}

Bawendi, Brus eta Ekimov, Kimikako Nobel saridunak, puntu kuantikoak garatzeagatik

2023/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bawendi-brus-eta-ekimov-kimikako-nobel-saridunak-p
Moungi G. Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei I. Ekimovek jasoko dute Kimikako 2023ko Nobel Saria. Arg. Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach

Suediako Zientzien Akademiak iragarri duenez,  Moungi G. Bawendik, Louis E. Brusek eta Alexei I. Ekimovek jasoko dute Kimikako 2023ko Nobel Saria, “puntu kuantikoak aurkitu eta sintetizatzeagatik”. 

Erabakia ematean, akademiak nabarmendu du puntu kuantikoak jada aplikazio ugaritan erabiltzen direla: telebistak eta ordenagailuen monitoreak, LED argiak, kirurgiako eta biokimikako tresnetan… Horiek guztiak materiak nanoeskalan dituen ezaugarri kuantikoetan oinarritzen dira; aurten saria jasoko duten ikertzaileak gai izan ziren eskala horretako partikulak sortzeko eta praktikara eramateko.

Hain zuzen, 1980ko hamarkadaren hasieran, Alexei Ekimovek koloreteko kristalak lortu zituen, neurriaren araberako ezaugarri kuantikoekin. Kolorea kobre klorurozko nanopartikulen bidez sortu zuen, eta frogatu zuen partikulen neurriak koloreari eragiten ziola, ezaugarri kuantikoei esker.  

Urte batzuk geroago, Louis Brisek lehen aldiz frogatu zituen neurriaren araberako ezaugarri kuantikoak, fluido batean libre flotatzen zuten partikuletan. 1983an argitaratu zuen bere aurkikuntza, eta substantzia desberdinekin egin zituen probak. Arazo bat zeukan, hala ere: bere metodoaren bidez sortzen ziren partikulen neurria ezin zen aurrez iragarri.

1993an, Moungi Bawendik puntu kuantikoen ekoizpena irauli zuen, partikula ia perfektuak lortzeko metodoa garatu baitzuen. Horren bidez lortutako puntu kuantikoak egokiak ziren aplikazio komertzialetarako. 

Akademiaren esanean, nanomunduaren ezaugarri kuantikoak iragarpen zientifiko bat baino ez ziren. Gaur egun, sarituen lanari esker, gizateriak ezaugarri horietako batzuk erabili ditzake. Produktu komertzialetan ez ezik, diziplina zientifiko askotan ere baliatzen dira, fisika eta kimikatik hasita, medikuntzaraino. Eta etorkizunean aplikazio berriak izango dituztela espero dute; elektronika malgua, sentsore ñimiñoak, eguzki-zelula meheagoak eta komunikazio kuantiko enkriptatua, besteak beste.

Moungi G. Bawendi parisen jaio zen, 1961n, eta AEBn egin du ibilbide zientifikoa. Louis E. Brus Clevelandek jaioa da, 1943an, eta bere herrialdean egin du ibilbidea. Azkenik, Alexei I. Ekimov 1945ean jaio zen orduko Soviet Batasunean. Errusian doktoratu zen, eta AEBn ikertu zuen gero.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia