}

Bakterioak edanda, Nobela irabazi

2018/06/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

barry-marshall-bakterioak-edanda-nobela-irabazi
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Petri-plakatik bakterio batzuk hartu eta haragi-
estraktu epelarekin nahastu zituen matraze batean. Matrazea ahora eraman eta, zanga-zanga, trago bakarrean irentsi zuen. Ez zen trago goxoa izan, baina ez zen kexatu.

Hiru egunetara, goranahia sentitzen hasi zen, hatsa kirats egin zitzaion. Bost egunetara, botaka hasi zen, zeharo gaixo sentitzen zen, ahituta. Bazekien antibiotikoa hartuta urdailean zituen bakterio haiek akabatuko zituela, baina egun batzuk gehiago itxarongo zuen. “Desiratzen nengoen ultzera bat izateko; desiratzen nire ikerketa aurrera ateratzeko, ultzera odoltsu bat garatuz”, aitortuko zuen gerora.

Hasiera batean, medikua izatea zen Barry Marshallen desira bakarra. Ona zen gaixoak artatzen, eta beti jakin nahi izaten zuen sintomen arrazoia. Baina, pixkanaka, konturatu zen uste baino zailagoa zela hori: “Mediku-eskolan oso litekeena da ikastea gaixo guztiak diagnostika eta gaixotasun guztiak trata ditzakezula. Baina, mundu errealera ateratzean konturatzen zara zure atetik sartzen diren gaixo gehienen kasuan ez duzula arrastorik ere zer dagoen sintomen atzean”.

1979an Royal Perth Ospitalean (Perth, Australia) barne-mediku sartu zen, kardiologian eta bihotz irekiko kirurgian espezializatzeko asmoz. 1981ean, sei hilabetez gastroenterologia sailean aritzea egokitu zitzaion, formakuntzaren parte. Zer ikerketa-proiektu egin zezakeen galdetu zuenean, nagusiak Robin Warren patologoaren gutun bat erakutsi zion: “Aurkitu dugu hogei gaixok bakterioak dituztela urdailean, non ez luketen egon behar, azido gehiegi baitago. Ba al dago inor gastroenterologian, gaixo hauei zer gertatzen zaien ikertzen lagundu nahi didanik?”. Marshalli zirraragarria iruditu zitzaion.

Gauza jakina zen urdaila esterila zela, azidoegia mikroorganismorik egoteko. Baina Warrenek bakterioak aurkitu zituen urdailetako biopsiatan. Denek forma helikoidala zuten. Eta gastritisa, ultzerak edo urdaileko minbizia zituzten gaixoetan agertzen ziren.

Hori ikertzeko, ehun gaixori urdaileko laginak hartu eta kultiboan bakterio haiek hazten saiatzea erabaki zuten. Lehen 33 laginekin ez zuten ezer lortu. Baina, Pazko-asteko asteartean, kultiboak egiten zituen teknikariak aztoratuta deitu zion Marshalli. Laborategira joan zenean, 34. eta 35. laginen kultiboak erakutsi zizkion. Bete-beteak zeuden.

Orduan jakin zuen Marshallek ze txiripa izan zuten. Aurreko kultibo guztiak, bi egunen buruan bota egiten ziren. Hala egiten zen gainerako kultibo guztiekin, bi egunetan ez bazen ezer hazi, ezer ez zegoela ondorioztatzen zen. Aldi horretan, ordea, kultiboa Ostegun Santuan egin, eta asteartera arte utzi zen. Horrela jakin zuten bakterio haiek denbora gehiago behar dutela.

