}

Baserri bertikalak

2007/11/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gero eta globalizatuago dagoen gizarte honetan, betiko ereduak desagertzen ari dira. Aldaketak arlo guztietan gertatu dira. Baserriak ere, mendeak iraun duen ekonomia-, gizarte- eta jarduera-mota baten eredu, beste era batekoak dira orain, eta gaur egungo nekazaritzak eta abeltzaintzak ez dute zerikusi handirik iraganekoekin. Are desberdinagoa da, ordea, etorkizunerako Estatu Batuetako ikertzaile batzuek proposatu duten eredua. Hain zuzen, baserri bertikalak egiteko asmoa garatu dute New Yorkeko Columbia Unibertsitatean.
Baserri bertikalak egitea proposatu dute New Yorkeko Columbia Unibertsitateko ikertzaileek.
Vertical Farm Project

Ikertzaileen esanean, baserri bertikalak irtenbide onena dira gizarteak orain, eta, batez ere, etorkizunean izango dituen arazoei aurre egiteko. Izan ere, 2050. urterako, populazioa asko haziko da; aurreikuspen apalenen arabera, gaur baino 3.000 milioi biztanle gehiago izango ditu munduak, eta horietatik % 80 inguru hirietan biziko dira. Oraingo nekazaritza- eta abeltzaintza-metodoekin, beste mila milioi hektarea lur erabili beharko lirateke denentzat janariak ekoizteko, alegia, Brasilek duen azalera baino % 20 gehiago.

Lurrak ezin du halakorik jasan; horrenbestez, irtenbideak pentsatu behar direla uste dute Columbiakoek, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak hogeita hamar solairuko etxe orratzetan egitea proposatu dute.

Berez, barazkiak eta abereak etxe barruan haztea ez da berria; gaur jaten ditugun elikagai asko barruan hazitakoak dira: fruta eta barazkiak negutegietan hazten dira, eta txerriak eta oilaskoak, haztegietan; baita arraina ere. Ikertzaileak hortik abiatu dira, baina sistema hobetu dute, ingurumenari kalterik ez egiteko, baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta hirietan kokatuta egoteko. Baserri bertikala da emaitza, edo, bestela esanda, etxe orratz baten barruko baserria.

Abantaila ugari

Ohiko ereduekin alderatuta, abantaila nabarmenak ditu. Batetik, ez dago garraio-gasturik, hirian kontsumitzen dena hirian bertan ekoizten delako. Bestetik, sistema erabat itxia da: prozesu baten hondarrak besteak elikatzeko erabiltzen dira; hala, ez da hondakinik geratzen. Gainera, faktore guztiak erabat kontrolatuta daudenez, uzta bermatuta dago. Hori gutxi ez eta, ez dago bizkarroirik edo zomorrorik; hortaz, ez dago pestizidarik erabili beharrik. Hau da, baserri bertikalean hazitako elikagaiak organikoak lirateke. Hori guztia, ikertzaileen hitzetan.

Abantaila gehiago ere aipatzen dituzte; adibidez, orain landareak eta abereak hazteko erabiltzen diren lurrak libre geratuko liratekeela. Hartara, lehen soro bihurtzeko soildutako basoak atzera baso bihurtuko lirateke, eta horrek eragin mesedegarria izango luke klima-aldaketan.

Hori guztia lortzeko, prozesu guztiak hartu dituzte kontuan baserriaren diseinuan. Hasteko, ingurumenean duten eraginaren arabera aukeratu dituzte materialak. Eraikinak oinplano zirkularra du, hori baita espazioa eta argitasuna aprobetxatzeko onena, eta horma guztiak beirazkoak dira. Beira hori berezia da, kanpoko argitasunaren eta barruko beharren arabera gardenagoa edo opakuagoa bihurtzen baita. Halaber, aireko poluitzaileak xurgatzeko ahalmena du.

Energia-iturri nagusia, berriz, eguzkia da, eguzki-panelen bidez lortuko baitute behar den energia gehiena. Horrez gain, aerosorgailu txiki bat ere jarri dute teilatuan, eta landare- eta abere- hondakinekin konposta eginez, metanoa sortzeko asmoa dute, erregai moduan erabiltzeko. Abereek askatzen duten metanoa ere bildu egingo litzateke.

Jarduerak moduluetan banatuta daude.
Vertical Farm Project

Bestalde, ekoizpen-mota guztiak modulutan daude banatuta, beharren araberako aldaketak errazago egiteko. Moduluetako bat, agian garrantzitsuena, kontrol-gela da; handik kontrolatzen dira prozesu guztien parametroak. Hain zuzen, baserri bertikalean erabat kontrolatuta daude tenperatura, hezetasuna eta airearen konposizioa, ekoizpen bakoitzak dituen beharretara egokitzeko.

Uraren kudeaketa ere diseinatu dute. Esaterako, landareak hazteko sistema hidroponikoak erabiliko dituzte, eta bai landareekin bai animaliekin (abere eta arrainekin) erabilitako ur guztia arazi eta berrerabiltzeko sistemak erabiliko dituzte. Lurrundutako ura berreskuratzeko sistemak ere baditu eraikinak; hartara, ez da urik galduko. Eta horrela lehengai eta hondakin guztiekin.

Egia esan, baserri bertikalean erabiltzen diren sistema eta material asko dagoeneko asmatuta daude, eta, neurri batean edo bestean, erabiltzen dira nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboetan. Beharbada, dena integratzea, bertikalean jartzea eta hirian kokatzea da Columbiako ikertzaileen ekarpen handiena.

Zenbat baserri bertikal eraiki beharko lirateke, ordea, populazio osoaren elikagai-beharrak asetzeko? Egin dituzten kalkuluen arabera, 50.000 pertsonarentzako adina janari sortzen du horrelako eraikin batek urtebetean. Baina, New Yorken bakarrik, 150 eraikin beharko lirateke. Ikertzaileek helburua 2050ean jarri duten arren, ez dirudi gauzatzeko erraza. Edonola ere, garatu dituzten moduluetako batzuk hasi dira aplikatzen, eta emaitza onak izaten ari omen dira. Behintzat, ikertzaileen lana (eta erabilitako denbora eta dirua) ez da alferrikakoa izan.

Gara-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia