Banakako izar-kopururik handiena behatu dute Dragoiaren Arkua galaxian
2025/01/15 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nazioarteko astronomo-talde batek banakako 40 izar baino gehiagoren argazkiak atera ditu, urruneko unibertsoan. Hain zuzen, haien argiak, Lurrera iristeko, unibertsoaren adinaren erdia behar izan du; alegia, ia 6.500 milioi argi-urte. EHUn eta DIPCn lanean diharduen Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea izan da taldeko partaideetako bat, eta ikerketaren emaitzak Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dira.
NASAren James Webb Teleskopio Espazialarekin (JWST) egin dute behaketa, eta, haren sentsibilitate handiari esker, 44 izar identifikatu dituzte. Ikertzaileen esanean, aurrekaririk gabeko lorpena izan da, inoiz ez baitira hainbeste izar identifikatu banaka.
Astrofisikariek JWSTak Dragoiaren Arkua deritzon galaxia bati ateratako argazkiak ikuskatzean aurkitu dituzte aipatutako izarrak, Abell 370 izeneko galaxia-kumulu masibo baten atzean. Izan ere, grabitazioaren eraginez, grabitazio-lentearen efektua deritzona gertatzen da: atzean dagoenaren (Dragoiaren Arkua) argia deformatu egiten da, eta ohiko espiralaren ordez (horixe baita efektu hori gabe ikusiko litzatekeena), proportzio kosmikoak dituen korridorea ikusten da.
Taldeak Dragoiaren Arkuaren barruko izar bakoitzaren koloreak aztertu eta izar horietako asko supererraldoi gorriak direla egiaztatu dute, Orion konstelazioan bizitzaren azken aldietan dagoen Betelgeuseren antzekoak. Aurreko aurkikuntzetan, Rigel eta Deneb bezalako supererraldoi urdinak identifikatu ziren nagusiki, gaueko zeruan dauden izarrik distiratsuenetakoak. Ikertzaileen esanetan, izar-moten arteko desberdintasun horretan, nabarmentzekoa da JWST-k uhin infragorrien luzeretan duten gaitasuna.
Hurrengo behaketetan, Dragoiaren Arkuaren galaxian magnifikatutako izar gehiago aurkitzea espero dute, baita materia ilunari buruzko galdera batzuen erantzunak jasotzea ere. Hain justu, Tom Broadhurst, George Smoot Fisikako Nobel sariaduna eta Paloma Morillo doktoregoko ikaslea partaide dituen EHUko taldeak oraintsuko artikulu batean azaldu duenez, izarrek Dragoiaren Arkuan dituzten posizioek argi utzi dute materia iluna uhinen antzekoa dela, eta ez partikula astunen antzekoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia