Basamortutzeari stop
2006/06/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Argazkiko landare hori Zarauzko dunan dago. Duela urte batzuk, dunan ez zegoen ez landarerik ez lorerik; harea besterik ez zegoen. Duna leheneratzeko lanek, baina, fruitua eman dute, eta gaur egun berde-berde ageri da. Laidan ere antzeko landareak landatu dituzte, hareari eusteko.
Hain zuzen ere, gauza bera egiten dute aspalditik hareazko basamortuen inguruan bizi direnek, dunei hedatzea galarazteko. Basamortutzeari aurre egiteko neurrietako bat da, beste askoren artean. Eta denen beharra dago.
Horixe gogorarazi digute Nazio Batuek gaurko egunez, Ingurumenaren Egunean. Izan ere, basamortuen eta basamortutzearen urtea izendatu dute 2006a, eta mezu hau zabaldu dute: basamortutzea arriskua da ingurumenarentzat, eta baita gizon-emakumeentzat ere. Horregatik, arazoari aurre egiteko neurriak hartu behar direla uste dute. Nolanahi ere, Zarauzko duna berdatzea baino zailagoa izango da basamortuari hesiak jartzea.