}

Bardeak, kontradikzioaren erdian

2001/04/29 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ez pentsa Bardeak kontraesanez jositako Euskal Herriko eremu babestu bakarra direnek. Urkiolako natur parkearen mugetan dagoen harrobia, Urdaibai biosferaren erreserban urak garbitzeko araztegirik eza, Urbasan petrolioa eta gasa bilatzeko egin diren prospekzioak... Adibideak ez dira falta!
Landaredia desagertzen, higadurak forma bitxiak sortzen ditu.
Idoia Zabaleta

Baina, tira, azken aldian hitzetik hortzera dabilen gune babestua Bardeak dira; alde batetik, UNESCOk, azkenean, biosferaren erreserba titulua emango diolako eta, bestetik, tiro-eremuaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoelako. Gune paregabe hori ongi ezagutu eta hainbat jenderen ikuspuntua ezagututa, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

Bardeetan sekula egon ez denak ere, gune horrekin hainbat hitz lotzen ditu: Europako basamortua, paisaia ikusgarriak, Nafarroako eremu lehorra, natur parkea, tiro-eremua... Zerrenda luze horri, maiatzetik aitzina, UNESCOk ematen duen biosferaren erreserba titulua gehitu beharko zaio. Eta bertako biztanle asko kontra agertu badira ere, tiro--eremu izaten jarraituko dute. Baina ez dezagun dena nahas eta has gaitezen hasieratik.

Bardeak Nafarroako eta Aragoiko lurrak hartzen dituen 41.850 hektareako gune lehorra dira. Aragoi eta Ebro ibaien artean kokatua, prezipitazio gutxi eta irregularrak egiten ditu bertan. Neguan tenperatura baxuak eta udan oso altuak izaten dira eta haize bortitzek lurrunketa areagotu egiten dute.

Bardeak Bardea Zuriaren eta Beltzaren artean banatzen dira. Bardea Zuriak, erdialdean kokatuak, margaren eta igeltsuaren ondorioz, kolore zurixka dute eta landaredia nahiko urria da. Higadurak lautada eta tontor bitxiez osatutako paisaia ikusgarriak sortu ditu. Bardea Beltzean, berriz, hegoaldean buztin gorria eta kareharria dira nagusi eta landaredia askoz ugariagoa da. Entitate propioa duten beste bi gune Landazuria eta Bardeetako lautada dira.

Bardeetan irudi ikusgarriak aurki daitezke. Honakoa, adibideetako bat baino ez da.

Gizakiaren eragina ere nabaria da, batez ere paisaiari dagokionez, 42.000 ha horietatik % 54 inguru nekazaritzarako erabiltzen baitira. Alejandro Urmeneta natur parkeko biologoak dioenez, "era intentsiboan erabiltzen diren partzelen % 90 baino gehiagotan, zereala urtero erein beharrean bi urtetik behin bakarrik ereiten da eta, beraz, nekazaritza estentsiboa dagoela esan daiteke". Beste erabilera nagusia behi-hazkuntza estentsiboa da. Ondorioz, Bardeetako landarediaren hedapena lurra lantzea zaila den lekuetara mugatu da, patar handietara.

Bertako landare gehienek udaberrian eta udazkenean egiten dituen prezipitazioetara egokitu dute zikloa. Gehienbat erromero -eta ezkai- sailek eta espartzudiek osatzen dute bertako landaredia. Pinudiak bereziki, Bardea Beltza inguratzen duten patarretan daude.

Landaredi horretara egokituta bizi den komunitate zoologikoa ez da oso aberatsa, baina dauden horiek interes natural handikoak dira. Ugaztun ugarienak, untxiak, azeriak eta basurdeak dira. Hegaztiei dagokienez, esaterako, basoiloa, txoriandre pispoleta, hegatxabala, arrano beltza, sai zuria, belatza, mozolo pikarta eta buztantzuri beltza aurki daitezke, guztiak ere, legediak babestutakoak.

Azkenik, azpimarratzekoa da ikuspuntu geologikotik Bardeetako paisaien kalitatea. Nafarroatik iparralderago ezaugarri horietako beste eremurik ez dagoenez, Erdialdeko Europatik so eginda balio handia duen eremua da.

Hain fauna eta flora berezia izanik, erraz ulertzen da habitat berezi hori eta baliabide biologikoa zaintzeko neurriak hartu izana. 1999an natur parke izendapena eta maiatzean UNESCOk ematen duen biosferaren erreserba titulua lortuko ditu lurralde horrek.

Bardeetako gune lehorraren adibide garbia.

Bardeetako 39.263 hektarea natur parke izendatzeko eginkizunak Bardeetako Komunitatearen esku zeuden eta, hain zuzen ere, bera izan zen baliabide naturalen ordenaziorako plana egin eta Nafarroako gobernuari helarazi ziona. Horrela sortu zen, 1999an, Bardeetako Natur Parkea. Izendapen horri esker, Espainiako iparraldeko eta Ebroko erdialdeko haraneko estepen adibide on bat babestu nahi da. Era berean, estepa horietako landaretza babestu nahi da, landare-espezie gehienak Europako sailkapenean lehentasunezkoak baitira. Estepako fauna eta harrapari-populazioak ere babestu nahi dira.

Maiatzean, berriz, UNESCOk balio naturalak eta gizakiaren beharrak eta erabilerak kontuan hartuz ematen duen biosferaren erreserba titulua emango dio. Titulua erabilera jasangarriak dituzten eta beste eremu batzuentzat adibide gisa erabil daitezkeen eremuei ematen zaie.

Gune babestuen kudeatzaileen eginbeharra naturaren kontserbazioa ziurtatzeko neurri egokiak hartzea izaten da, baina, sarritan, batzuentzat gogorregiak eta besteentzat malguegiak izaten dira. Horixe izaten da, hain zuzen ere, kritika gehienen abiapuntua.

Helburuak eta kritikak

Natur parkeko biologoaren hitzetan, gune hori kudeatuz lortu nahi den helburuetako bat "erabilera guztiak aldi berean eta era egokian uztartu ahal izatea da. Hau da nekazaritza, ehiza, arrantza, turismoa, energia eolikoa, eguzki-energia eta 1951n martxan jarri zen tiro-eremua".Bestalde, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran, eta are gehiago orain babeserako figura berriekin, gunearen kudeaketan zein bertan egiten diren jardueretan, naturen kontserbazioa bultzatu nahi da. Besteak beste, Europako nekazaritza-politikaren ildotik, jarduera horrek kontserbazioa gero eta gehiago aintzat hartzea bultzatu nahi da.

Gurelur elkarteko Iñigo Petriren hitzetan, berriz, izendapen berriarekin "Nafarroako biztanleriaren gehiengoaren errebindikazioa aldatu ez, baina berritu egin da, tiro-eremua eta Eguaras ere natur parkearen barruan sartzea nahi baitugu". Nolanahi ere, Petriren ustez, argi eduki behar da militarren arazoak ez dituela gainerako arazoak estaltzea lortu behar. "Abeltzaintzari, ehizari eta biziki handitu den turismoari mugak jarri behar zaizkio, Bardeak behar den moduan zainduko badira".

Bardeak, zeresan handia eman dute eta, dirudienez, oraindik ere, polemika ugariren lekuko izango dira. Guztia nola amaituko den esatea ez da erraza, baina Bardeen historia luzean hurrengo bi hitzorduak ez ahaztu: hilabete honetan, UNESCOk biosferaren erreserba titulua emango dio eta ekainean tiro-eremuaren alokairua amaituko da.

Esku batetik bestera

Nafarroako hego-ekialdean kokatua, Bardeek kudeaketa historiko, juridiko eta administratibo berezia dute, historia luzeak hala nahi izan duelako.

X. mendetik 1512 arte, Bardeak Nafarroako erregeen esku egon ziren. Inguruetako herriek Bardeetako lurrak erabiltzeko, besteak beste, nekazaritzarako, ganadua bazkatzeko, ehizarako eta egurra ateratzeko, erregeari ordaindu egiten zieten.

1512an, Bardeak Gaztelako erregearen eskuetara pasa ziren eta lurraren erabilerak kontzesioen arabera egiten jarraitu zuten.

1705. urtean, erregeek lurraren erabileraren eskubideak inguruetako herriei 12.000 pesotan saldu zizkien eta, orduz geroztik, esklusiboki eta betiko, Bardeak erabiltzea inguruko 19 herriek osatzen duten Bardeetako komunitatea deritzonaren esku dago.
Hainbeste aipatzen den tiro-eremuaren historia, berriz, 1951ko ekainaren 9an, Bardeetako komunitateak Espainiako aireko armadarekin sinatu zuenekoa da. 25 urtez, urtean 20.000 pezetaren truke aire-ko armadak tiro-eremua erabiltzeko eskubidea izango zuen.

Geroztik kontratua behin eta berriz berritu dute, nahiz eta sortzen duen poluzio akustikoa dela eta bertako biztanleak behin baino gehiagotan kontrako jarrera agertu.

1989. urtean Bardeetako 39.263 hektarea natur parke izendatu zituen Nafarroako Gobernuak 2001. urteko maiatzean UNESCOk Bardeei biosfera erreserba titulua emango dio.

2001. urteko ekainean Defentsa Ministerioari tiro-eremua dagoen lurraren alokairua amaituko zaio.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia