Basoak sutan: soluziorik ba ote?
1987/04/01 Tapia, Xipitri Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sute ugariko estaturik bada, Espainia da adibide egokiena. Urtero milaka hektarea erretzen dira eta gainera urtez urte erretako azalera zabalduz doa. Taulan azken hogeitabost urtetako datuak ematen ditugu. Bertatik atera daitezkeen ondorioak kezkagarriak dira benetan.
Zigarro bat gaizki itzalia edo poxpolua edo nekazariek lurra garbitzearren erretzen dituzten sasietatik suteak hasten direla esaten bada ere, %70etan hasieran inork ez daki zer gertatu den.
Beraz, arretaz ibiltzea eskatzen diguten propaganda-kanpainekin batera, ikerlariek beste bide batzuk urratu dituzte.
Ikerketak basoaren autodefentsa indartzera doaz, hau da, sutea gertatutakoan eta gizasemeen partehartzerik gabe suteari aurre egiteko natura gai izatea. Kontrasuak oso ezagunak ditugu gure mendietan eta egoki suertatzen dira zenbait kasutan. Hala ere, ikerlariak konturatu dira sutea bultzaten duen arrazoirik indartsuenetakoa sasi eta horbelak osatzen duten "zikinkeria" denaz. "Zikinkeria" hau urtetan zehar hazi da, zeren eta lehen orain baino abel saldo gehiago bait zegoen eta sasi nahiz belarrak kentzen zituzten. Aldiz, gaurregun saldoen beherakada medio, sasi eta belarrak nagusitu egin dira mendietan eta ondorioz sute-arriskua handiagotu.
Mendi eta basoen garbiketari ihes egiteko, bi bide bultzatu nahi dira. Batetik, abel saldoak ditugu. Hauetan ahuntzak dira "sasi-garbitzaile" nagusienak eta horregatik, ahuntz-taldeak sute-arriskua dagoen zenbait basotara eraman. Era berean, artaldeek belarrak janaz ere laguntzen dute basotako zoluak garbi edukitzen. Abel saldo hauen eragina nahi dena izan dadin, ongi ezagutu behar da esperimentatu nahi den zonaren ekosistema.
Bestetik, sua bera dugu mendien babesle nagusienetakoa. Baina, nola liteke hau?
Harrigarri gerta daiteke suteen aurka sua erabiltzea, baina badirudi sua kontrolpean ematea mesedegarri dela. Zenbait ikerketa-zentrutan bide hau urratu dute zuhaitz-espezie bakoitzaren sukoitasuna neurtuz. Horri esker, badakigu Aleppo pinua suarekiko ahulenetakoa dela, adibidez.
Kontrolpeko suak non, noiz eta nola egin behar diren, zona bakoitzaren ezaugarriek aginduko dute. Argi dago lurra oso lehorra dagoenean eta haize handia egiten duenean ez dagoela kontrolpeko sua egiterik. Beraz, ekintza-mota hauek negu inguruan egiten dira. Nahiz eta orain arte ez esan, kontrolpeko suarekin sasi, horbel eta belar lehorrak ezabatzen dira eta halaber lurra aberastu egiten da.
Laburbilduz, suteak beti gertatuko dira, baina aurretik neurri minimo batzuk hartzen badira, jasan daitezkeen kalteen arriskua asko txikiagotuko da.
Euskal Herrira hurbilduz eta suteen informeak irakurriz, bi ohar aipatu behar dira.
Alde batetik sute gehienak pinua ("pinus insignis" ospetsua) dagoen lekutan gertatu direla. Eta bestetik, zenbait lekutan, Aralarren adibidez, aspaldidanik ez dela suteen berririk eduki. Are gehiago, pagoa dagoen lekutan zail da suten berririk izatea. Beraz, suteen aldetik Euskal Herrian ez litzateke zaila izango zuhaitz-espeziearen aukeraketa; ezta?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia