Begira, begira, eskurik gabe!
2002/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehendik ere badaude, ezinduentzako edo eskuak beste zereginetarako behar dituztenentzako, teklatuaren eginkizuna betetzen duten tresna bereziak. Horietako batzuk begien mugimenduan oinarritzen dira; kamera baten bidez, begien mugimendua jasotzen dute, eta programa informatikoak aurrean dagoen hiztegitik bistaz aukeratutako letra pantailan azalarazten du. Baina horrela idaztea oso motela eta nekosoa da, eta ez da inolaz ere lortzen teklatuarekin hartzen den abiadurarekin idaztea.
Orain, berriz, Britainia Handiko Cambridge Unibertsitateko ikertzaileek sistema azkartzeko era asmatu dute. Haiek ere begien mugimenduan oinarritzen dira idatzi nahi diren letrak aukeratzeko, baina berria da hurrengo letra zein izan daitekeen asmatzen duela. Hain zuzen ere, idatzi nahi denari aurre hartzeko prestatu dute softwarea. Horrela, idazteko era horretan trebatutako edozeinek teklatu arruntarekin bezain azkar eta eroso idaztea lor dezake.
Probabilitate-kalkuloa
Sistemak Dasher du izena, eta letra baten ondorengoa zein izango den aurreikusteko gaitasuna du. Horretarako, aurrekoaren atzetik joateko letra bakoitzak duen probabilitatea kalkulatzen du. Hasieran aukeratutako letra pantailaren ezkerraldean azaltzen da, eta eskuinaldean, berriz, alfabeto osoa dago. Baina hurrengoa izateko probabilitate handiena duten letrak besteak baino nabarmenago azaltzen dira, eta, beraz, errazago aukeratzen dira. Izan ere, letra probableenek gainontzekoek baino toki gehiago hartzen dute, eta oso erraz ikusten dira. Begirada bigarren tokirako aukeratu den letrara zuzentzen den heinean, are eta toki gehiago hartzen du letra horrek, eta besteak ezkutatzen ditu.
Oso sistema intuitiboa da, hurrengo letra aukeratu orduko jarraian datozenak eta hitz osoa, baita esaldi osoa ere, zein izan daitekeen kalkulatzen hasten baita. Berehala azaltzen dira horiek nabarmenduta, gainontzekoak baino leku gehiago hartuz pantailaren eskuinaldean, eta ezkerraldera pasatzeko prest. Horri esker, letraz letra idatzi beharrean, ia konturatu gabe osatzen dira esaldiak. Adibidez, erabiltzaileak aukeratu duen lehenengo letra ‘k’ bada, eta, horren ondoren nabarmenago azaldu diren bokalen artean, ‘a’ eta gero ‘i’ letrei zuzendu badie begirada, prest egongo dira, esate baterako, ‘kaia’ eta ‘kaixo‘ hitzak, eta beste letra-konbinazioek baino toki gehiago hartuko dute pantailan.
Horretaz gain, Dasherrek erabiltzailearen zaletasunak eta lehentasunak zein diren ikasteko ahalmena du. Izan ere, maiztasun handienarekin idazten dituen hitzak zein diren kontuan hartu eta beste guztiak baino lehenago nabarmentzen ditu.
Hizkuntzak aukeran
Softwareak hainbat hizkuntzaren artean hautatzeko aukera ematen du, eta hizkuntza horien idazteko arauak kontuan hartzen ditu. Adibidez, gaztelania aukeratzen bada, ‘q’ letraren ondoren ‘u’ azaltzen da berehala. Esan beharra dago oraingoz ez dutela euskara kontuan hartu, eta, seguruenik, puska batean ez da gure hizkuntzara egokitutako programa kaleratuko. Aldiz, ingeleseko, alemaneko, finlandierako, suedierako, danierako eta norvegierako hiztegiak dituzten programak eginak daude, eta prestatzen ari dira txinerakoa eta japonierakoa ere.
Bai txinerak bai japonierak ehunka karaktere dituzte, eta, beraz, ez daude hizkuntza horietan idazteko aukera ematen duten teklatu asko. Dasherrek, ordea, ez du mugarik karaktere-kopuruan, eta, karaktere-segida arruntena nabarmentzen duenez, guztiz egokia izan daiteke hizkuntza horietan idazteko. Orain Japoniako hiragana idazkerarako bereziki prestatutako prototipoa probatzen ari dira.
Egileen esanean, begien mugimendua jarraituz idazten duten orain arteko softwareekin minutuko 15 hitz idatz daitezke gehienez, eta kontu handia eduki behar da nahi ez diren letrak ez aukeratzeko eta akatsak saihesteko. Dasherrekin, berriz, erabiltzailea erraz iristen da minutuko 25 hitz idaztera.
Argi dago software hori oso egokia dela eskuekin idazteko ezinduta dauden pertsonentzat, baina aproposa da ordenagailu eramangarrientzat eta eskuko ordenagailu txikientzat ere, horiek ez baitute teklaturik.
Probatu nahi izanez gero, hurrengo hau da helbidea:
http://www.inference.phy.cam.ac.uk/dasher/Download.html
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia