Banakoen baturatik haratago
2006/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Oti-izurriek kalte handiak eragiten dizkiete nekazariei, batez ere Afrikan eta Australian. Talde txikietan daudenean, oti bakoitza bere aldetik mugitzen da, eta ez dira hain kaltegarriak. Talde handietan, ordea, otiek bestelako jokabidea dute: denak bat eginik mugitzen dira, organismo bakarra balira bezala. Orduan bihurtzen dira benetan arriskutsu nekazarientzat.
Jokabide-aldaketa hori noiz gertatzen den ikertu dute Oxford Unibertsitatean. Oti gazteak, ninfak, jarri dituzte espazio mugatu batean, eta ikusi dute zer kopurutatik gora aldatzen duten portaera. Dirudienez, metro karratuko 25 ninfa daudenean hasten dira elkarrekin mugitzen.
Ikerketaren emaitza garrantzitsua izan daiteke izurriak kontrolatzeko. Nolanahi ere, ikertzaileek oraindik ez dakite zergatik gertatzen den jokabide-aldaketa hori; kanibalak direnez, litekeena da besteen janari ez bihurtzeko jartzea haiekiko paraleloan.