Horren ondoren, 13 gaixoren laginekin lortu zuten bakterioak haztea. Kasu guztietan bakterio bera eta bakarra agertu zen, gerora Helicobacter pylori deituko ziotena. Eta 13 gaixo horiek urdaileko edo duodenoko ultzerak zituzten. Aurreko biopsia guztiak kontuan hartuta, argi ikusten zen bakterioa agertzen zen guztietan urdaileko hantura, ultzerak edo minbizia zeudela. Gainera, ordurako kasuren batean ikusi zuten antibiotikoarekin tratatuz gero, ultzera sendatu egiten zela. Warren eta Marshall ondorioztatzen hasi ziren H. pylori bakterioa gaitz horien eragilea izan zitekeela.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Pertheko Medikuen Elkargoaren urteko bileran aurkeztu zituen emaitza haiek Marshallek. Kritikak eta erabateko eszeptizismoa baino ez zituen jaso. “Gastroenterologoentzat, mikroorganismo batek ultzera sor zezakeela esatea, Lurra laua zela esatearen parekoa zen”. Australiako Gastroenterologia Elkarteak baztertu egin zuen Marshallek bidalitako artikulua. The Lancet aldizkarian lortu zuten Marshallek eta Warrenek gutun bana argitaratzea, baina ez zien inork kasu handirik egin.

Garai hartan urdaileko eta duodenoko ultzerak estresaren eta bizimodu desegokiaren ondoriotzat hartzen ziren. Egoera horietan urdailak azido gehiegi sortzen zuela jotzen zen, eta horrek sortzen zituela ultzerak. Antiazidoekin tratatzen zen, baina ez zen sendatzea lortzen.

Gaixo batzuk antibiotikoarekin tratatzen hasi zen Marshall, eta emaitza bikainak lortu zituen. Baina argitaratzeko arazo handiak zituen. Ikerketarako finantziaziorik ere nekez lortzen zuten.

Froga sendoagoak behar zituzten. Nolabait frogatu behar zuten bakterio haiek gaixotasuna eragiten zutela. Saguekin, arratoiekin eta txerriekin saiatu ziren, baina ez zuten arrakastarik izan (primateak bakarrik infektatzen ditu H. pylorik). Eta pertsonetan probak egitea debekatua zuten.

Marshallek ezin zuen gehiago: “Jendea ia hiltzen ikusten nuen ultzera odoltsuekin, eta nik banekien behar zuten guztia antibiotikoak zirela. Gaixo bat iristen zen odoletan, antiazidoak hartuz, eta hurrengo egunean ohea hutsik ikusten zenuen. ‘Non dago?’ galdetzen nuen, eta erantzuten zidaten ebakuntza-gelan zegoela, urdaila erauzten”.

1984ko udan, nagusiari mesede bat eskatu zion. “Barry, ez dizut galdetuko zergatik ari naizen hau egiten”, esan zion hark, endoskopia egiten ari zitzaion bitartean. Marshallek urdaila egoera onean zuela baieztatu zuen horrela. Gastritisa zuen gaixo baten bakterioak laborategian hazi eta zein antibiotikorekin hil zezakeen aztertu ondoren, bakterio haiek edan zituen.

Ez zuen sintomarik espero; urte pare batean ultzera bat sortzea espero zuen. Baina berehala gaixotu zen. Hamargarren egunean beste endoskopia bat egin zuen. Dena bakterioz beterik zegoen.

Hurrengo urtean emaitza haiek argitaratu zituen. Eta egunkarietan ere agertu zen. Pixkanaka, hasi ziren Marshallen eta Warrenen emaitzak kontuan hartzen; nahiz eta erabateko onarpena izateko beste hamar bat urte beharko ziren. 2005ean Nobel saria eman zieten, H. pylori aurkitu, eta gastritisa eta ultzerak eragiten dituela frogatzeagatik.

 

Bibliografia

AZAD, M. (2014): “Q&A: Barry Marshall”. Nature

CHARISIUS, H. (2014): “When Scientists Experiment on Themselves: H. pylori and Ulcers”. Scientific American

MARSHALL, B.J.(2006): “Biographical”. The Nobel Prize  

SWAN, N. (2008): “Professor Barry Marshall, gastroenterologist”. Australian Academy of Science

WEINTRAUB, P. (2010): “The Doctor Who Drank Infectious Broth, Gave Himself an Ulcer, and Solved a Medical Mystery”. Discover

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia