}

Baratze-saguzarra sarketarik gabe ugaltzen dela frogatu dute

2023/11/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

baratze-saguzarra-sarketarik-gabe-ugaltzen-dela-fr
Baratze-saguzar bat. Arg. Alona Shulenko/CC BY-SA

Eptesicus serotinus edo baratze-saguzarra espezie arrunta da Europan eta Asia erdialdean. Haren ugalketa, ordea, ez da batere arrunta, Current Biology aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera. Izan ere, ikusi dute ez dutela sarketa-bidezko koitorik izaten; horren ordez, kontaktuz kopulatzen dute, hegaztien antzera. Haiek dakitela, era horretako koitoa duen ugaztun bakarra da.

Azaldu dutenez, baratze-saguzarraren zakila oso luzea da; bagina baino zazpi aldiz luzeagoa (saguzarrak burutik gorputzera neurtzen duenaren bosten bat), eta, gainera, bihotz-itxurako zabalpen bat du muturrean, baginaren sarrera baino zazpi aldiz zabalagoa. Horrenbestez, ezinezkoa da sarketaren bidez ugaltzea. Ikertzaileek  ehun bikoteren sexu-jokabidea bideoz jaso dute, eta ohartu dira kontaktuz izaten dutela koitoa: arrak emeari eutsi, zakilaz bulba estaltzen duten mintzak baztertu, eta bulban kokatzen du. Denbora luzez geratzen dira horrela, zakila bulba gainean jarrita (ia ordubete, bataz beste; 12 orduz, kontakturik luzeenean). 

Ikertaileek oraindik ez dute baieztatu kontaktu horren bidez semena baginan barneratzen denik, eta, gainera, ez dituzte beste espezie askoren sexu-organoen morfologia eta koitoak aztertu. Hortaz, ikertzen jarraituko dutela aurreratu dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia