}

Batera hasi ginen hiztunak eta trebeak izaten

2009/05/23 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Gizakiok gara hitz egin dezakegun bizidun bakarrak. Hitz egiteko gai izango ez bagina, hau da, eboluzioan gaitasun hori sortu izan ez balitz, seguru asko ez ginatekeen iritsiko gaur egun dugun gizarte-antolaketa konplexura. Hitzen bidez komunikatzea funtsezkoa zaigu. Horrek egiten gaitu, besteak beste, gizaki.
Txinpantzeek muga handiagoak dituzte oinarrizko tresnak erabiltzeko beharrezkoa den ezagutza eskuratzeko. (Argazkia: Tim Parkinson )

Txinpantzeak, adibidez, guregandik hurbilen dauden animaliak, ez dira gai hitz egiteko. Haiekin egindako ikerketetan ikusi izan da askoz muga handiagoak dituztela oinarrizko tresnak erabiltzeko beharrezkoa den ezagutza eskuratzeko, adibidez, intxaurrak hausteko harri bat erabil daitekeela jakiteko. Zailtasunak dituzte batak besteari irakasteko tresnak nola erabili.

Hizkuntzaren bidez komunikatzen hastearekin batera, gizakiak gero eta tresna konplexuagoak egiten hasi ziren. Hizkuntzari esker, banakoak gai ziren ezagutza hori transmititzeko, eta, hala, gero eta ezagutza konplexuagoak izateko.

Horrela azalduta, badirudi independenteak direla hitz egiteko gaitasuna eta gainerako trebeziak. Azkenaldian arlo horretan egiten ari diren ikerketek, ordea, iradokitzen dute gaitasunen arteko lotura hori baino handiagoa dela. Budapesteko Eötvös Loránd Unibertsitateko bi ikertzailek esaten dute, Nature aldizkarian idatzitako artikulu batean, aldi berean garatu genituela gizaki egiten gaituen adimenaren hainbat ezaugarri.

Dirudienez, aldi berean garatu genituen, besteak beste, hitz egiteko gaitasuna eta tresnak egiteko trebezia.

Adimena, geneetan

Gizakiok adimenari esker garatu ahal izan ditugu ditugun gaitasun guztiak. Aukera ematen digu, besteak beste hitz egiteko, elkarrekin komunikatzeko, tresnak egiteko eta gizarte konplexuetan antolatzeko. Hori dena ikasten joaten gara, hazi eta hezi ahala, baina gure gorputzak, berez, ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu trebezia horiek garatu ahal izateko. Izan ere, adimena, eta adimenari lotutako ezaugarri guztiak, fenomeno naturalak dira, eta eboluzioaren une jakin batean sortu ziren.

Hamar bat urte daramate adituek hitz egiteko gaitasunaren atzean dauden geneak aztertzen. Jakina, ez dago gene bat hitz egiteko gaitasuna ematen diguna, edo tresnak egiteko abilezia ematen diguna. Geneek hainbat funtzio izan dezakete; batzuek proteinak sortzeko informazioa ematen dute, beste batzuek erregulazio-lanak egiten dituzte, hau da, beste gene batzuk martxan jartzea bultzatzen edo saihesten dute eta abar.

Hitzen bidez komunikatzea funtsezkoa zaigu; horrek egiten gaitu, besteak beste, gizaki.

Hitz egiteko gaitasuna proteina bat baino gehiago da. Oso mekanismo konplexua da; pieza asko eta asko dituen puzzle bat, alegia. Adibidez, 2001. urtean deskubritu zen FOXP2 izeneko gene batek izugarrizko eragina zuela hitz egiteko gaitasunean. Hain zuzen, ikusi zuten hitz egiteko zailtasun handia zuen Londresko familia bati gene horrek eragiten ziola ezintasuna.

Genea bera aztertu zutenean, ikusi zuten gene horren funtzioa beste gene batzuk martxan jartzea dela. Gaur egun badakigu FOXP2ak 285 generi eragiten diela. Gainera, zientzialariek ikusi dute animalia, landare eta onddo guzti-guztiek dutela gene hori. Gizakian ez du bakarrik hitz egiteko gaitasunean eragiten; sabelean, bihotzean, biriketan eta beste hainbat gorputz-ataletan ere espresatzen da. Horrek adierazten du genearen betebeharra funtsezkoa dela, eta hitz egiteko gaitasunetik baino askoz harago doala.

Dirudienez, gainera, hainbat ikerketatan ikusi dute hitz egiteko gaitasunean arazoak dituzten pertsonek beste hainbat portaeratan ere arazoak dituztela. Hortaz, litekeena da Nature aldizkarian idatzi duten zientzialariek iradokitzen dutena egia izatea; alegia, hitz egiteko gai egin gintuzten ezaugarri anatomikoek tresnak egiteko trebezia ematea. Eta alderantziz.


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia