}

Behien korrokadak, berotze globalaren errudun

2005/04/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lurra berotzen ari da. Klima aldatzen ari da eta, ondorioz, glaziarrak urtzen, ekosistemak aldatzen, poloak berdetzen eta beste hainbat fenomeno gertatzen ari dira. Itxuraz, guztiaren errudunak atmosferara askatzen ditugun gasak dira. Horiek berotegi-efektua eragiten dute, hau da, Eguzkiak eragindako beroari ez diote alde egiten uzten. Horregatik, denak oso kezkatuta daude eta gas-emisioak gutxitzeko saioak egiten ari dira. Adibideetako bat Kyotoko Protokoloa da. Bide batez: protokolo horrek behiak aipatzen ditu? Izan ere, behiak kontuan hartzeko modukoak dira.
Behiek sortzen duten metanoa batez ere korrokaden bidez kanporatzen dute

AEBetako Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, behiek airera askatzen duten metanoa batez ere korrokaden bidez botatzen dute. Orain arte uste zuten gehiena gorotzekin batera ateratzen zela, baina, antza denez, gorotzekin % 40 besterik ez da ateratzen; gainerakoa korrokadetan askatzen dute.

Emaitza horiek oso interesgarriak dira badagoelako portzentaia horietan eragitea janaria aldatuta. Eta horrek ondorioak izan ditzake klima-aldaketan edo berotze globalean. Hain zuzen ere, metanoa da berotegi-efektuan gehien eragiten duen gasetako bat. Zientzialarien ustez, berotze-efektuaren % 15 metanoaren erruz da. Eta behiek jaten duten masaren % 5-10 metano bihurtzen da.

Gainerako hausnarkariek ere metano asko askatzen dute atmosferara. Haien digestio-sisteman gertatzen diren erreakzioen ondorioz sortzen da metanoa, eta, arnastean karbono dioxidoa askatzen dugun bezala, haiek metano ugari bota behar izaten dute.

Metano-iturri ugari

Nolanahi ere, ez da hori atmosferako metanoaren iturri bakarra. Erreakzio anaerobikoetan sortzen da batez ere metanoa, hau da, oxigenorik gabe gertatzen diren erreakzioetan, eta bakterio askok erreakzio horien bidez lortzen dute bizitzeko behar duten energia. Beraz, bakterioak metano-ekoizle apartak dira. Kalkuluen arabera, mikroorganismoek 400 milioi tona metano sortzen dituzte urtean.

Behiak ez dira metano-sortzaile bakarrak.

Zingiretan eta usteldutako materia dagoen lekuetan ere metano asko sortzen da, eta nekazaritzako jarduera batzuetan ere bai. Alderdi horretatik, nabarmentzekoak dira arroz-soroak, izugarrizko metano-piloa sortzen baita horietan. Orain beste era batera ere landatzen da arroza, eta soro lehorrek ez dute hainbeste metano sortzen, baina, arroz-soro hezeak metano-sortzaile handiak dira.

Bestalde, metano asko askatzen da konbustio-prozesuetan. Metanoaren % 15 egurra erretzean eta zabortegietan sortzen dela kalkulatzen dute. Zenbaitetan, istripuz edo berez gertatzen diren suteen ondorioz erretzen da basoetan egurra; beste batzuetan, ordea, gizakiak nahita pizten ditu suteak, nekazaritzarako lurrak izateko. Beraz, metanoa sorrarazten duten konbustio-prozesuak naturalak zein gizakiak eragindakoak izan daitezke.

Erregai fosilak dauden tokietan ere metano asko sortzen da, bai berez, era naturalean, bai gizakiak erregai horiek baliatzeko egiten dituen prozesuetan ere. Bestalde, kontuan hartu behar da biogasaren osagai nagusia metanoa dela; hau da, energia-iturri garrantzitsua da.

Kyotoko protokoloa

Negutegi-efektuaren % 15aren errua du metanoak

Ez dakit inoiz erabili ahalko diren behien korrokadetan askatutako gasak etxeak berotzeko. Oraingoz, Lurra berotzen laguntzen dute, berotegi-efektuan duten eraginagatik. Kontuak kontu, Kalifornian egin duten ikerketaren ondorio bakarra ez da metanoa batez ere korrokadetan askatzen dela, ez; beste zerbait ere argitu dute. Dirudienez, behiek askatzen duten metano-kantitatea ez da lehen uste zen adinakoa.

Kalifornian bertan 1938an egin zuten ikerketa batean, behi bakoitzak urtean 5,8 kg gas askatzen dituela kalkulatu zuten. Orain, berriz, gutxi gorabehera erdia dela ikusi dute; zehazki, 2,8 kg. Behiek sortutako gasen osagai nagusia metanoa da, baina tartean amonioa eta beste batzuk ere badaude.

Ikerketa egiteko, bi ganberatan sartu dituzte behiak, gasek ez zezaten kanpora alde egin, eta kameren bidez behiak zertan ari ziren grabatu dute. Horri esker jakin ahal izan dute noiz kanporatzen dituzten gasak: jaten ari direnean, hausnarrean edo kaka egitean. Beraz, argi dago ikerketa sakona egin dutela.

Dirudienez, behiek ez dute sortzen lehen uste zen adina metano

Hala eta guztiz ere, ikerketa gehiago egin beharko dira jakiteko ea Kaliforniako behien metano-produkzioa estandarra den; alegia, Euskal Herriko zein Indiako behiek sortzen duten metano-kantitatea Kaliforniakoek sortzen dutenaren parekoa den ala ez jakin beharko da. Bestetik, horretan eragitea merezi ote duen aztertu behar lukete zientzialariek. Izan ere, Kyotoko Protokoloan gramo bat metano eta 21 gramo dioxido karbono baliokide dira emisioen salerosketa-merkatuan. Hortik atera kontuak!

Marteko behiak

Lurreko atmosferako metanoak zeresana ematen badu, zer esanik ez Martekoak! Marteko atmosferan metanoa dagoela baieztatu dutenetik, NASA eta ESAkoak poz-pozik daude. Orain, bizidunak daudela sinesteko ebidentzia bat gehiago dute. Lehendik ere, itxaropena pizteko moduko aztarnak aurkitu dituzte, batez ere ura egoteko aukerarekin lotuta. Metanoak, berriz, mikroorganismoak egon daitezkeela pentsatzera eraman ditu. Bestela, nondik dator metano hori? Bakterioez eta behiez gain badaude bestelako aukerak, noski, baina hain da polita imajinatzea behiak Marteko basamortuetan...

7K-n argitaratua.