}

Barazkietan eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko bi metodo berri

2024/05/28 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

barazkietan-eta-zizareetan-antibiotikoak-detektatz
Barazkien laginetan antibiotiko-kontzentrazio txikiak detektatzeko gai dira garatu berri dituzten bi metodoak. - Arg. Irekia/EJ/Mikel Arrazola/CC-BY

Barazkietan eta zizareetan antibiotiko-kontzentrazio oso baxuak detektatzen dituzten bi analisi-metodo garatu ditu EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Hain zuzen ere, antibiotikoen erabilera orokortuaren ondorioz, ingurumenera iristen dira, hainbat bidetatik. Zizareetara eta laboreetara ere igarotzen direla frogatu da, eta, elikadura-katearen bidez, gizakietara ere irits daitezke. Horrek antibiotikoekiko erresistentzien arazoa larritu dezake. 

Zizareetan eta barazkietan antibiotikoak kontzentrazio txikian egoten direnez, sentikortasun handiko metodoak behar dira haiek detektatzeko. Eta hori da IBeA taldekoek lortu dutena, Irantzu Vergara Luis egiten ari den tesiari esker. Vergarak azaldu duenez, garatu dituen metodoei esker, mikrobioen aurkako medikamentuen gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. 

Metodo horiek aurrerapen garrantzitsuak ekarri dituzte. Izan ere, antibiotiko-familia bakoitzak propietate fisiko-kimiko desberdinak ditu, eta analisi-metodo berak haiek guztiak analizatzeko balio izatea oso garrantzitsua da. Gainera, detekzio-muga nahiko baxuak lortu dituzte. 

Vergarak nabarmendu duenez, beharrezkoa da “diziplina anitzeko ikuspegiarekin ikertzen jarraitzea ildo honetan, arazo honek gizarte guztiari eragingo baitio datozen hamarkadetan”. Hain zuzen, ura tratatzeko instalazioek gaur egun ez dute tratamendu guztiz eraginkorrik farmako-hondakinak erabat ezabatzeko, eta ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira askotan.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia