}

Beagle itsasontzia, ospea garaitik kanpo

2019/11/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zientziaren historiako itsasontzi ospetsu bat aipatzeko eskatzen badidazu, asko pentsatu gabe, Beagle izena esango nizuke. Itsasontzi horretan izan zen Charles Darwin 1831tik bost urtez, munduaren inguruko bira batean. Bidaia horretako behaketak ezinbestekoak izan ziren gerora garatu zuen teorian. Eboluzioa, hautespen naturala…

beagle-itsasontzia-ospea-garaitik-kanpo

Itsasontziaren izen osoa HMS Beagle zen, His Majesty’s Ship Beagle, Ingalaterrako armadako itsasontzi guztiek zutelako HMS hori aurretik. HMS Beagle brigantin bat zen, bi mastako itsasontzi bat, ohikoa XIX. mendearen hasieran. Beagle 27,5 metro luze zen, gutxi gorabehera bost auto lerroan aparkatuta bezalatxu.

Beagle ospetsua da Darwinengatik, baina Darwinena ez zen Beaglen bidaia bakarra izan. Hiru bidaia handi egin zituen: lehenengoa Patagoniara eta Suaren lurraldera, eta gero bi aldiz eman zion munduari bira. Darwin hiru horietatik bigarren bidaian joan zenean Beagle-n. Gero, itsasontzia kostazain bihurtu zuten, Ingalaterrako Essex konterriko kontrabandoa kontrolatzeko ahaleginean parte hartzeko. Azkenik, 1870ean, desmuntatu egin zuten. 1820an uretaratu zuten lehen aldiz, eta 1870ean desmuntatu. Beraz, 50 urteko bizitza izan zuen. Eta gero, desagerrarazi egin zuten. Berez, ez zen garrantzi handiko itsasontzi bat; nik dakidala Beagle-en argazki bat bera ere ez dago.

Kontua da orain itsasontzia ospetsua dela, eta Ingalaterran ondare kultural hori zaintzearen aldekoak direnez, Beagle-n aztarnak non dauden ikertzen aritu direla.

Badakite Essexeko estuario batean desmuntatu zutela, eta Wessex Archaeology konpainiako ikertzaileek drone bat erabili dute Beagle non desmuntatu zuten zehazki topatzeko. Eta, ustez, topatu dute. Ez daude ziur baina ustez bai.

Azkenik, aipatu nahiko nuke Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko Beaglen kopia bat egin nahi izan zutela Ingalaterran, eta erreplika horrekin Beaglen bigarren bidaia errepikatu nahi zutela eskifaia zientzialari gazteak izanda. Baina dirurik ez zegoen, eta proiektua bertan behera geratu zen.

Beagle itsasontzia, zientziaren historian sekulako garrantzia izan duen itsasontzia galduta dago. Baina hala ere, aukera dago haren ondarea ezagutzeko: Darwinen ikerketen bidez eta bestelako erregistroetatik. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia