Batasunak indarra dakar
2010/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Saguen espermatozoideak ahaideekin elkartzen dira, obulura azkarrago iristeko
Sagu-espezie batzuen espermatozoideak gai dira espermatozoide ahaideak ezagutzeko eta elkarri lotzeko, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Taldean % 50 azkarrago mugitzen direla ere ikusi du ikerketa egin duen Harvard Unibertsitateko taldeak.
Bi sagu-espezierekin egin zituzten azterketak ikertzaileek: Peromyscus polionotus eta P. maniculatus saguekin, hain zuzen. Berez, Estatu Batuetan leku desberdinetan bizi dira bata eta bestea, baina elkar ernal dezakete. Zientzialariek bi espezieetako arren espermak elkartu zituztenean, ikusi zuten espermatozoideen hiru laurden beren espezieko kideekin lotu zirela buruan dituzten kakoen bidez.
Pixka bat urrunago joanda, probatu nahi izan zuten espermatozoideak gai izango ote ziren banakotik banakorako bereizketa egiteko; alegia, espermatozoide horiek sortu zituen banakoaren gainerako espermatozoideak ezagutzeko. Eta ikusi zuten esperimentuetan erabilitako bi espezieetatik batean bakarrik izan zirela horretarako gai espermatozoideak, P. maniculatus espeziean. Izan ere, espezie hori poligamoa da, eta, zientzialarien ustez, elkartuz gero beste banakoen espermatozoideekin lehiatzeko gaitasun handiagoa lortzen dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia