Basamortuetako bizitza harrigarria
2000/12/24 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Basamortu guztien ezaugarria ur-eskasia da. Urtean 250 mm euri baino gutxiago jasotzen duen lursailari deritzogu basamortua, baina idortasuna neurtzeko tenperatura eta aizearen maiztasuna ere kontuan hartu behar dira, horiek baitira lurrunketaren eragileak. Basamortuez mintzatzean aipatu beharreko bigarren faktorea ura bezain garrantzitsua tenperatura da. Izan ere, maiz basamortuak beroarekin erlazionatzen baditugu ere, basamortu batzuk oso hotzak dira.Hemen, basamortu beroak soilik aipatuko ditugu, basamortu hotzetan ez baitago ia-ia bizitzarik. Dena dela, orain arte basamortua ekosistema homogeneotzat eduki badugu ere, gero eta argiago dago, urtetik urtera aldatzen doazen mikroklima asko egon daitezkeela basamortu baten baitan.
Kontinenteen deriba eta mendikateen sorreraren ondorioz, basamortuen kokapena aldatzen joan da. Gaur egungo basamortuak ekuatoretik ipar eta hego alderantz 15º eta 30º inguruko latitudeetan eta Kantzer eta Kaprikornio tropikoen inguruan kokatzen dira (ikus mapa).
Landareen estrategiak
Basamortuetako bizitza gogorrari aurre egiteko landare zein animaliek estrategiaz beteriko bizimodua garatu behar izan dute. Ura ahal bezain ongi baliatu eta beroa saihesteko harrigarriak diren makina bat teknika aurki daitezke basamortuetan.
Basamortuko landareek izugarrizko bero eta idortasunera egokitzeko aldaketa fisiko zein portaerazkoak izan dituzte. Izerditze-eremua murrizteko, fotosintesia hostoek egin beharrean, zurtoin eta adar moldatuek gauzatzen dute. Horrela, landare horiek ez dute inolako eragozpenik hosto-kopurua gutxitu edo arantza bihurtzeko. Azken horiek, fitofagoen aurkako defentsa ere badira. Gainera, fotosintesiarako beharrezkoa den karbono dioxidoa xurgatzeko, landare batzuek estonbak gauez bakarrik, ur-galera txikiena denean, irekitzen dituzte. Erroak ere idortasunera egokituak dituzte. Euria egitean ahal bezain ur-kantitate handiena xurgatzeko oso hedatuak eta sakonera gutxikoak izaten dira. Egoera horretara egokitu den landare ezagunena kaktusa da.
Idortasunaren aurkako beste estrategia bat erro luze eta sakonak garatzea da. Basamortu hareatsuetan agertzen den kalabazak adibidez, 40 metroko luzera duten erroak ditu. Badira estrategia desberdinak konbinatzen dituzten landareak ere. Adibidez, Creosote izeneko landareak bazter guzietatik ura xurgatzeko, bi eratako erroak ditu, sakonak eta azalekoak.
Azkenik, landare batzuek idorteari aurre egin baino nahiago dute ihes egitea. Lehorte luzeko denboraldietan, euriaren zain, lokartu eta ezkutatu egiten dira. Euri-jasa bakoitzaren ondoren, berriz, lastertasun paregabeaz, hazi eta loratu egiten dira. Garai horretan beren eginbehar nagusia, espezieak iraun dezan, haziak barreiatzea da. Idortea berriro nagusitzen den unean, basamortua, berriz ere, lehengo ezkutuko bizimodura itzultzen da.
Animaliek ere, bakoitzak bere teknika
Idortea basamortuko biztanle ororentzat da gogorra baina, animaliek landareek baino arazo gehiago izan ditzakete beroa eguzkiaren erradiazioetatik ez ezik substratutik ere jasotzen baitute. Hala ere, landareak ez bezala, animaliak mugitu egin daitezke eta, noski, hori abantaila handia da. Animalia handienak, adibidez, gamelu, txakal edo elefanteak, ur eta itzal bila oasiz oasi eta putzuz putzu ibiltzen dira, baina animalia txikienentzat ezinezkoa da horrela ibiltzea. Horregatik, soberazko berotasuna gainditzeko, suge, karraskari eta ugaztun asko gautar bihurtu dira. Egunez haitzulo eta gordelekuetan ezkutatzen dira tenperatura gozatu arte. Txoriek, berriz, ezin horrelakorik egin, eta beste teknika bat erabiltzen dute apur bat bederen freskatzeko. Zerurantz begira jarri, ahoa ireki eta arnasa bota ondoren, lurruntzen den ura berreskuratzeko, bizkortasun harrigarriaz, ur lurrunduaren gainera hegaldatzen dira. Ugaztun batzuek, fenekoak adibidez, gorputzaren berotasuna barreiatzeko luzapenak garatu dituzte.
Bestalde, basamortuko animalia askok berotasun gutxiago absorbatzeko eta harrapariek hain erraz ez antzemateko, substratuaren kolorea hartu dute.Dena dela, badira sai beltza bezalako animalia ilunak ere.
Sai horrek gernua erabiltzen du absorbatzen duen berotasuna gutxitzeko. Gernua hankaren gainera egiten du, eta horrela gorputz osoan barreiatuko den odola hoztea lortzen du.
Bakoitzak bere erara lortzen du tenperatura izugarriak baretzea, baina hori ez da nahikoa; ur-eskasiari ere aurre egin behar zaio. Ur-xurgatzaile nagusiak landareak dira, erro egokiak edukitzeaz gain, laino eta ihintzetik ura jasotzeko gaitasuna baitute. Animalia gehienek, berriz, elikagaietatik lortzen dute ura; intsektuek landareetatik eta txori eta narrastiek, berriz, intsektuetatik. Hala ere, horrela lortzen duten ura ez da beti aski izaten animali guztientzat eta teknika berezi asko garatu dituzte. Adibidez, ugaztun zenbaitek eguna pasatzen duen zulotxoa ahal bezain ongi estaltzen du, arnasbideetatik botatzen duen hezetasuna mantendu eta organo espezializatuen bidez berreskuratzeko. Narrasti batzuek giltzurrunetan dituzten hodi mikroskopiko batzuei esker, gernuaren uraren parte bat berreskuratu eta, berriz ere, odolera bideratzen dute. Horrela, narrasti eta txoriek askoz gernu kontzentratuagoa egiten dute, ur-galera gutxituz.
Bizitzarik apenas dagoela diruditen eremu idor zabal horiek benetan konplexuak direla ohartzeko adibide batzuk besterik ez dira. Guretzat ere gero eta larriagoa den ur-eskasiari aurre egiteko, agian, denek eduki dezakegu zer ikasia teknika guzti horietatik
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia