}

Barraskilo ezkerra ala eskuina, karramarroarentzat ez da berdina

2006/03/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Calappa flammea espezieko karramarroak itsas barraskiloak jaten ditu, irudiko espezieetakoak besteak beste. Baina ez guztiak: irudiaren ezkerrean dauden horiek baztertu egin behar izaten ditu. Izan ere, maskor horiek ezkerretik eskuinera egiten dute (lebogiroak dira), eta karramarroaren eskuineko besoak (jateko erabiltzen duenak) ezin du bere zeregina bete.

Itxura batera, karramarroak barraskilo lebogiro bati buelta eman besterik ez lioke egin beharko maskorraren irekidura eskuineko aldean jartzeko; baina, dirudienez, beti atzealdetik heltzen dio barraskiloari karramarroak jateko garaian.

Karramarroaren zorionerako, barraskilo gehienen maskorra destrogiroa da, hau da, eskuinetik ezkerrera egiten du.

Kontu honek galdera bat ekarri die biologoei: maskor lebogiroa duten itsas barraskiloek abantaila hori badute, zer dela eta ez dira ugariagoak?