dira eta, kasu batzuetan, desagertzen. Materialismoa eta indibidualismoa indartzen ari dira, batez ere gure mendebaldeko gizarte modernoetan”.
Naturaren balioei izena jarriz
Zientzialariek, ordea, askotariko balioak aitortzen dizkiote naturari: batetik, balio instrumentalak, gure gizartean indar handia dutenak. Naturak elikagaiak, ura, mineralak eta balio ekonomiko handiko bestelako produktuak eskaintzen dizkio gizateriari. Baina bestelako balio instrumentalak ere baditu, merkatutik kanpo daudenak: materiaren zikloa eta bizitzaren prozesu orokorrak erregulatzen ditu, klima egonkortzen du…
Bestetik, harreman-balioak aitortzen dizkiote naturari. Besteak beste, naturak eta paisaiak jendearen identitate kulturala sortzen laguntzen dute, komunitate baten parte sentitzen, eta bizitzari zentzua ematen diote. Naturan egoteak ongizate mentala hobetzen du, naturaren ernetze eta oparotasunak indarberritu egiten baikaitu, oparotasun-sentsazioa sortuta gugan. Areago, natura zaintzeak berak asebete egiten gaitu. Hain zuzen, Pascualek euskara eta harreman-balioen arteko loturari buruzko ikerketa egin zuen 2021ean Euskal Herrian.
Azkenik, eta ez horregatik balio gutxikoak, balio intrintsekoak. Naturak gizarteari egiten dizkion ekarpenez harago, berezko balio preziatua du naturak, existitze hutsagatik; baita gu existituko ez bagina ere. Jada herrialde batzuetako legediak hasi dira naturaren eskubideak jasotzen.
Botere-asimetria eta hegemonia
Erabakigune politiko eta ekonomikoetan ez dira naturaren balio guztiak kontuan hartzen, ordea. “Gizartean botere-harremanak existitzen dira”, dio Pascualek. “Botere gehien duten aktoreek lortzen dute beraiek lehenesten dituzten balioak ezartzea, eta etengabe kanpoan geratzen dira gizarteko kolektibo jakin batzuen balioak”. Erabakiak hartu behar direnean, zilegitasuna kentzen zaio zientziatik haratago dauden beste ezagutza-sistemei (adibidez, ezagutza tradizionalari), hala nola tokian tokiko biztanleei eta Herri Indigenei, emakumeei eta erabakiak kaltetzen dituen kolektiboei. Nature artikuluko zientzialarien ustez, premiazkoa da erabaki politikoak hartzen dituztenek natura eta kolektiboak nola eta zergatik gutxiesten dituzten ulertzea eta horri irtenbide justuak aurkitzea.
Ikertzaileek uste dute egiturazko aldaketak egin behar direla, elkarrekin kateatutako klima- eta bioaniztasun-larrialdiari erantzun nahi bazaio. Ezinbestekoa da naturak egiten dituen ekarpen guztiei balioa ematea, eta erabaki politiko eta ekonomikoak hartzen direnean, balio guztiak integratzea.
Gatazka sozialak, krisiaren lekuko
Balio guztiak aintzat hartzeak eskatzen du, mendebaldeko ikuskera hegemonikoaz gain, naturaren inguruan egon daitezkeen ikuskera desberdinei tokia egitea. Baita prozesu partehartzaile eta inklusiboak egitea ere. Horrek gatazka asko saihestuko lituzkeela uste dute zientzialariek. Erabaki justuagoak lirateke, erabakien legitimitatea handituko luke, gizartea ahaldunduko litzateke eta injustiziak arinduko lirateke. Azken batean, erabakiak hartzea erraztuko lukeela diote.
Euskal Herrian bertan balioko luke gatazkak saihesteko. “Hor ditugu azpiegitura erraldoi gatazkatsuak: abiadura handiko trena, parke eolikoak, Itoizko urtegia... Arduradun politikoek balio batzuen alde egiten dute, eta ez dituzte aintzat hartu nahi gizartean azaltzen diren bestelako balioak, botere-asimetria baliatuta”, dio Pascualek.
“Eskala txikian, berdin. Orain, hiri eta auzo askotan, zuhaitzak botatzen ari dira. Esaterako, Iruñean, lurpeko parking bat eraiki nahi dutelako. Eta jendea kalera atera da, protestaka. Balioen gatazka sortu da: udaletxeak uste du Iruñeako jendearen ongizatea hobetzeko modu bat dela bakoitzak bere autoa erabili ahal izatea erdigunera joateko, horrek suspertuko lukeelako Iruñeako arlo komertziala. Ez dira konturatzen zuhaitz horiek bestelako balioak izan ditzaketela iruindarrentzat”.
Ikertzaileen arabera, balio horiek guztiak neurgarriak dira: zientziak garatu ditu naturaren balio ekonomikoak, sozialak zein ekologikoak kuantifikatzen dituzten metodologiak. Gobernuek erabaki politiko eta ekonomikoak hartzeko prozesuetan metodologia horiek integratzea garrantzitsua dela aldarrikatu dute zientzialariek.
Bioaniztasun- eta klima-larrialdi bikoitzari aurre egiteko irtenbideak
Hori guztia kontuan hartuta, bioaniztasunaren galeraren eta klima-larrialdiari aurre egiteko eraginkorrak liratekeen lau ekintza identifikatu dituzte ikertzaileek: naturaren balio anitzak aitortzea; erabakiak hartzen direnean, balio horiek guztiak kontuan hartzea, zientziak garatutako metodologiak erabilita; politikan eta instituzioetan aldaketa sakonak bultzatzea, prozesu partehartzaile eta inklusiboak izan daitezen, balio anitz horiek kontutan hartuz; eta gizartean jasangarritasunarekin bat datozen balioak sustraitzen joatea.
Noiz eta nola sortu da balio-krisia?
Balioen krisia nola sortu den aztertzea ere interesgarria litzateke. Izan ere, gizaki eta naturaren arteko harremana milaka urtez zizelkatzen joan da. Zergatik sortu da balioen krisia historiaren garai honetan? Pascualen arabera, gaia konplexua da eta jatorri historiko desberdinak egon daitezke balio-krisiaren atzean. Baina baliteke patriarkatuak, kapitalismoak eta neoliberalismoak ezarri izana balio hegemoniko horiek. Ez du baztertzen haiekin batera hasi izana naturaren balioen krisia.
“Balio hegemoniko horiek ongizatea oso modu materialistan eta indibidualistan ulertzera eraman gaituzte, eta errealitatea distortsionatuta ikusten dugu mendebaldeko gizartean. Bada garaia ongizatea eta garapena beste modu osasuntsuago batean ulertzeko”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia