}

Banpiroak ez dira hain beldurgarriak

2005/06/05 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nolakoak imajinatzen dituzu saguzar banpiroak? Handiak, letagin zorrotzekin, maltzur begiratzen dutela... hitz batean: beldurgarriak? Bada ez izan beldurrik, ez baitira ez hain handiak eta ez hain maltzurrak. Animalien odola edanda bizi diren animaliatxo batzuk baino ez dira.
Saguzar banpiroak saguzar hosto-muturrarentaldekoak dira; muturmotzak eta belarri handikoak dira.

Hiru dira banpiro deituriko saguzar-espezieak, eta bat bera ere ez da bizi Euskal Herritik gertu; egia esan, guztiak Amerikako kontinentean bizi dira: Ipar Amerikaren hegoaldean, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikaren iparraldean. Beraz, saguzar banpiroak ikusteko aukera handirik ez da hemen. Baina banpiroak bizi diren inguru hartan ere ez dira ikusten errazak; izan ere, gauez ibiltzen dira

banpiro jatorren gisara

Dena dela, ez da denbora asko banpiro izena jaso dutela; izan ere, banpiro hitzaren jatorria Errumaniako eta haren inguruko lurraldeetako kondairetan dago. Kondaira haietan, giza odolaz elikatzen ziren pertsonaia makur eta beldurgarriak agertzen dira. Eta, saguzar berezi horiek ere odola zurrupatuta elikatzen direnez, izen hori eman zaie: saguzar banpiroak.

Filmetan saguzar handiagoak erabiltzen dira banpiroak balira bezala, batez ere azeri hegalari galantak.
www.micktravel.com

Baina saguzar horiek ez dute inondik inora giza odola edaten, ganaduarena eta hegazti batzuena baizik. Eta, gainera, fikziozko filmetan agertzen diren saguzar handi, ikaragarri horiek baino askoz ere txikiagoak dira: 40 gramora nekez iristen dira, eta hegoak zabal-zabal eginda 35 bat zentimetro dituzte gehienez.

Bestalde, saguzar askoren izen zientifikoan banpiroei erreferentzia egiten zaie. Horren adibide dira Vampyrum , Vampyressa , Vampyrodes eta Vampyrops generoak, baina saguzar horiek ez dira odol-zurrupatzaileak; aitzitik, gainerako saguzarren antzeko dieta dute.

Nondik ote datoz?

Noski, saguzarrek odola edatea ez da ohikoa. Asko fruitujaleak dira, eta beste asko intsektuekin elikatzen dira. Eta, hain zuzen ere, saguzar intsektujale batzuetatik eboluzionatu zutela banpiroek uste da. Hainbat teoria daude saguzar berezi horien jatorria azaltzeko. Batzuek uste dute saguzar horien arbasoek ugaztunetako intsektu parasitoak jaten zituztela, parasito odoljaleak; beste batzuek, berriz, ugaztun handien zaurietan hazten diren intsektuak eta horien larbak jaten zituztela, eta, pixkanaka, odola edateari afizioa hartu ziotela.

Saguzar banpiroak Amerikako saguzar hosto-muturren taldekoak dira (Phyllostomidae). Oso aurpegiera berezia dute: mutur handia eta zapala dute, ebakortz luze-zorrotzak —ganaduaren azala zulatzeko— eta belarri handi-handiak.

Belarri handi horiek ilunpean ‘ikusten’ laguntzen dio saguzarrari. Izan ere, ekolokazioa izeneko sistema erabiltzen du ingurua hautemateko: soinuak, uhin ultrasonikoak, zehatzago esateko, igorri eta entzundako oihartzunari esker inguruko objektuak detektatzen ditu. Sistema horretaz baliatzen da saguzarra gauean harrapakina detektatzeko.

Ez dago saguzar-aleak banaka-banaka kontatzerik, azalera neurtu eta batezbestekoa kalkulatu behar.
Indiana DNR; Scott Johnson

Saguzar banpiroaren kasuan, harrapakina lo dagoen behiren bat izan ohi da. Saguzarrak hegan egiten duena jakina da, baina banpiroa lurretik gerturatzen zaio behiari. Gainerako saguzar gehienak ez bezala, banpiroa ongi moldatzen da lurrean, eta ibili ez ezik korrika ere egiten du. Horretarako, hego-itxurako besoekin egiten du indarra (gainerako animalien korrika-estiloarekin alderatzen bada, xelebrea da saguzar honen korrika egiteko modua), eta, den txikirako, oso azkarra da, segundoko metro bateko abiadura neurtu izan diote ikertzaileek.

Jatordu bakarra, baina ezinbestekoa

Bada, esan bezala, lurretik gerturatzen zaio behiari; eta hankako odol-hodi bat aukeratzen du. Odol-hodia dagoen gunea beroagoa da gainerako azala baino, eta horren bitartez detektatzen du saguzarrak. Odol-hodia aurkitu duenean, zizta sartzen ditu hortzak azala zulatzeko; eta hodian zehar doan odola xurgatzen du.

Asetzeko hogei bat gramo odol behar ditu saguzarrak. Behia ez da odolusten, ezta gutxiago ere. Aberearen pisuaren % 10 inguru izaten da odola; beraz, laurehun bat kiloko behi batek berrogei kilo odol du —hogei gramo galtzea huskeria bat dela esan daiteke—.

Arazoa behiak ez baizik saguzarrak izan beharko luke, odol hori guztia nekez sartzen da eta gorputz ñimiño horretan. Gainera, odolaren osagai batzuk elikagarriagoak dira besteak baino, eta komenigarriagoak, ondorioz; hori dela eta, saguzarrak odola xurgatu ahala, plasma giltzurrunetan bereizi eta kanpora botatzen du pixarekin. Horrela, pisu pixka bat behintzat kentzen du, eta gutxiago kostako zaio etxerako bidaia hegan egitea.

Ikertzaileek irrati-uhinen bitartez jarraitzen diete saguzarren joan-etorriei.
USFWS; Lori Pruitt

Banpiroak ez du gau osoa egiten normalean kanpoan, elikatzeko zoriona izan badu behinik behin, bi orduren buruan bueltan da; buruz behera zintzilika jarri eta digestioa egiten hasten da. Dena den, gauean batera eta bestera ibili ondoren, ez da beti tripa beteta itzultzen. Adituek kalkulatu dutenaren arabera, hogeita bost irteeratik batean baraurik itzultzen da banpiroa; portzentaje hori handiagoa da saguzar gazteetan; eta asko goseak hiltzen da.

Saguzar horiek ezin diote eutsi hiru eguneko baraualdiari, baina, trebeak badira, eta ia gauero elikatzen badira, hogei urte bizitzera irits daitezke.

Ohitura bereziak dituzte saguzar banpiroek, eta horrek aditu askoren jakin-mina piztu du. Zenbat eta hobeto ezagutu, beldur gutxiago izango diegu banpiroei.

7K-n argitaratua.