}

Basoek airea ‘garbitzen’ dute?

2001/05/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ingurugiroaz arduratzen diren hainbat politikarik gizakiek atmosferara isuritako karbono dioxidoa basoek xurgatzen duten itxaropena zuten. Horrela, aireko karbono dioxidoa gutxitzeko, basoak landatzea proposatzen zuten. Irtenbide hori, ordea, ez da uste bezain eraginkorra.

Estatu Batuetako bi ikertzaile-taldek, pinudi batetan egindako azterketen ondoren, politikari horien usteak baikorregiak zirela agerian utzi dute. Ikerketak Nature aldizkarian argitaratu dira eta kontuan hartu beharko dira karbono dioxidoaren isuriek eragindako kalteak kalkulatzean.

Ipar Carolinako Duke Unibertsitateko taldeak Pinus taeda espezieko pinudi bat aztertu du. Pinudia bitan banatu eta alde bateko pinuak karbono dioxidoaren kontzentrazio handipean (% 0,06) eduki zituzten. Ikertzaileen helburua karbono dioxidoaren kontzentrazioa normala (% 0,04) zutenen hazkundearekin alderatzea zen. Izan ere, zuhaitzek, hazten ari direnean, enborrean pilatzen dute karbonoa. Baina karbono dioxidoaren kontzentrazioa handia zen ingurunekoen hazkundea, hiru urtean besteak baino gehiago hazi ondoren, gelditu egin zen.

Nonbait, elikagaiak urritzea izan zen hazkundea mugatu zuena, batez ere, nitrogeno-eskasiak. Gainera, lehorte-garaietan, karbono dioxidoaren kontzentrazio handiaren eragina ez zen hain nabaria.

Gezurra badirudi ere, poluzioa handituz emaitzak hobetu egiten dira esperimentuan, euri azidoak duen nitrogenoari esker, zuhaitzek gehiegizko karbono dioxido hori beregana dezaketelako. Alabaina, kontuan hartu beharreko beste eragile askok hartzen dute parte eta horien eragina ez da neurtu.

Adibidez, zuhaitzek xurgatutako karbono-kantitatearen erdia hostoetan metatzen da. Lurrera erortzean, hostoen karbonoa berriro airera pasatzen den ala lurrak hartzen duen ikusi nahi zuen bigarren ikertzaile-taldeak. Horretarako, Maineko Bowden fakultateko eta Duke Unibertsitateko ikertzaileek pinudi bera aztertu zuten eta, berriro ere, emaitza txarrak jaso zituzten berotze-efektuari dagokionez.

Azterketa horren arabera, karbono dioxidoaren kontzentrazio handia den ingurunean egondako zuhaitzek hosto gehiago bazituzten ere, lurrera erori ondoren, hiru urte pasatu baino lehen atmosferara askatzen zuten karbono dioxidoa.

Ikerketa gehiago egin behar diren arren, berotegi-efektuaren eta klima-aldaketaren arazoen irtenbidea basoetan ikusten zuena oker zegoela argi gelditu da. Baso gehiago edukitzeak ez du gehiago kutsatzeko baimena ematen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia