Baraurik egon arren, sugea adi-adi
2007/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Animalia askok dute jan gabe luzaro irauteko gaitasuna. Baraualdi luze horri aurre egiteko, metabolismoa moteltzen dute, gorputzaren tenperatura jaitsi... estrategia bat baino gehiago dago. Bada, sugeek baraualdietan duten estrategia ezagutu nahi izan dute, eta ezusteko bat baino gehiago jaso dute.
Sugeen baraualdia ikertzeko, hainbat kriskitin-suge, pitoi eta arratoi-suge erabili dituzte Arkansas-eko Unibertsitatean. Elikagairik eman gabe eduki dituzte 168 egunez, eta gorputzaren tenperatura ez jaistera behartu dituzte, laborategia 27 ºC-an mantenduta. Egoera horretan, sugeen arnasketari erreparatu diote, eta ikusi dute oxigeno-kontsumoa % 72 txikiagoa dela baraualdian. Hortaz, ikertzaileek uste zuten baino askoz gehiago moteltzen dute metabolismoa sugeek. Bereizten dituen beste aurkikuntza bat ere egin dute. Baraualdian, animaliek eskuarki lipidoa erabiltzen dute energia lortzeko, eta, gorputz-masaren % 10 baino gehiago galduz gero, hiltzeko arriskua dute. Sugeek, ordea, masaren % 5 galdua dutenean, lipidoak erre beharrean proteinak erretzeari ekiten diote, eta horrek bizitzeko aukera handiagoa ematen die, antza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia