Umeak txerto
2014/12/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tifoiak gogor jo zuen. “Ordu gutxitan fragata txikitu zuen; popako masta, sokak, hiru aingura, txalupak eta 20 gizon galdu genituen. Denok uste genuen une batetik bestera olatuek ehortziko gintuztela” kontatuko zuen Francisco Xavier Balmis-ek. “Txertoa kontserbatzea eta jainkoaren errukia erregutzea ziren nire ahalegin bakarra… Azkenean, hasi zen denboralea lasaitzen, eta itsaso haietan ohikoak diren piraten eta lapur txinatarren arriskuari aurre eginez, kanoa txiki batean lehorreratu nintzen, umeak besoetan nituela; horrela salbatu genituen gure biziak, eta txerto preziatua”.
Bi urte lehenago hasi zen dena. 1803ko azaroaren 30ean, Coruñatik atera zen Maria Pita korbeta; barruan medikuak, erizainak, eta 21 ume. Baztangaren txertoa munduan zabaltzera zihoazen, Francisco Xavier Balmis mediku alacantarrak gidatutako espedizioan. Txertoaren Errege Espedizio Filantropikoa zen.
Ez zen denbora asko Edward Jenner mediku ingelesak baztangaren kontrako txertoa asmatu zuela: behi-baztangak eragindako legenetako zornea larruazalean egindako zaurietan sartuta, baztanga arruntarekiko immunitatea lortzen zen. 1798an argitaratu zuen. Baztanga gaitz larria zen, eta heriotza ugari eragiten ari zen. Eta, hasieran Jennerren teknikak beldurra eta kritikak eragin bazituen ere, laster hasi zen txertoa zabaltzen Europan. Europatik kanpora ere gogor ari zen jotzen gaitza, ordea. 1802an Ameriketako kolonietako baztanga-epidemiei buruzko berriak iritsi ziren Espainiara. Balmis Carlos IV erregearen ganberako zirujaua zen orduan, eta erregea konbentzitu zuen txertoa kolonietara eramatearen garrantziaz.
Koroaren dirua bazuen Balmisek, baina txertoa nola eraman itsasoz beste aldera, hori beste kontu bat zen. Ordura arte, bi kristalen artean eta parafinaz zigilatuta bidali izan zen. Baina, ez zen egoera onean iristen, eta ia beti txertoaren eraginkortasuna galtzen zen. Balmisek beste plan bat zuen: umeak erabiliko zituzten txertoa garraiatzeko.
Adin txikiko umeek erantzuten zioten ondoen txertaketari, eta beraz, aproposak ziren Balmisen plana aurrera eramateko. Jennerrek bezala, behi-baztangaren birusa zuen fluidoa txertatuko zien umeei, infektatutako lantzeta batekin sorbaldan zauritxo bat eginez. Hamar bat egunera pikorrak aterako zitzaizkien. Hura izango zen unea pikorretatik txertoa hartu eta beste ume batzuei pasatzeko. Aldiro bi ume txertatuko zituen, eta horrela eramango zuen txertoa Amerikaraino.
Sei ume hartu zituen Madrilgo Inklusatik, eta haietako birengan eraman zuen txertoa Coruñara. Coruñako Ume Abandonatuen Etxera joan zen ume gehiagoren bila. Han, txundituta gelditu zen ikusita bertako zuzendariak, Isabel Zendal Gomezek, umeak zein ondo tratatzen zituen eta haiekin zein ondo moldatzen zen. Berehala konturatu zen primeran etorriko zitzaiola emakume hura espedizioan, eta kontratatu egin zuen. Madrildik ekarritako 4 ume, eta Coruñako beste 17 ontziratu ziren, tartean Isabelen semea. Zazpik hiru urte inguru zituzten, eta zaharrenek bederatzi. Denak mutilak ziren.
Coruñatik atera eta 10 egunera Tenerifera iritsi ziren. Bero hartu zituzten han. Kanarietan ez zegoen txertorik ordura arte, eta ondo zekiten zer altxor zekarren espedizio hark. Ez zen meza eta ospakizunik falta izan.
1804ko urtarrilaren 6an atera ziren Tenerifetik, eta otsailaren 9an Puerto Ricora iritsi ziren. Lortu zuen txertoa Amerikara eramatea. Alabaina, txertoa eramatea bezain garrantzitsua izan zen, txertaketak nola egin, eta txertoa nola kontserbatu eta zabaldu erakusten egin zuen lana. Lekuan lekuko txertaketa-batzordeak eta sareak antolatzen zituzten, txertaketa-kanpainak eraginkorrak izan zitezen.
Puerto Ricotik, beste hiru ume hartu eta Venezuelara joan ziren. Han bitan banatu zen espedizioa. Jose Salvanyk gidatutako talde bat lurrean gelditu zen, txertoa Hego Amerikan zehar zabaltzen jarraitzeko, eta Balmis Kubarantz abiatu zen beste sei ume venezuelarrekin.
Umeak lortzea ez zen beti erraza izaten. Kuban, esaterako, arazoak izan zituzten, eta hiru neska esklabo erosi zituen Balmisek (espedizioan parte hartu zuten neska bakarrak), txertoa Mexikora eraman ahal izateko.
Balmisek ahalegin guztiak egiten zituen umeak beti ahalik eta ondoen egon zitezen. Espedizioa hasi aurretik kondizio bakarra jarri zuen, etapa bakoitza bukatzean umeak beren jaioterrira bueltatzea. Gehienetan hala izan zen, baina ez Espainiatik eramandakoen kasuan. Haiek Mexikon gelditu ziren. Han gestio guztiak egin zituen egoitza on batean egon zitezen, eta hezkuntza egokia jaso zezaten. Batzuk familia mexikarrek adoptatu zituzten. Baina hortik aurrera ez da ezer gehiago jakin haiei buruz. 1810ean, artean, ume haiek Espainiara ekartzeko eskatzen ari zen Balmis.
Maria Pita ontzia Espainiara itzuli zen Mexikotik. Baina espedizioak aurrera jarraituko zuen. 1805eko otsailaren 8an Acapulcotik atera ziren Magallanes ontzian, 26 ume mexikarrekin. Bost asteko bidaia hura gogorra izan zen. Kapitainarekin liskarrean aritu zen etengabe Balmis, hark ez baitzizkien agindutako baldintzak eskaini espediziokoei. Umeek lurrean egiten zuten lo, leku zikin eta txiki batean pilatuta. Ezinezkoa izan zen kontaktu bidezko nahigabeko txertaketak saihestea.
Manilara iritsi ziren, eta Coruñako Ume Abandonatuen Etxeko zuzendariak han utzi zuen espedizioa. Balmisek esker oneko hitzak baino ez zituen harentzat: “Nekaezin gau eta egun, amarik sentikorrenaren samurtasuna isuri du bere esku zituen 26 aingerutxoentzat, Coruñatik hasita bidaia guztietan egin duen bezalaxe”.
Balmisek pixka bat gehiago jarraitu zuen. Hiru ume filipinar hartu eta Macaora (Txina) abiatu zen, Diligencia fragata portugaldarrean. Tifoi baten ondorioz, ozta-ozta iritsi ziren bizirik. Macaotik Cantonera pasa zen, eta azkenik Espainiarako buelta hartu zuen. Bidean Atlantikoaren erdiko Santa Helena uharte britainiarrean gelditu ziren; eta hango biztanleak ere txertatu zituen Balmisek.
1806ko abuztuaren 14ean iritsi zen Espainiara. Guztira ehundik gora umek parte hartu zuten espedizioan, eta milaka eta milaka pertsona txertatu ziren. Txertoaren sortzaile Jennerrek berak goraipatu zuen Balmisen lana: “Ezin imajina dezaket historian hau baino filantropiaren adibide handiagorik eta nobleagorik izango denik”.
Bibliografia:
Angulo, E.: “El caso de los niños vacuniferos”. Cuaderno de Cultura Científica (2014).
Ariza, L.M.: “La odisea del doctor Balmis”. El País (2010).
Balaguer Perigüell, E. eta Ballester Añon, R.: “En el nombre de los niños: la Real Expedición Filantrópica de la Vacuna (1803-1806)”. Asociación Española de Pediatría (2003).
Fuentes, V.: “Un médico español del siglo XIX lideró la primera misión humanitaria de la historia”. SINC (2013).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia