Basoen galeran nekazaritzak baino eragin handiago du bestelako produktuen nazioarteko merkataritzak
2023/01/23 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ukitu gabeko basoen galtzea, nekazaritzari ez ezik, nekazaritzakoak ez diren produktuen ekoizpenari eta kontsumoari ere zor zaio, hala nola mineralei, metalei eta zurarekin lotutako produktuei. Hain zuzen ere, One Earth aldizkarian argitaratutako lan batean kalkulatu dute ukitu gabeko basoen galeraren % 60, nekazaritzakoak ez diren produktu horien kontsumoari dagokiola.
Ukitu gabeko basoek biodibertsitate handiagoa dute, suteei eta hondamendi naturalei hobeto egiten diete aurre, eta, eraldatutako basoek baino hiru aldiz karbono gehiago gorde dezakete hektareako. Hala ere, abiadura handian ari dira desagertzen, eta, askotan nekazaritzarako lur berriak sortzeari egozten zaio galera hori. Ikerketa honek, ordea, agerian jarri du nazioarteko merkataritzara bideratutako bestelako produktuek ere eragin handia dutela. Ikusi dute, esaterako, baso-galeren heren bat lotuta dagoela Errusiatik, Kanadatik eta eremu tropikaletatik, Txinara, Europara eta Estatu Batuetara egindako esportazioekin. Eta esportazioarekin lotutako baso-galeren % 51 zurarekin eta meatzaritzarekin lotuta dago, eta % 26 energia-erauzketarekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia