“Beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea”
2023/03/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Matematikek ospe txarra dute: zailak direla, abstraktuak direla, ez dutela ezertarako balio… Horrelako usteak oso zabalduta daude gizartean. Amaia Iparragirre Letamendia matematikaria da, eta ez du arrastorik ere nondik datorren ospe txar hori, "Ume-umetatik gustatu izan zaizkit", adierazi du. Eta ez daki zergatik izango duten ospe txarra; agian, abstraktuak direlako izan daitekeela uste du. Nabarmendu duenez, ordea, nahiz eta modu abstraktuan landu, lotura zuzena dute eguneroko bizimoduarekin eta ingurunearekin. Gainera, beti moldatu izan da ondo matematiketan. "Ama ere matematika-irakaslea zen; hortaz, etxetik ere jaso dut zaletasun hori, eta ez dut sekula sentitu matematikak ez zirela niretzat egokiak edo ez zitzaizkidala gustatu behar. Oso naturala izan da niretzat".
Orain, doktore-tesia egiten ari da, estatistikan; zehazki, eredu aurresaleen garapenean eta balidazioan, diseinu konplexuko laginketetan oinarritutako inkestetatik datozen datuekin. Azaldu duenez, eredu aurresaleak asko erabiltzen dira gaur egun. Helburua da, dauden datuetan oinarrituta, etorkizuna aurreikustea. "Nire tesiaren berezitasuna da datu-mota jakin bati doitu nahi zaizkiela mota honetako ereduak. Datu-mota hori ohikoa izan da estatistikan, baina, orain arte, ez zaizkio eredu aurresaleak doitu. Hortaz, nire helburua bi arlo horiek lotzea da".
Eredu horiek aplikazio zuzena dutela baieztatu du; hain zuzen, tesia abiatu zuenean, egiazko arazo batetik abiatu zen. Adibideak ere eman ditu: "Esaterako, pandemian ikaragarri erabili dira, eta, orokorrean, medikuntzan asko erabiltzen dira. Adibidez, orain ditugun datuetan oinarrituta, agian interesatzen zaigu jakitea zenbat ohe izango ditugun libre datorren astean, edo datorren hilean. Horretarako, eredu aurresaleak beharko genituzke".
Emakume erreferenteen garrantzia
Horrelako garapenak gizarte osoarentzat dira interesgarriak, baina matematikak ikasteko interesean bilakaera bat egon da: duela urte batzuk arte, matematika-graduan emakumeak gehiengoa ziren; azken urteotan, ordea, gizonak gailentzen ari dira. Iparragirre aldaketa horren lekuko izan da: "Matematika ikasi nuen garaian, emakume gehiago ginen, eta ordutik ez da denbora asko igaro, baina gizon gehiago daude gaur egun. Ez dakit zergatik izan daitekeen, baina uste dut gizonen gorakada bat datorrela matematikek gizartean hartzen ari diren izenarekin. Agian, zenbat eta ospe handiagoa izan matematikek eta zenbat eta gehiago lotu enpresa-munduari, orduan eta gizon gehiagok ikasten dituzte matematikak".
Horrek ondorioak izan ditzakeela iruditzen zaio. "Adibidez, ikertzen diren gaietan aldaketak ekar ditzake. Kalterako, noski, justu gizartean gure helburua beste bat baita. Nolabaiteko genero-berdintasuna lortzea nahi dugu, eta hemen badirudi kontrakoa ikusten ari garela". Hori aldatzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaio erreferenteak izatea: "Ez dakit horrekin nahikoa izango den, baina nik erreferente emakumezko asko izan ditut bai matematikak ikastean, bai ikertzean, nire bi tesi-zuzendariak emakumeak dira, eta, estatuan, beste matematikariekin elkartzen garenean ere, asko emakumeak dira. Eta emakume hauek guztiak niretzat erreferenteak dira, eta beharrezkoa sentitzen dut emakume erreferenteak izatea. Hortaz, uste dut gizartearentzat ere garrantzitsua dela ahotsa ematea horrelako profilei".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia