}

Basabizitzatik desagertutako espezieak, ahaztuak eta arriskuan

2023/02/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

basabizitzatik-desagertutako-espezieak-ahaztuak-et
Nymphaea thermarum basabitzitzatik desagertua dago 2008tik. Ruandako iturri beroetako endemikoa zen, eta iturri horien ustiapenaren ondorioz desagertu zen. Orain ex situ soilik bizi da. Argazkikoa, Kew Gardensen dago (Erresuma Batua). Arg. John Ewen

Basabizitzatik desagertutako espezieak desagertzeko arrisku handiena dutenen kategorian daude Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Baina espezie horiek ez dira naturan daudenak bezala ebaluatzen, eta ez dira oso kontuan hartzen. Ikertzaile-talde batek ex situ animalia eta landareen datuak berrikusi ditu, eta ondorioztatu dute benetan egoera arriskutsuan daudela. Science aldizkarian argitaratu dute lana.

Basabizitzatik desagertuta dauden 84 espezie aztertu dituzte, 40 animalia eta 44 landare. Zooetan, akuarioetan, lorategietan edo hazi-bankuetan diraute espezie horiek. Eta emaitzek erakutsi dute populazio gehienak oso txikiak direla, txikiegiak, segurtasun demografikoa bermatzeko. Gainera, landareen kasuan, espezie gehienak oso pertsona gutxiren eskuetan daude; gutxiengo bat baino ez dago ongi gordeta hazi-bankuetan. 

Ikertzaileek nabarmendu dute iraungitzea eta berreskuratzea, biak direla posible espezie hauentzat, eta nazioarteko ahalegina eskatu dute, bigarren aukeraren alde egiteko.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia