}

Behi eroak esandakoak baino gehiago ziren

2002/10/09 Elhuyar Zientzia

Londresko Imperial College-ko zientzialariek azaldu dutenaren arabera, Britainia Handian egon zen behi eroen epidemia orduan esan zena baino bi aldiz handiagoa izan zen.

Behi eroen gaitza hasi zenetik 2 milioi gaixotu zirela adierazi dute adituek. Kopuru berria kalkulatzeko, 1999 eta 2000 urteetan hildako 14.000 abelbururi azterketa biokimikoak egin dizkiete, eta lortutako datuak garai hartan Britainia Handian zegoen abelburu-kopuruarekin konparatu dituzte.

Aurreko urteetan publikatutako datuetan, gaitza garatu eta sintoma argiak zituzten behiak bakarrik hartu ziren kontuan. Baina behi eroen gaitza oso poliki garatzen denez, litekeena da gaixo zegoen behi bat baino gehiago detektatu gabe geratzea. Horri, gainera, abeltzainek eta albaitariek ezkutatutako kasu guztiak gehitu behar zaizkio.

Hala ere, adituen arabera, behi gaixoen kopurua aitortutakoaren bikoitza izateak ez du esan nahi gizakietan ere antzekorik gertatuko denik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia