Belar-pozoiak, toxoplasmosiari aurre egiteko
2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Toxoplasmosia eragiten duen protozooak landareen ezaugarri bat duela ikusi dute zientzialariek. Protozoo hori animalietan bizi da bizkarroi moduan, eta, ostalariarekin dituen antzekotasunengatik, hura suntsitzeko erabiltzen diren farmakoek animaliaren zelulak ere hiltzen dituzte. Baina toxoplasmosiaren protozooak landarearen ezaugarri bat duenez, landareak suntsitzeko belar-pozoiak erabil daitezke hura hil eta animaliaren zelulei kalterik ez egiteko.
Toxoplasmosia eragiten duen protozooak eta landareek ugaldu eta zabaltzeko komunikazio-sistema berdina erabiltzen dute. Zehazki, jarduera- eta letargia-garaiak kontrolatzeko hormona berdina erabiltzen dutela jakin dute zientzialariek: azido abszisikoa. Hain zuzen ere, belar-pozoiek hormona horren ekoizpena galarazten dute. Toxoplasmosiaren protozooari belar-pozoiekin eraso egitean, letargia-garaian sartzen dela ikusi dute, animalia-zelulei kalterik egin gabe. Letargia horrek protozooen arteko komunikazioa galarazten du, eta horien ugalketa eteten du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia