Basamortuan barrena
2006/06/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Erein gabeko eta landaredia urriko lur-eremuak dira, oro har. Hareazkoak dira gehienbat, baina lur harritsu edo arrokatsua ere nahiko ohikoa da. Halaber, haizeak garraiatutako harea metatzean eratzen diren muinoak, alegia, dunak, oso ohikoak dira basamortuetan.
Haizeak etengabe jotzen du basamortuetan; batzuetan oso bortizki. Haizearen eraginez haitzen aurka jotzen duten hondar-ale txikiek higatzeko gaitasun handia dute. Prozesu eoliko hori faktore garrantzitsua da basamortuetako paisaiaren eraketan.
Bestetik, basamortuetan urteak joan daitezke euririk egin gabe; eta gero, bat-batean, zaparrada itzelak bota. Alegia, euri gutxi egiten du, baina egiten duenean ur asko botatzen du denbora laburrean, eta uholdeak gertatzen dira. Harrigarria da urak zenbat aztarna uzten dituen hain leku idorrean. Arroilak, trokarteak, deltak, meandroak eta abar beste inon baino nabarmenago dira basamortuetan. Ondorioz, higadura oso handia da, batik bat urak eta haizeak eragindakoa.
Basamortuez hitz egitean aipatu beharreko bigarren faktorea, euria bezain garrantzitsua, tenperatura da. Izan ere, maiz basamortuak beroarekin erlazionatzen baditugu ere, basamortu batzuk oso hotzak dira. Dena den, hemen beroez bakarrik arituko gara.
Basamortu adina mota
Basamortuak sailkatzeko hainbat modu daude. Pentsa, ia-ia munduan dauden basamortuak adina. Urtean eremu horietan egiten duen euri-kantitatearen, tenperaturaren, hezetasunaren edo beste hainbat faktoreren arabera sailka daitezke basamortuak. 1953an Peveril Meigs ikertzaile estatubatuarrak Lurreko basamortuko eremuak hiru mailatan sailkatu zituen, eremu horietan egiten zuen euri- kantitatearen arabera. Eremu izugarri lehorrak, lehorrak eta erdi-lehorrak, hain zuzen ere.
Lehenengoetan, 12 hilabetean ez du euri-tanta bakar bat ere ez egiten. Eremu lehorrak urtean 250 mm euri baino gutxiago jasotzen dutenak dira. Eremu erdi-lehorretan, berriz, urtean 250-500 mm euri egiten du. Lehenengo biak benetako basamortuak dira. Azken horiek, aldiz, erdi-basamortuak direla esaten da maiz; estepa izenez ere ezagutzen dira. Ideia bat egiteko, isurialde atlantikoan, urteko batez besteko prezipitazioak 1.200-2.000 mm dira.
Oro har, kokapen geografikoaren eta gailentzen den eguraldiaren arabera sailkatzen dira basamortuak.
Basamortu horien gune gogorrenetan nekez egiten du euririk, gehienez ere zenbait urtetik behin euri-jasaren bat edo beste. Zerua beti urdin dagoenez eta itsasoa urruti, tenperaturak gorabehera handiak izan ditzake. Egunik beroenak leku horietan izaten dira, oro har, baina gauez tenperatura nabarmen jaits daiteke, eta maiz iristen da zeropera.
Beste zenbait basamortu eskualde tropikaletako mendebaldeko kostetan daude. Eskualde horietan ere haize alisioak dira nagusi, eta horien eraginez itsas azaleko ur beroa kostatik urruntzen da, eta hondoko ur hotzak azaleratzen dira. Basamortu horiek aurrekoak baino freskoagoak dira eta laino ugarikoak. Hala ere, itsasoa oso hotza denez, aireari ur-lurrun gutxi pasatzen dio, eta kostako lainoek oso euri gutxi uzten dute lehorrean, haizea kontinentean barneratu ahala idortu egiten baita. Basamortu idorrenetariko bat Txileko Atacama da. Pentsa, han 5, 20 edo 400 urte pasatu daitezke 1 mm euri baino gehiago egin gabe.
Aurreko horiez gain, badaude zenbait basamortu latitude ertainetan, besterik gabe itsasoaren urruntasunaren ondorioz sorturikoak. Gobi izan daiteke adibiderik ezagunena. Horietan gertatzen dira tenperatura-gorabeherarik latzenak urtean zehar. Ipar Amerikaren hego-mendebaldeko Sonora basamortuan edo Txinako Tengger basamortuan, esaterako. Gobiren kasuan, prezipitazioak ez dira hain txikiak, baina gehienbat neguan izaten dira, landareentzat hotzegi denean; udan, lehorte latza izaten da.
Basamortu guztiak ez dira berdinak; ur-kantitatearen eta tenperaturaren aldetik desberdintasun nabarmenak dituzte. Halaber, basamortuetako bizia basamortu-motaren araberakoa da. Basamortu hotz edo izotz-eremu erraldoiak ia bizirik gabekoak dira, esaterako.
Basamortuak ez dira leku hilak
Itxuraz bizirik gabeko eremu amaiezinak diruditen arren, basamortuen ekologiak interes berezia du. Izan ere, horietan inon baino hobeto ikusten da nola egiten zaion aurre bizitzeko beharrezkoa den oinarrizko baliagaiaren gabeziari, ur-eskasiari, alegia.
Basamortuetako bizitza gogorrari aurre egiteko, estrategiaz beteriko bizimodua garatu behar izan dute landare zein animaliek. Ura ahal bezain ongi baliatu eta beroa saihesteko harrigarriak diren makina bat teknika aurki daitezke basamortuetan.
Gainera, fotosintesirako beharrezkoa den karbono dioxidoa xurgatzeko, landare batzuek gauez bakarrik irekitzen dituzte estonbak, ur-galera txikiena denean. Erroak ere idortasunera egokituta dituzte. Euria egiten duenean ahal bezainbat ur xurgatzeko oso hedatuta daude, eta sakonera gutxikoak dira. Egoera horretara egokitu den landare ezagunena kaktusa da.
Idortasunaren aurkako beste estrategia bat erro luze eta sakonak garatzea da. Basamortu hareatsuetan agertzen den kalabazak, adibidez, 40 metro luzeko erroak ditu. Badira estrategia bat baino gehiago konbinatzen dituzten landareak ere. Adibidez, Larrea tridentata izeneko landareak bi eratako erroak ditu, sakonak eta azalekoak, bazter guztietatik ura xurgatzeko.
Landare batzuek idorteari aurre egin baino nahiago dute ihes egin. Lehorte luzeko denboraldietan, euriaren zain, lokartu eta ezkutatu egiten dira. Euri-jasa bakoitzaren ondoren, berriz, hazi eta loratu egiten dira. Aldi horretan, haien eginbehar nagusia haziak barreiatzea da, espezieak iraun dezan.
Eta animaliek?
Idortea basamortuko biztanle ororentzat da gogorra, baina, oro har, animaliek landareek baino arazo gehiago izaten dituzte. Hala ere, landareak ez bezala, animaliak mugitu egin daitezke, eta, noski, hori abantaila handia da.
Animalia handienak, adibidez gameluak eta elefanteak, ur eta itzal bila oasiz oasi eta putzuz putzu ibiltzen dira, baina animalia txikienentzat ezinezkoa da horrela ibiltzea. Horregatik, beroari aurre egiteko, gautar bihurtu dira suge, karraskari eta ugaztun asko. Egunez haitzulo eta gordelekuetan ezkutatzen dira tenperatura gozatu arte. Txoriek, berriz, ezin horrelakorik egin, eta beste teknika bat erabiltzen dute apur bat freskatzeko. Zerura begira jarri, ahoa ireki eta arnasa botatzen dute, eta, ondoren, lurruntzen den ura berreskuratzeko, ur lurrunduaren gainera hegaldatzen dira.
Bestalde, basamortuko animalia askok, berotasun gutxiago absorbatzeko eta harrapariek hain erraz ez atzemateko, substratuaren kolorea hartu dute. Dena dela, badira sai beltza bezalako animalia ilunak ere. Sai horrek gernua erabiltzen du absorbatzen duen berotasuna gutxitzeko. Gernua hankaren gainera egiten du, eta, hala, gorputz osoan barreiatuko den odola hoztea lortzen du.
Animaliek ezin dute landareek bezala ura xurgatu, eta gehienek elikagaietatik lortzen dute; intsektuek landareetatik eta txori eta narrastiek, berriz, intsektuetatik. Hala ere, horrela lortzen duten ura ez da beti aski izaten animalia guztientzat, eta teknika berezi asko garatu dituzte. Adibidez, ugaztun zenbaitek eguna pasatzen duten zulotxoa ahal bezain ongi estaltzen dute, arnasbideetatik botatzen duten hezetasuna mantendu eta organo espezializatuen bidez berreskuratzeko. Narrasti batzuek, giltzurrunetan dituzten hodi berezi batzuei esker, gernuaren uraren parte bat berreskuratu eta, berriz ere, odolera bideratzen dute.
Basamortua eta jendea
Basamortua da, dudarik gabe, bizitzeko ingurunerik gogorrenetarikoa landare, animalia nahiz gizakiontzat. Hala ere, basamortua aspaldi bihurtu zen gizakien bizileku. Afrikako Kalaharin, Australia barruko basamortuan eta Estatu Batuetako mendebaldeko eta hego-mendebaldeko basamortuetan ehiztari eta fruitu-biltzaileak aurki daitezke. Basamortua hain leku idorra izanik, bizitzeko beste lortzen badute ere, arazo nagusia ur-eskasia da, eta etengabe ibiltzen dira ur-putzu batetik bestera joan-etorrian.
Aipatutako herri horiez gain, beharbada irudirik esanguratsuenak Saharako, Arabiako edota Gobiko abeltzain eta merkatari nomadenak dira. Herri horiek (tuaregak, beduinoak eta mongoliarrak) basamortuan batetik bestera mugitzen dira beren abelburuekin, euri urriek eragindako belardien bila. Mugimendu horiei esker, herri horiek merkatari bilakatu dira.
Dena den, horien bizimodua ezingo litzateke moldatu oasietan eta ibai- alboetan bizi diren nekazariekin dituzten harremanik gabe. Nekazari horiek ura agertzen den lekuan kokatzen dira, eta, ureztatze-teknikak erabiliz, gauza dira oinarrizko nekazaritza sortzeko.
Ohiko bizimoduaz gain, gaur egun indar handia hartzen ari da turismoa basamortuetan. Milaka turista joaten dira urtero paraje idor haien xarmaz gozatzeko asmoz. Basamortuetako biztanleek jendearen joan-etorri hori aprobetxatzen dute bizimodua ateratzeko.
Beste edonon bezala, basamortuan ere sumatzen da gizakiaren eragina. Hala, Egipton, Mesopotamian (gaur egungo Irak eta Siria), Pakistanen, Perun, eta zer esanik ez, oasi askotan, ureztatze-teknikak erabiliz, basamortua zena lur emankor bihurtu dute.
Eta, alderantziz, ureztatze-lan eta nekazaritza- nahiz abeltzaintza-teknika desegokien ondorioz, hainbat lur basamortu bilakatu dira zenbait lekutan. Leku interesgarriak dira oso basamortuak, baina, hain justu, Nazio Batuen arabera, horien gehiegizko hedapena da munduan gertatzen ari den hondamendi ekologiko larrienetako bat.