Belakietan? Ez, barrurago!
2003/03/10 Elhuyar Zientzia
Gizakion gaitzak sendatzeko botika berrien bila, farmazia-konpainiek urteak daramatzate itsasoko biztanleei segika. Ikerketa asko eta asko belakiekin egiten dituzte, animalia horiek hainbat gaixotasunen kontra baliagarriak izan daitezkeen substantziak ekoizten baitituzte. Edo hala uste zuten, behintzat. Izan ere, Itsas Bioteknologiaren Elkarte Europarraren bileran jakin denez, belakietan bizi diren mikroorganismoek, eta ez belakiek, sortzen dituzte gai interesgarriak. Iragarpen horrek, harrigarria dirudien arren, ustekabean harrapatu ditu hainbat ikertzaile.
Ondorioz, laborategian belakiak hazi ordez, mikroorganismoetan arreta handiagoa jartzeko eskatu dute. Hori ez da berri txarra, gai kimikoen gutxieneko kantitateak belakietatik erauzi eta merkaturatzeko milaka tona belaki eskuratu behar baita, eta belakiak ez baitaude garai onenean. Dena dela, orain mikroorganismo interesgarrienak zeintzuk diren zehaztu beharko da eta laborategian hazteko modukoak diren ikusi, belakiekin batera bizi direnen % 1ek baino ez baitu baldintza hori betetzen. Bide luzea dute aurrean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia