Baserritik hiri bioklimatikora
2004/07/19 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hiri klasikoaren hastapenak
Hiri klasikoaz mintzo garenean, hiri greko eta erromatarraz ari gara. Grekoak dira antzinate klasikoan gehien garatu zirenak. Hiri-mota horrek plano ortogonala zuen: zenbat eta erregularragoa izan, orduan eta antolatuagoa zen. Horrez gain, garai hartako biztanleek hainbat eraikin eta gune publiko zituzten elkartzeko; horietako asko oraindik ere mantentzen ditugu gaur egungo hirietan. Etxe grekoa, bestalde, patio zentral batek antolatzen zuen.
Hiri erromatarra grekoaren jaraunsle zuzena da, baina zenbait ezberdintasunekin. Lau angeluko planoa izan arren, kale guztiak ez ziren berdinak. Izan ere, bi kale besteak baino handiagoak eta zabalagoak ziren, bi kale nagusiak, hain zuzen ere. Bi ibilbide horiek hiria alde batetik bestera gurutzatzen zuten, iparretik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Bestalde, erromatarrak hirigunea bizitzeko gune atsegin eta erakargarri bihurtzen saiatu ziren oinarrizko azpiegiturak antolatuz: agintarientzako, gurtzarako eta entretenimendurako gune publikoak eraiki zituzten. Etxebizitza ere, grekoenekin alderatuz, erosoagoa bihurtu zuten, beren patioetara ura eraman baitzuten putzuak edo igerilekuak eraikiz.
Erdi Aroko hiria
Erdi Aroko hiriak bitan bana daitezke: alde batetik hiri islamiarra eta bestetik kristaua. Hiri islamiarra gizarte barnerakoi eta hierarkizatu batek osatzen zuen, harreman komunitario oso gutxikoak. Hiri horietan, beraz, ez zegoen ez plazarik, ez eraikin publikorik eta ez aisialdiko gunerik. Kaleak estuak izateaz gain, irregularrak ziren eta espazioaren antolamendua ez zen horren planifikatua. Espazioaren segregazio funtzionala oso markatua zen hiri islamiarretan. Hiritar islamiarrak ez ziren kalean bizi, etxea zuten elkartzeko gune.
Haien etxeak lorategidun barne-patio bat izan ohi zuen, eta etxea bi espaziotan banaturik zuten: Slamlik izeneko gune publikoa (hor artatzen zituzten bisitariak) eta haren gune pribatua, familiak jan, lo egin eta deskantsatzen zuen espazioa.
Erdi Aroko hiri kristaua erabat ezberdina zen. Nagusiki, erregulartasun geometrikoagatik eta topografia bakoitzera moldatzeko joeragatik nabarmentzen zen. Baserria gune pobrea zen eta kalea elkarbizitzarako gunea. Gune publiko dezente zituzten. Horien artean garrantzitsuenak udaletxea eta katedrala ziren. Horiez gain, merkatuak ere garrantzi handia zuen. Gune irekietan eta maiz estalietan kokatzen zen, eta toki egokia zen biztanleak elkartzeko.
Modernitatearekin batera...
XIX. mendean, gizartea, ekonomia eta hiriaren kontzeptua erabat aldatu ziren. Hiri berria bi ideia nagusitan oinarritzen zen: hirigunearen inguruan kontsumitzaileak biltzen ziren saltoki-gunean eta lantokien kontzentrazioan.
Mende hartako hiriaren eredu Paris jotzen dute, besteak beste, Haussmann jaunak hiriari egindako erreformei esker. Hirigunea dirua mugitzen zen gunea zen, negozioak egiteko erabiltzen zena, hain zuzen ere. Hirigunearen inguruan gainerako funtzio denak garatzen ziren: administraziotik hasi eta bizilekuetaraino.
Urteak pasatu ahala, hirigunea txiki gelditu eta hiriak handitu egin zituzten barne-erreforma bat eginez. Burgesiari eta zerbitzuguneei auzo bereziak eskaini zizkieten. Bestalde, hiriko ibilbide nagusia handitu eta tren-geltokiraino bideratu zuten, hura baitzen garai hartako hiriaren motor ekonomiko eta sozial garrantzitsuena.
Eraldaketa horien ondorioz, hiriguneko lurra izugarri garestitu zen eta gune marjinalak sortu ziren.
Hiri erraldoiak
XX. mendeko hirien antolamendua ez da gehiegi aldatu XIX. mendekoekin alderatuz gero. Hiri askotako hiriguneak hustu eta biztanleak bizitegi-auzoetara joaten ari dira. Izan ere, azken urteotan ikaragarri areagotu dira hiritik kanpo eraikitzen dituzten auzo-mota horiek. Batzuk eraikin handiz osatuta daude, eta besteak, aldiz, etxebizitza txikiagoz. Berdegune dezente egoten da auzo horietan eta jendea lasaitasun bila joaten da hara.
Hiritik at eraikitzen diren bizitegi-auzo horiek mota askotakoak izan daitezke. Auzo batzuk luxuzko etxeek osatzen dituzte eta beste batzuk xumeagoek dira; horietan bizi da, hain zuzen, langileria.
Auzo horiek beste auzo pobreagoz inguratuta egoten dira, eta horiek mugatzen dute normalen hiri erraldoia. Normalean, dendak, eskolak, parkeak eta beharrezkoak diren azpiegitura guztiak izan ohi dituzte. Azken batean, hiri handi bateko auzoak izan arren, herrixka txikiak osatzen dituzte. Hala ere, auzo horietakoak maiz joan behar izaten dute hirigunera administrazio-kontuetarako eta beste kontu askotarako.
Baserritik hiri bioklimatikora
Zer da hiri edo arkitektura bioklimatikoa? Ingurumenera egokitutako arkitektura da, naturari ahalik eta kalte gutxien egiten saiatzen dena, batik bat kontsumo energetikoa murriztuz. Horretarako, hainbat metodo erabili behar dira: etxea eguteran egin, material jakin batzuk erabili... eta abar.
Arkitektura-mota hori sustatzen dutenek esaten dute etxebizitza bioklimatikoak lurraren morfologiara egokitu behar direla. Horrez gain, tokian tokiko landaretza mantentzen saiatzen dira. Etxearen espazioa eta eguzkia egoki baliatzea ere ezinbestekoa: leiho gehienak hegoaldera begira jarri behar dira, paretek eta zoruak inertzia termiko handia izan behar dute eta iparraldera begira ahalik eta gela gutxien eraiki behar da (ahal izanez gero, garajea, jaki-gordailua...)
Material osasungarriagoak eta biobateragarriak
Etxe bat erostekotan bazabiltza edo eraiki nahi bazenuke, hona hemen arkitektura bioklimatikoaren ezaugarri nagusi batzuk.
Atmosferaren eta etxebizitzaren artean hezetasun-trukeak errazteko material biobateragarriak erabiltzea gomendatzen dute gai horietan jakitun direnek. Etxeak arnasa hartu behar omen du; horretarako, materialek ahalik eta gutxien landuriko eta eraldatutako lehengaiak izan behar dituzte.
Diametro handiko saneamendu-bideak, bestalde, zeramikazkoak izan daitezke eta junturak kautxuzkoak. Diametro txikikoak, berriz, plastiko kloratuzkoak izan ez daitezen saiatu behar da. Material horiekin garraiatzeak egonkorragoak, malguagoak eta iraunkorragoak dira, eta isilagoak.
Pinturen eta isolamenduen munduan murgilduz gero, poro itxikoak, eta plastifikatuak saihesten dituzte. Pinturak, besteak beste, silikatozkoak, urezkoak, linazi-oliozkoak edo argizari naturalezkoak izatea aholkatzen da.
Etxearen egitura egiteko, zementu naturala edo kare hidraulikoa erabiltzen dute. Horrez gain, hiriguneko alde zaharreko etxebizitza zahar bat erosiz gero ere, arkitektura bioklimatikoak baditu bere trikimailutxoak. Adibidez, argi-patioen bidez argitasun naturala bidera genezake eraikin osoa berotzeko.
Baina material eta ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuz gero, arkitektura bioklimatikoko etxebizitza jasangarria ez al da bestelakoa baino garestiagoa? Horretan lanean ari direnek baietz diote, etxe-mota berri horiek eraikitzeko % 5-10 garestiagoak direla, batik bat materialak kalitate handiagokoak direlako. Baina, epe luzera, etxe horiek hobeto isolaturik daudenez, berogailu-kontsumoan eta etxea hotz mantentzen
% 80 aurrezten omen dute.
Hirien eta etxebizitzen egitura fisikoa eta estetikoa izugarri aldatu da urteek aurrera egin ahala. Hazkuntza eta eraldaketa handia izan da denbora gutxian, eta, gaur egun, kaltegarri zaizkigun elementuak desagerrarazten edo nola hala ordezkatzen saiatzen ari gara. Horrez gain, hiriak handitzen jarraitzeko arrazoi nagusia lana dela esan genezake, baina noiz arte iraungo du hiri erraldoietan kontzentratzeko joerak? Azken batean, hirietatik herrixka txikiak sortzen ari dira eta hainbat enpresa anitz urrundu da hiriguneetatik. Akaso berriz ere herrixken egiturara itzuliko da gure gizartea...
Etxebizitza jasangarria abian daSegoviako probintziako Bernuy de Porreros herrian, udalak lur-eremu bat utzi dio eraikuntzako enpresa bati urbanizazio ekologiko bat egiteko. 36 milioi euroko proiektu horrek Espainiako estatuko ingurumen-departamenduaren laguntza jaso du. Pisu eta etxe guztiek torbem izeneko hormak izango dituzte. Horma horiek eguzki-energia biltzen dute egunean zehar, eta gauez askatzen joaten dira; horrez gain, udaran ur beroa panel termikoen bidez lortuko dute; zelula fotovoltaikoek 2-5 kilowat energia elektriko ekoitziko dute. Eraikitzaileek apustu gogorra egin dute ur-kontsumoko sisteman. Ur-mota denak ahalik eta gehien baliatzen saiatu dira. Dutxan eta ontziak garbitzeko erabiltzen den ura komunetako andeletarako berrerabiliko dute. Etxe kanpoko hodietan euriak utzitako ura biltzeko ere, sare berezi bat egituratu dute, gero ur horrekin baratzak eta berdeguneak ureztatzeko. Edozein etxebizitzatan, negua gogorregia izan ez dadin berogailua behar izaten da. Urbanizazio bioklimatiko honetan behar hori gas naturalaren bidez beteko dute, eta etxe guztietarako galdara bakarra egongo da. Azkenik, urbanizazio barnean ezingo da ez autorik eta ez motordun ibilgailurik erabili. |
Deia-ren D2 atalean argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia